blogak

Bai Horixe-Bizargorri

URRI

Astean behin zurian beltz egiteak (paper zurian letra beltzak ezartzeak) lanak ematen ditu latzak, batzuetan. Beste batzuetan, aldiz, begi-begiko zer-kontatua bai denean, esku beroz letra-zopan, su eta salda aritu ohi da idazlea, parrastan, kontu-emate atseginean, batetik bestera eta bestekotik bestekora txit airoso, ur gaineko bitsetan bezalatsu.

Sarriegi, ordea, erabat diferentea izan ohi da idazlearen abelera, aldartea, ganora. Nirea, esate baterako, gaur. Gaiak bai asko; nahiak ez aski. Auskalo zergatik. Urriko hilaren azken eguna izaki gaurkoa, urriarenak erasan didalako, akaso. Jaun bizkor batek oraindik ere dena esateko dagoela adierazi arren, zer esanik ez daukadalako, agian. Eguraldiak derrepentean epel argi gozotik hotz ilun hezera egin duelarik, urritu eta murriztu zaizkidalako burmuinak, apika…

Kontuak kontu, kontua da iritsi dela momentua. Urte batzuk badira neure buruari agindu niola, astean behin, asteazkenero, folio bat bete letra ipiniko nuela blogean zintzilik, borondatezko jende euskaldunaren irakurgarri eta entretenigarri. Eta hemen da asteazkena (madarikatua!). Gai faltarik ez dut aste honetan (gaur Hallowey, bihar Domu Santu, igandean Altsasuko zera…); baina argia eta gogoa falta, bene-benetan… Nolanahi ere, gaurko hemengo hautsi-urratuak egin beharrean nago, zirt edo zart, derrigor ni.

Hiru egun eta gau badira kasik alferrik joanak: ez dakit zein gairi nondik eta nola heldu; ez zait deus ere berririk okurritzen. (Dena esanda ez dagoela!? Baita zera ere!). Orduak eman ditut ohean loa galduta; orduak, salan pilota partidak ere lasai ederrean ikusi ezinda; orduak, plaia ertzeko pasealekuan bi begiak talo bi eginda… Dena alferrik: ideia berririk sortzen ez. Hobe nukeen askoz, zotzari ziria sartze lanari atxiki banintzaio sikiera… Hiru egunotan, zazpi eginahalak eginda ere, aprobetxatu dut nik bost! Kaka zaharra…

Beraz, irakurle, hemengoa ikusia dago. Nahi baduzu, zure egitekoetara zoaz, mataza hutsal honen haria bertan behera utzita. Ez duzunez ezer galduko, ez duzu zertan damuturik ere izango. Urria beti da motza. Zer esanik ez duenak isilik egon beharko luke. Hitzak, izan ere, hostoen pareko baitira: ugari direnean, apenas den fruitu-alerik batere izaten. Eta folio bat goitik beheraino betetzeko, hitzak ugari behar dira; batez ere, ezer esatekorik ez dagoenean.

Ez zer kontaturik edota zer komentaturik ez dagoelako; bai ongi ere! Bada-eta gorabehera franko, mundura asko zabaldu gabe ere, gurean bertan, aste honetantxe. Bai, alafede. Gaur, Hallowey edo Arimen Eguna; bihar, Domu Santu edo Kanposantu Eguna; etzidamu hurrena, berriz, igandearekin, Altsasuko Saltsa (PP, C’s, Vox) edo injustizi@eguna.es.

Dena esateko dagoela!? Baita zera ere; zakurraren putza… Zer berri esan dezaket, bada, nik telebistan edo irratian edota prentsan dagoeneko esana ez dagoenik, zer!? Hallowey euskal herri txikietan duela mende bat ere ospatzen zela, umeek arbi-buru zulatuetan kandelatxoak piztuz…? Domu Santu eguna hilak dolorez gogoratzeko eguna dela, eta ez lorez gogaitarazteko? Altsasun herriari su eman behar lioketela, gerretan bezala, etsai amorratua izorratzeko?; edo, bestela, herria hutsik utzi eta mendira joan beharko luketela erromerian…?

Hona ezina ekinez egina: deus esatekorik ez eta orria bete! Eta horra, nolabait ere, asteazkeneroko lan gaitzari buru eman atzenean nik… Aupa, hi!

Bizargorri, 2018-10-31


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07