blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ZAHAR HITZ, ZUHUR HITZ

Zuhaitzik zaharrenek ematen dizkigute fruiturik onenak (Alemanen esana omen da). Oroipena itxaropena baino handiagoa denean hasten da zahartzaroa. (Hinduen atsotitza). Andrea nahiz gizona ez da azala zimurtzen zaionean zahartzen, ametsak eta itxaropenak zimurtzen zaizkionean baizik. (Kaleko grafitia). Bere egitekoa kunplitua dagoela uste duena da zaharra; hots, xederik gabe jaiki eta federik gabe lotaratzen dena. (Autore ezezaguna). Baldin nahi baduzu denbora askoan zahar izan, egin zaite zahar agudo. (Zizeron).

“Egundo ez naiz honen gazte sentitu” esaten hasten garenean, hain xuxen ordutixe existitzen da zahartzaroa. (J. Renard). Zaharra, l(d?)anerako txarra. (Euskal esaera). Ezer egiteko zaharregia naizela aipatzen didatenean, berehala huraxe egiten saiatzen naiz. (P. Picasso). Inor ere ez da zaharra, amets egin beharrean kexatzen hasten den arte. (J. Barrymore). Zahartzaroak heredatu duguna digu kentzen; eta, merezi duguna, ematen. (G. Brenan).

Aholku onak ematea txit atsegin izan ohi dute atsoek eta agureek; zertarako?, eredu txarrik eman ezin dutelarik, beren burua kontsolatzeko. (F. Rochefoucauld). Atso-agureek ez dute uste onik izaten gazteez; zergatik?, eta gazte izanak direlako. (W. Shakespeare). Aitona-amonen ahotan, on guztia lehen izan zen, gaizto guztia orain da. (B. Gracián). Inortxo ere ez da hain xaharra, urte bat gehiago behintzat bizi ahal izateko; ezta hain gazte ere, gaur bertan ez hil ahal izateko. (F. de Rojas).

«Badakigu utzi behar ditugula ohitura gaxtoak aitzinetik. Eta zuk, gazte zinenean, erraiten zenuen etzela orduan lekurik; baina zahartzean, guztiak, falta gabe, utziko zenituela. Bada, orain zahartu zara; eta lehen bezain gaixto eta gaixtoago zara. Zer egin-gogo duzu?, zeren begira zaude?, zahartzearen…!? Han zara. Epearen? Kunplitu da. Kunpli ezazu, bada, zuk ere zeure hitza eta promesa, zahartzarorako eman zenduena». (P. Axular). Zaharraren sistema, seta eta tema. (Euskal esaera). Zahartzaroak edozeinentzat zer dakarren ezagun du: lehengo bigunak gogortu eta, lehengo gogorrak bigundu. (Neurea).

Lau gauza zahar badira on: lagun-zaharra, hizketan aritzeko; egur zaharra, berotzeko; ardo zaharra, edateko; eta liburu zaharra, irakurtzeko. (E. A. Faguet). Norbera zahartzen denean, zaleago egon ohi da, irakurtzeko baino, berrirakurtzeko. (P. Baroja). Bi urte behar dira hitz egiten ikasteko; hirurogei, isiltzen ikasteko. (E. Hemingway). Bizitzako lehen berrogei urteek “testua” ematen digute; hurrengo hogeita hamarrek, “komentarioa”. (A. Shopenhaver).

Zahartzea da, oraindik  behintzat, denbora luzez bizi izateko asmatu den sistema bakarra. (Ch. Sainte-Beuve). Den-denok nahi dugu zahartzera iritsi; eta den-denok ukatzen dugu iritsi garena. (Fr. Quevedo). Pertsona baten benetako heldutasuna honako hauxe da: behinola ume ginela jolasten genueneko xalotasun nare-bare hura errekuperatzea. (Fr. Nietzsche). Zahardade on baten sekretu bakarra paktu bat besterik ez da: bakardadearekiko paktu zintzoa. (G. G. Márquez). Zahartzea mendi handi bat eskalatzearen pareko da: indarrak pixkana ahitzen-ahitzen doazen arabera berean, begirada da zabaltzen-zabaltzen, libratzen eta baretzen. (I. Bergman).

Akaberarako: zaharra da, aspaldiko esaera guztiok irakurri ondoren, bat bera ere oroitzen ez duena.

Bizargorri, 2018-08-01


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07