blogak

Bai Horixe-Bizargorri

TALDETIK BESTE ALDERA ALDE

Segun zeinek, segun noiz-nola eta, batez ere, segun nondik nora egiten duen inork alde, ihes, gertatzen zaigu guri, begiraleoi, onargarria edo traizioa. Aldaketa baldin bada etsaiengandik geure aldera, txalogarria da eta bidezkoa; ihesa baldin gure taldetik beste aldera bada, ordea, bidegabeko saldukeria. Hori beti, hala politikan nola (nola ez!?) gerran ere. Hona hemen lau kasu, gerrakoak laurak, labur-labur, hotz-hotzean kontatuko ditudanak, zeuk epaitu ditzazun.

Oso gazte nintzela jakin nuen zer gertatu zen behin frentean, “anaien arteko” deitu azken gerra hemengoxean, 1936ko udaran. Hamasei-hemezortzi urteko mutil gazteak Beasain, Ormaiztegi eta inguruetan bildu nolabait eta, gerra-borrokan zertxobait entrenatu ondoren, eraman dituzte denak ez dakit ba nik nongo gudu frentera, ez oso apartera. Han elkarrekin tokatu bide ziren bi lagunzar ormaiztegiar (zeinen izenik eman nahi ez dudan). Bata arrats batean guardia egiten ari zela, bestea ihesi atera omen zen, granada eta guzti, frenteko beste aldera. Gorderik zela, sumatu omen zuen bere laguna fusila eskuan bila, baina ikusi ez zorionez eta, sasi eta garo tartetatik, iritsi omen zen beste aldera, gorrietara… Gerra ostean biak ezagutu nituen baxoerdiak hartzen Ormaiztegin.

“Osaba Tomas” ormaiztegiarra, Zumalakarregi, Iruñan ikasten ari zela, Napoleonen inbasioa tokatu eta gerrilari hasi zen. Gerra hura amaitzean, 24 urterekin, Espainiako armadan kapitain zela (Irungo San Martzialen markakoak eginda), Lleidan, Huescan, Toledon, Sorian, Zaragozan, Madrilen militar ibili zen; Ferrolen Gobernadore Militar gero… Fernando VII.aren erregealdiko azken urtean agintetik baztertu eta Iruñara erretiratu zuten. Handik ihesi irten eta, Don Karlosen jarraitzaile, matxinatu egin zen, gerrila taldeak eta taktikak eta borrokak antolatuz, beti ere Espainiako armadako militar gorenen kontra.

Karlista eta liberalen arteko liskar garaietan jarraituz, bada beste ihes bat, talde batetik bestera pasatze bat, Anjel Lertxundik bere «Gilles de rais» azken eleberrian kategorian kontatzen duena. Protagonistak, Vincent antzerkilariak, goi mailako bi militar karlisten bisita jasoko du ezustean: Urbina koronela bata eta Lizartza edekana bestea (gudu-zelaiko laguntzailea). Ejertzito guztiek eramaten omen dituztela berekin komikoak eta musikariak; beraz, Vincentek berak zuzendutako pièce de théatre bat nahi omen zutela beren tropen pizgarri, soldaduen barrakoi inguruetan. Eta antzerki berria herriz herri (Murugarren, Zudaire, Lakuntza…) egiten ari zirela, zer gertatuko?, eta koronelak karlisten aldetik liberalen alderdira alde egin zuela, ezkutuka noski. Desertzioa!!! (Ez pentsa, gero, hau spoiler egitea denik; eleberriko pasarte bat besterik ez da).

Laugarrena eta azkena. (Hemen azkena; munduan, milakagarrena). Bernardo Goenaga hondarribiarraren kasua (1816-1877). Aitak, bi ezkontzetatik, hogeita bi seme-alaba izan zituen. Batzuk karlisten aldeko, besteak liberalen taldeko. (Ondorengorik ez omen da Hondarribian). Bernardo, mutiko, Irunen karlistengana presentatu eta kadete jarri zuten. Borrokatan latz ibili eta sarritan zauritua izan zen. Ezkondu ondoren, moroen kontra borrokatu (Tetuan, 1860), heroi izendatu eta Teniente Koronel ipini zuten espainiar armadan. Geroztik liberal jada, zauriturik, jaioterrira itzuli zen. Karlisten kontra soldadu konpainia sortu bertan eta, borroka hemen, gerra han, D. Karlosen aldekoei Hondarribian sartzea galarazi zien sutsu (bere anaiaren bat edo beste tarteko).

(Mila esker, “Mikel Muxarra”, Serapio Mujikaren testu hau emateagatik).

Bizargorri, 2020-10-07


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post TALDETIK BESTE ALDERA ALDE appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07