blogak

Bai Horixe-Bizargorri

OSPAKIZUNEI, OSPA!

Jai ospakizunen errosarioak etenik ez du azken bolada luzean: Santomas, Gabon Gaua, Eguberri, Gabon Zahar, Urteberri, inoren urtebetetze bazkaria, Errege Eguna… Eta danbor hots eta mahai gizen eta suziri taupada eta zurrut-purrut eta zorion-txorion eta whatsapp-bideo mordoen ondoren dena baretu samarrik zirudienean, Blue Mondey edo urteko egunik tristeena igaro ondoren gutako bakoitzak urtarrileko aldapan bake-isila ustez lorturik zuenean, hara!, hona hemen berriro danbor-txistu-kainoi hotsak: San Anton erromeriak, San Sebastian biharamunak, Bixintxo Jaiak, inauterietako zalapartak, San Blasen doministikuak, Santa Ageda eskeak, San Balentinen opariak… Hau guzti hau segidan gehitxo da, horratio! Hirurogeita hamaika urte behar izan ditu nik dakidan Jexuxmari izeneko batek egia honetaz ohartzeko. Gehitxo da, kuanto!

Orain dela ehun eta bat urte ere, Joxemari izeneko zarauztar batek (Lizardi’tar X. ezizenez ezagutzenago dugunak) garbi asko adierazi zuen, bada, Oia izeneko poesian: «Ai, nolako zoroak / gauez kalerik kale / ibil oi diranak!». Ez zuen, noski, arrazoi faltarik; arrazoi faltarik ez zuenez, alajainkoa. Batzuek esango dute, gainera, negu parte hau ez omen dela urteko jai girorako sasoirik aproposena, beroena; uda partean festa zalaparta gehiago daukagula. Eta ez dute, agian, arrazoi faltarik hauek ere… Begiratu besterik ez dago geure hiri-auzo zenbaitetako istilu, liskar, sesio, borroka, jipoi eta abarren abarraren etenik gabeko albiste txarrei; begi-belarriak jarri besterik ez dago, esate baterako, Balear Irletako asteburuetako gauero-gaueroko iskanbilei. Zein mozkorrago lege eta zoroena errege. Uda eta negu. Hahor hango eta hemengo festa ustea.

Hori dena begian izaki, hirurogeitaka urteetako eskarmentua bizkarrean eramaki, pott eginda dagoeneko, nik dakidan bat gibelaz itzuli zaio festari, bizitzeko geratzen zaion hondarrean, inoiz ez omen dela-eta berandu. Izan ere, berandu xamar badarik ere akaso, kasu egin nahi baitio zintzoki gaztetan behin eta berriz entzun behar izaten zuen zuhur-hitz hari, oroimenean zizelkatua daramanari: «Urte askoan nahi baduk bizi, oiloekin lotara eta txoriekin jaiki».

Eta ez da gau-pasa, parranda edota ezkutuko ibilia bakarrik; ez, ez. Mila aurpegi bai baititu ospakizunak. Ingurukoen urtebetetzeak, auzokoen bilerak, soziedadeko egonaldiak, bodegetara bisitak, ohituraren ohituraz hilean behingo edo urtean lau alditako txangoak… Baina, batez ere, lagunen arteko irtenaldi eta bazkariek (lehen afariak zirenek) ez dute akaberarik: kuadrilatxoak baldin badituzu bost herrietan, eta bakoitzarekin urtean lau-bost “festatxo” egin behar badituzu derrigor, atera kontuak: hilero badituzu bi ospakizun gutxienez: autoa hartu eta joan, exeri eta jan, itzuli eta lo; beti nekatu, beti pekatu, beti bapo…

Norbera bizi den lur inguru zabal ederra aski ez eta azkenaldian modako dagoena da, berriz, hortik honakoa: atzerrira edo urrutietara joan gabe ez da jai ospatze onik. Hauxe da, gero, nora edo hara bidaiatu beharra! Garbi ez dagoen arren bidaia bera den interesekoa, ala gero lagunartean kontatzearena… Nik dakidan batek dioen moduan, zertarako inora neketan joan, baldin eta munduko ingurumari ederrenean bizi bagara, baldin eta egunero munduko hotelik onenean gobernatzen bagara (geure etxean, alegia); zertarako…!? Izan ere, urrutietako guztiari hor-konpon esanda, festa builari bakea emanda eta ospakizunei ospa eginda, alde ederrean bizi gara. Ospa ospakizunei!

Bizargorri, 2020-01-22


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post OSPAKIZUNEI, OSPA! appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07