blogak

Bai Horixe-Bizargorri

REALE ARENAN

Bittor eta Unai umetako ikastola-lagun bi dira Irunen, Erreal zale zintzo amorratuak biak ala biak. Bittor hirigunean, Paseo Colonen erdi-erdian, bizi da jaun eta jabe; Unai, aldiz, aldirietako hirugarren pixu xaxtar batean, apopilo. Aurten, urtarrilaren hondar egun hauetan ez dabiltza haserre, beren bihotz-bihotzeko Realak sei egunetan hiru partida jokatu behar dituelako; Donostian bertan hirurak, alajaina! Bi dagoeneko jokatuak ditu: bata, joan den ostegunean, Errege Kopan, Espaynolen kontra 2 eta 0 irabaziz; bestea, aurreko igandean, Ligan, Mallorcari 3 eta 0 irabaziz; eta gaur bertan bestea, Errege Kopan hau ere, Osasunaren kontra… Eder begira daude irundar umetako ezagun biak…

Unai gaur ere, beste sarri askotan bezalaxe, metroa ez bada autobusen bat harturik joango da Reale Arenara. (Berak nahiago du “Anoeta” izen zaharra erabili; baina, esanekoa izaki bera txikitatik, goikoek agindutakoa umil-umilik betetzen du). Inoizka joan izan da autoz ere; baina non aparkatu?; irabazienean nola zurrutean lasai egin!? Hor zegok ba. Bera ere sozio izana da lehenago: 300 euro eskas ordaintzen zuen urtero eta futbol-zelai bazter bajua tokatu izan zitzaion beti. Dirurik aski ez zeukan ia 700 euro ordainduz zelai erdi-erdi altu-altutik partidak ikusi ahal izateko. Ez zioten inbidia makala ematen han eserita (behetik gora) ikusten zituenek; enbidia makala ematen ez ziotenez…

Arestian nioen bezala, gaur ere joango da Unai bere Erreala ikustera. Ez da futbol-zelaira nahi-orduko iritsiko. Hartuko du tragoxka bat (zelaian ezin!), jarriko da ilaran dagokion sarrera-atean, bustiko da euria bada blai, miatuko dizkiote azpiak eta gainak begiraleek, sartuko da bultzada artean, bilatuko du bere sarrerak seinalatzen dion eserlekua eta, halakoren batean, eseriko da, Unai gaixoa, porteria atzean beste behin. Realak merezi duela hainbeste, eta pozik. Partida gaueko bederatzietan denez gaurkoa, auskalo noiz iritsiko den bueltan etxera lotara, bihar goizean zazpietan lanean hasteko; auskalo; hor konpon.

Bittorek ere ez du hutsik egingo gaurkoan; ezta…! Bera 666 eurotako sozio kategorikoa da, zelaiaren erdi-erdikoa. Gaur, halere, bere sarrera hori etxeko bati utzi dio, berak baduelako aukera hoberik partida ikusteko. Izan ere, beste inoizka bezala, gaur ere “enpresak” (Bankuak? Kutxak…?) gonbidatu omen duelako, nora?, eta palkora! Partida bederatzietan hasiko bada ere, zortzietarako-edo joateko, giro beroan beroagotzeko. Hartuko du autoa, joango da zuzen azpiko aparkaleku apartekora, aparkatuko du doan batere trabarik gabe, igoko da igogailuan zuzen palkora eta hura ikusmira ederra handik futbol zelaira! Han ezagutuko ditu jauntxo potoloak eta dama apainak, han agurtuko ditu garai bateko jokalari “figurak”, han aterako dizkiote afaritarako jaki goxoak, han edango du ardo, sagardo, garagardo nahi adina…, bederatziak laurden gutxi arte. Gero handixe ikusiko du partida, gainerako ikusleak goitik behera begiratzen dituela; goooitik (oooh!) beheeera (beeeh!). Itzal handikoek goian behar baitute beti. Geroago, hurrena, guztia akabatzen denean, nahi duenari postrea(k) eta gin-tonika eta kubata eta txanpaina eskeiniko zaizkio, Osasunak galdu nahiz Realak irabazi. Edo enpate, ez dio-eta inportik bat’e.

Alde handia dago sozio xinpletik sozio kategorikora; edozein Real-zale arruntetatik Palkoko jaun-andere ahaldunetara. Ezin bateratu da goikoen diru-soinua azpikoen builarekin. Ezta Reale Arenan ere. Konparatuko dituzu, ba!

Bizargorri, 2020-01-29


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post REALE ARENAN appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07