blogak

Bai Horixe-Bizargorri

UDABERRI

Gaur dugu, ofizialki, udaberriko lehendabiziko eguna… Udaberri, udaberri, aurtengoan zer berri? Bizkorrenak ere ezin igerri. Aurten, izan ere, joan zaharra ez zaigun otsaila, aspaldiko urteetan ez ezik, mendeetan ere lehorrena izan omen dugu; eta beroa izan dugu egunero eta sutea sarri nonahi eta, kutsadura kausante, alergiak askoren larru-azaletan… Donostian bertan bildurik egonak dira (“Change the change”) mundu guztiko andre-gizonik jakintsuenak; eta, buruhauste askoren ostean, igarri dizkigute berri ikaragarriak: bero latzak sortuko omen zaizkigu hemendik aurrera urteen joanean, itsasoak gora egingo omen digu kostetan, Gipuzkoari (esate baterako) ehun futbol-zelairen eremua jateraino, bustitzeraino, ur gaziz itotzeraino… Ez da, sobra ere, gauza onik datozen urteotan eguraldiari dagokionez…

Haizea ez bazen euria, elurra ez bazen hegoa, ardiak ez baziren behiak, trumoia ez bazen kazkabarra…, gure arbasoek ere euskal herriotan jasan izan zuten, bada, hamaikatxo estuasun larri; erabili izan zuten, bada, beren garaian, beren jardunetan, makina bat atsotitz eta errefrau; bistako denez, beren baserriko martxari lotuak beti ere. Hona hemen batzuren batzuk, handik hemendik aliritzira bilduak: Eguzki ta euri, martxoaren eguraldi (Saran); Martxoaren hasera, xaharraren piztuera (Tolosan); Martxoko euriak ez du balio axeri baten pixa…! Martiko (martxoko) denborie, edurre ta eurie (Arratia). Martiko antxobia erdia ur eta erdia mamiña (Ondarru). Martiko trumoiaren gaitza: aldean dik ogeitamar eguneko ekaitza (Oñati). Martxoko trumoiak berrogei eguneko ekaitza (Olaberria). Ama Birjiña martxoko, behia larrean aseko (Bizkaia)… Eta zenbat halako, tankera bereko…!

Gaur martxoak hogei ditu, udaberri; bihar, hogeita bat,  hil-bete; bost egun barru, hogeita bosta, martxoko Ama Birjinaren eguna… Ondo miragarriak dira egunok, miragarriak direnez ondotxo! Batetik, egun asko ez dela, sukaldeko argia piztuta gosaltzen nuen, ilunik; gaur egun,  eguzkiaren lehen argiak sartzen zaizkit sugaineraino, diz-diz, Larun ertzetik Hendaian gaindi… Bestetik, arbola lehorrak hasi dira pizten, urritzak hostatzen, gereziondoak loratzen, larreak berdatzen, limoiondoa muskiltzen… Eta, gainera, hau da hau txorien txio-txioa eta dantza! Goizean goiztar hasten zait auskalo nondik usapala kantari; hurrena arratsalde erdian edota ilunabarrean plazer hutsa da terrazako egona txirri-txirrioen anabasan: txantxangorria urduri, mokomotzak saltari, zozoa zehar begira, buztanikara atzeko lumak dardariko, birigarroa habia bila… Ama Birjina martxoko, eman diok neguari ostiko (Ultzama).

Eta kukua. Hemen behar du aurki kukuak, Ama Birjina martxoko egunean hasten omen da-eta kantatzen kukua Erromako zubian. Gainera, berak markatzen dizkigu urtero udaberriaren hasera eta akabera: “Kukuak Erramu egunean kuku, Sanpedrotan mutu”. Bien bitartean, berriz, gauza jakina dago: “kukuen kantatzean, euri eta eguzki”. Ederra da urte sasoi hau, eder zoragarria denez. Baina, azti ibili: “Martxoak belarra, berak indar eta berak ihar”. «Martxoko hormak ihartu duen lore polit goiztiarra…». Zuhaitzak loretan eta txoriak kantetan hasi diren honetan, ia etxero bada negarrik eta malkorik, gaixoak tarteko, ongi nahi eta ezinean minez larri… Martxoak beti botatzen baitu bere eztena. Eta herriko plazatik ikusten ez da etxeetako barrurik.

Bizargorri, 2019-03-20


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2019. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07