blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ONENA HELTZEAR DAGO (4)

Nire orri zuri honetan gure haurtzaroko kontakizun zaharretan dihardut aspalditxoan, zuen guztion entretenigarri (nahian, ustez) eta, akaso, bertsolari batzuen lagungarri (nahian, gaian), gaur 18:30etan, Andoni Egañak gidatuta, Alaia Martinek eta Amets Arzallusek haurtzarora egingo baitute bidaia, online, bertsoaren bitartez. Gutako bakoitzaren haurtzaroa bat eta bakarra da, jakina; baina, begia zorrozten hasi ginenetik (aurreko mendean izan arren) hamaikatxo ikusiak eta ikasiak gara gu denok, oroimenetik garai hura sekularioan ere ez ahanzteko eran. Haurrak kargarik ez dizu jasoko; kontuak bai, ordea, galanki.

Aurreko hiru ataletan bost senideon Telleri baserri eta jaiotetxe hartako bizimodua kontatu ondoren, gure ume koxkorretako jolasak eta denborapasak oroitzea eta aipatzea dagokit ondorenean. Batzuk bakarrik, bistan da; denak, ez gogoratzen ditut eta ez kabitzen zaizkit, dudarik gabe. Gure hegaztiak bezalaxe (eskinoso, txonta, txepetx, uroilo, kurrilo, buztanikara, birigarro…), edota beste animalia batzuen gisa (katajineta, ipurtargi, erbinude, katamotz, ziraun, sator, azkonar…), aipa nitzake besterik gabe gure umetako jolas entretenigarriak ere (txorro-morro, pote-ule, kaniketan, txingotan, txapatan, tortoloxetan, kromotan) baina beldur naiz (beldur naizenez, kuanto), egungo irakurle gehien-gehienak, ahoa arra-betean zabalik, ez direla deus jabetuko zer demonioz ari ote naizen.

Ene, bada…! Ederra egin det. Ez nuen-eta, ezer zehaztu aitzin, jolas-joko haien zerrenda seinalatu beharrik. Horrek, ordea, dagoeneko erremediorik ez du eta segi dezadan atzera begira denboran… Joan den mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan gaude; Gipuzkoako Goierrin; ia zortzirehun bat bizilaguneko herri martxosoan; gehienak baserritar, agian; baina, errota, zerrategi eta tratanteez aparte, hasia da lanean enpresa ugari: Somesa, Zelaiko, Irizar, Letag, Imeguisa… Bertako biztanleria gora-goraka dator poliki-poliki…

Anabasa horren guztiaren erdian (erdian eta oharkabean), eskolakumeok bizi ginen, zein bere auzo-inguruan; batzuek kaletar, besteok aldiritar (ez denok preziso baserritar). Gu gurean gehiago ginen aldiriko, kaleko baino. Etxetik ehun metrora, aldaparoa genuen (kanala, ura errotara zeramana; guretzat, besteak beste, lixiba toki), eta handik ehun bat metro beherago, erreka zabala edo Estanda erreka. Gabiria eta Kizkitza aldetik-eta zekartzan urak honek; garbiak artean oso eta, hala arrainez nola karramarroz ere, oparoa erabat…

Eta errekaraino jaitsia naizenez gero, bertatixe ekingo diot kontaketari… Igerian ikasteko eta plisti-plastarako Lapatzako presa geneukan, eliza-atzean. Gure erreka, ordea, Uharkaldeko presatik hasi eta Zentraleko presa bitarteko kilometro luzea zen, inguruko gutxi batzuon parke-putzu pribatua. Aitak behin esanda: «Zapaturako kangreju batzuk behar zituagu», aguro joango nintzen neuk nekizkien ur-txokoetara; eta bazterretatik, banan-banan, aurrez haraxe botatako ladrilluak, bi eskuez zuloak estaliz, lehorrera atera, astindu eta… hara bixi-bixi kangrejuk, haginak tente-zorrotz! Beste batean, kainaberaz (kainaberaz ez: urritz makilari lizta eta liztari “antzueloa” lotutako zeraz) eta ximaurretan hartutako xixarez, gogotsu joango nintzen arrantzara; baita amuarrainen bat edo loina batzuk ekarri ere harroxko etxera. Hurrengo batean, berriz, ur ertzeko zuhaixka adarretara abiatuk ginen kutxilo-txiki batez, kako aproposen baten bila, tiragoma berria egiteko (gomak eta larru-puska Xapa-ri erosten genizkion).

Bizargorri, 2020-05-06


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post ONENA HELTZEAR DAGO (4) appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07