blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ONENA HELTZEAR DAGO (3)

Duela hirurogeita hamaika urteko baserri haietan urik eta argi-indarrik ez zen izango, akaso, baina batzuetan, gurean esate baterako, bai ogia egiteko labea, gaur egun sineskaitza badirudi ere: urik ez, telebistarik ez, telefonorik ez, eta ogia egiteko egur-ikatzezko labe handia bai!? Bada, bai… Ez dut nik gure labe-tzar haren oroitzapen zehatz handirik, ez zidatelako arrimatzen askorik uzten. Baina zerbait, behintzat, deskriba dezaket. Kanpotik erabat itxia, jakina, ukuiluko atzeko partean zegoen; borobila zen barrendik, txingarrak azpian, ate txiki burdinazko bat zeukan bistan, nondik zurezko pala luze batekin amonak edota amak ogi-ore zuri bera-berak sartzen zituzten, ogi erre gorri guri-guriak ateratzeko; batzuk zabal luze handiak, hiruzpalau egunetan jateko; eta, besteak, opil txikiak, noiz biribilak noiz luzexkak, etxeko ume koxkorrontzako.

Etxeko gari irinez egindako ogi hura amak egin ohi zuen (lau edo bost bat egunez behin, esango nuke). Egiteko horretarako, lehendabizi, errotatik ekarritako irina galbahetik pasatzen zen, astinduz astinduz harri koxkorrak eta hondar txarrak eta auka (ale-axalak) apartatzeko; ondoren gero, oramahaiko lana zegoen (guretzat “oremaie”): kutxa moduko bat, non gainekaldean irina pilatu eta, ura boteaz, eskuz jira-bueltaka eta legamia ezarriz, orea egiten zen, aldian-aldian nahi bezalako neurri eta formakoa. Uste dut, gorde ere, harexen barrenean gordeta edukitzen zutela beheko labera sartu aurretik, auskalo zenbat denboran: irindu errotan, oretu oramahaian eta azkenean erre labean.

Artirinarekin, berriz, oso antzekoa izaten zen lan-prozesuaren lehen erdia, baina zeharo diferentea akabera. Behin orea egindakoan, festa bat izaten zen niretzat ama taloak egiten ikustea. Hartuko zuen ore pilatik pilotatxo bat, talapalan irin hauts pixka bat zabalduz kolpatuko eta borobilduko zuen eta, mehe xabal egina zeukanean, ekonomika gainean ipiniko zuen kontu handiz, neurri egokian erre zedin; buelta erdia eman eta gero, harrotzen bazen taloa eta puzten, festa handiagoa gurea! Taloa jan izan dut gure amaren jaiotetxean, Zaldibiako Arrun, ogiaren ordez, indubabekin eta horrela…; gurean, ordea, beti-beti!, esnetan beratuta, txikituta jaten genuen taloa: taloa-ta-esnea. Ez dut gogoan egundo jan izana, orain bezala, txistorrarekin, hirugiharrarekin-eta…

Fama ona eta estima handia zeukaten Ormaiztegin Telleriko gure ama zenaren talo haiek; fama eta estima zeukatenez, alafedetan. Herrian, tren-zubi ospetsuaren azpian, bazen bainuetxe bat, nora etortzen baitziren mordoka jaun eta andere dirudun dotoreak ez-dakit-ba-nik-ze osasun bila, hango urak edanez (haientzat “mirarizkoak” eta guretzat “ustelak”, halakoxe usaina zeukaten, izan ere, eta). Bada, bainuetxe hartara urtero jaun donostiar bat etortzen zen, goitik behera zuriz jantzita: “Don Luis”. Astean behin, beste herritar adiskide eginekin batera (Pildain eta), gure baserrira igoko ziren afaltzera koadrilan; batik bat, taloak jatera. (Hark erregalatua galdu nuen nik, behi zain nenbilenetako batean, kutxillo txiki eder polit zoragarri bat! Penatxo dut oraindik ere…).

Halakoxe moduz zihoazen nire haurtzaroko egunak baserri giroan. Asko oroituagatik hemen nik, askoz gehiago dago kontatzeko. Ipurtargiak bilatzen genituen, ziraunak harrapatzen, txoriak miresten (buztanikara, txantxangorri, tarin, buru-beltx…); eta hilean pare bat aldiz-edo, sukaldeko leihotik ilargi beteari begira egon ohi nintzen eztitan, geroa irri borobilez iragartzen zidalarik, begietara esanez: «Onena heltzear duzu». Gerora bete ez zena bete-betean.

Bizargorri, 2020-04-22


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post ONENA HELTZEAR DAGO (3) appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07