blogak

Bai Horixe-Bizargorri

SANDALIA BELTZAK

Gure amari oinetakoak erregalatu nizkion azkeneko aldian, sandalia beltzak izan ziren. Egun hartantxe estreinatu zituen. Harritu ere egin nintzen, harritu kuanto!, jantzita ikusi nizkionean… Nik “egun seinalatu baterako” erosi bainizkion, esan ere esan nion: «Zergatik estreinatu dituzu hain azkar!?». Eta: «Hara bestea… Eta bihar bertan hiltzen banaiz, zer…? Beste norbaitek estreinatuko ditu, noski. Ez, seme, ez: gaur bertan estreinatzekoak dira hauek».

Handik bi hilabeteren buruan hil zen gure ama. Gaur etorri zaizkit gogora berriro amatxoren sandalia beltzak (dagoeneko maiztu xamarrak). Eta, gogoratzearekin batera, galderak sortu zaizkit nire baitan segidan: Zeren zain gaude estreinatzeko? Zer da benetan “egun seinalatu bat”, bizia behin bizi dugu eta!? Halaxe doakigu bizitza…, une egokiaren, une prezisoaren, egun bereziaren zain, zertarako, eta hobe sentiaraziko gaituen zeratxoa estreinatzeko.

Zenbat jende heldu ote zen egun dagoenera zer nahi zuen adierazi gabe, jantzi nahi zuena jantzi gabe, nora edo hara itzuli gabe, edota barkamenik deus eskatu gabe…? Amodioak, inoiz gauzatu ez zirenak, noiz esangoaren zain…? Ezkontzak, hautsi zirenak, barkamena aurrena besteak eskatu ez zuelako…? Lagunak, hitza ere elkarri ukatzera iritsi zirenak, oker ulerturen  bat medio…? Familia, egundo berriro bildu gabekoa, egun aproposik topatu ezin zutelako…? Ametsak, amets huts eta putz bilakatuak, aukera egokiaren zain egoteagatik…? Jende ona, galdu izan duguna, egia zintzo esan eta min eman omen zigulako…?

Eta BIHAR iristen ez bada!? Estreinatu gabe, zer utzi zenuen, beste nork edo nork estreina zezan…? Maite-maite egin gabe, nor zenuen zuk abandonatu, beste batek maita zezan…? Hitzak, noiz eta zenbat, utzi zenituen esan gabe…? Barkamena, oraindik bular barrenean, zein zitzaizun zurekin betiko geratu…? Azalpena, zeuk dakizuna, nori diozu zor…? Aukera, eman beharrekoa, nori zuk eman behar zenion…? Atea, derrigor, nori behar zenion itxi, batere atzera begiratu gabe…? Zein abentura (hura eta beste hura) laga zenuen egin gabe…?

Hitzak, lagunak, sentimenduak, ametsak…, gorde egiten ditugu eta ezkutatu, frakasoaren beldurrez eta lotsaz; edo, aldrebesago!, harrokeriaz. Eta halaxe goaz pixkana bihotzaren taupadak ematzen eztitzen otzantzen, geldo gelditzen garela konturatu gabe bizitzaren aurrean, “bihar” horren zain. Eta BIHARrik ez da existitzen…! Itxaropen bat besterik ez da, uste bat erdi ustela, egundo agian  iritsiko ez den ideia; daukagun bakarra GAURra izaki!

Beste inork baino lehen, norberak estreinatu behar ditu zapatak… Maite duzunagatik borrokan, zure ametsen erronkan, saia bizi izaten, beste inork balentria handiena egin dezan baino lehen. Gogoan eraman: BIZI BIZITZA! Mundu “txoro” honetara begiak ireki orduko, goizero hala diosku Ortzik: «Ekin…! Eman egurra…! Saia zaitez eta arriska… Behin edo behin, onean, huts eginda ere, ez kezka… Hor nago ni. Eta irabazten baduzu, baita orduan ere».

Amaren gorpua dagoen tokian egona naiz gaur bertan, isilik; eta, begiak malkotan, sandalia beltzak gogoratu nituen… Gogoratu ere nuen nik neuk koloretako mokasinak nahi nituela estreinatu eta, bustiko ziren beldurrez, ez nituen jantzi! Eta zer, bustitzen badira ere!? Eta zer hausten badira ere? Jantzi egin nituen. Eta zer, funtzionatzen ez badu ere? Saiatu nintzen! Eta orain hemen nauzu, pentsaketan: «GAUR egun polita da oinetakoak estreinatzeko…; zure ametsak egia bilakatzen hasteko. Ezer ba al duzu oraintxe estreinatzeke…?».

 

(Neuk gaur euskarara ekarritako testu famatu hau haizea bezala ibili da handik eta hona, gaztelaniaz. Hasieran, Gabriel Garcia Marquezena omen zela, denek. Ondoren, orain, Marisel Hilerio idazle puertorrikoarra atera da esanez ezetz, testu hau berea dela… Zeuk esan norena den meritua: Gabrielena?, Mariselena? ala itzultzailearena…? “Bigarren hankako” sandaliak ere ez dira txarrak…).

Bizargorri, 2020-09-09


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post SANDALIA BELTZAK appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07