blogak

Baloreak baloratzen

AZAROAK 25: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorezale,

Hemen gaude berriro ere ospatu nahi ez dugun egun batekin. Iaztik jarraitzen bagaituzu, orain dela 36 urte egun hau aldarrikapen honen egun ofizialtzat ezarri zela jakingo duzu. Bai horixe, 1981. urtean ezarri zuten munduari 1960. urtean Miraval aizpeei gertatutakoa gogorarazteko. 

Aurten ez zaitugu gogaitu nahi hainbat datuekin, horregatik, jarraian bideo batzuk aurkeztuko dizkizugu, lehenengoa Suedian grabatutako gizarte esperimentua da, gaurko gaiarekin zerikusi zuzena duena:



Zelan da posible inork ez sartzea egoera hori gelditzeko? Zergatik uste duzu horrela jokatzen duela jendeak? Ziur erantzunen artean “beldurra” hitza ahoskatu dela. Zeren beldur dira? Zelan geldituko ziren pertsona horiek pentsatzean ez dutela ezer egin laguntzeko? Horrelako egoerak salatu eta gelditu behar dira, beldur barik!

Baina, non ote dago arazoaren funtsa? Batzuen ustez emakumeen arazoa baino ez da, ezta inola ere! Hau gizartearen arazoa da eta, hortaz, emakume zein gizon sartuta gaude. Zorionez, gero eta inplikazio gehiago dago gizonengandik, baina gehiago behar da eta, gure ikuspuntutik, funtsezkoa da ere bai txikitatik berdintasunaren bidean heztea. Ikusi hurrengo bideoa eta hobeto ulertuko duzulakoan gaude:





Txiki-txikitatik, berdintasunean hezituak izaten bagara eskoletan zein etxean, arazo asko saihestuko ditugu etorkizunean.

Hurrengo bideoa motz-motza da eta indarkeria jasaten duten biktimei laguntasuna erakutsi nahi die:





Denok zu… Bai horixe!! Hori da Goa!zenen lagunen azken bideoklipa, gaurko kapituluan aurkeztuko dutena. Pasa den ostiralean making-off-a luzatu ziguten kapituluaren amaieran. Haiek ere aldarrikatu nahi dute: ez beti da ez, indarkeria sexistarik ez! Entzun zelako mezua eman nahi diguten:




Denok zu, mutila ala neska berdin du… Munduan zehar libre izan… 

Zelako gogoeta politak kantu honetakoak. Ea itxaropen kantua bihurtzen den eta belaunaldi gazteak hasten diren arazoaz jabetzen eta aurre egiten. Horixe espero dugu! Ea urte batzuk barru ez dagoen egun honetan aldarrikatzerik… Denon esku dago eta ez dago aitzakiarik!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07