blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ONENA HELTZEAR DAGO (0)

Alde batetik, bertsolariak esango lukeen moduan: «Istant batean isuri zaizkit urteak hatzen artetik»; eta, bestetik, joanak joan, asko-askorik okertzeko beldurrik gabe, lasai asko esan dezakegu guk guztiok honako hau: haurtzaroa oharkabean bizi izan dugula, geure baitan pentsatuz eta uste izanez zinez: «onena heltzear dago». Berriz diot: oharkabean. Izan ere, haurtzaroa izan dugu, seguru asko, gure bizitzako bizi-aldirik zorionekoena. Oharkabean.

Eta atari hori dator bi arrazoiengatik: batetik, telebistan haur eta gazte batzuk ikus-entzun  berri ditudalako esanez ez dutela inondik inora sinesten beren aitona-amonak erdi aroan bezalatsu bizi izan direnik XX. mendean; eta, bestetik, Txingudi Ikastolara eraman berri nautelako nire (gure) haurtzaroaz mintzatzera, bederatzi-hamar-hamaika-hamabi urteko ehunka neska-mutilei. Hitz egin nien nire haurtzaroko kontuak kontatuz, eta, uste dut, neska-mutil umeak bezainbeste harritu zirela (edo gehiago!) maisu-andereño gazteak…

Haurtxo inoren bizipozak eta bizipenak eta bizierak ez dira kabitzen inola demontre folio bakarrean. Ezta mila folioetan ere; egingo nuke apustu. Hala eta ere, ordea, labur-zurrean badarik ere, Irun-Hondarribiko neska-mutilei ikastolan aipatu nizkienak ondo gogoan gordeta, eta agiango irakurle batzuen intereseko ere gerta daitezkeelakoan, hiruzpalau blogetan hemen kontatuko ditut nire haurtzaroko ibilerak, nik, orain laurogei urtetara bidean dagoeneko, oraindik ere “onena heltzear dago” sinestu nahiko nukeenak.

Ormaiztegiko baserri batean jaioa naiz ni duela 71 urte doi-doi. Baserriak Telleri-Berri zuen eta du izena. (Esan nahi baitu, hain justu ere, han teilak egiten zituztela garai aspaldiko batean etxe jaso berrien estalgarri). Herri erdigunetik kilometro eskasera dago, Beasaindik Zumarragarako orduko errepide bakar nagusiari pega-pega eginda. Bizpahiru esne-behi eta txekor-bigantxa parea ukuiluan; zerrama eta kumeak txerritegian; oiloak, oilarra, oilandak, untxiak etxeordean; kapoiak, sagarrak, belarrak eta abarrak ganbaran; barazki, alpapa, arto, indaba eta arbiak soroan; aita-amak, aitona-amonak, osaba ezkongabea, izeba neskazaharra eta bost ume… Han bazegoen, bai, zeregina; zeregina bazegoenez han! (Batez ere, gure ama Marianarentzat: haren merituak kontatuak ditut lehenago ere. Ez da, ez, gezurra, baserria inork salbatu badu, emakumeak salbatu duela…!).

Beraz, bada, hurrengo asteetan, hemen agertuko diren blogetan, zeintzu kontakizun zahar ekarriko dizkizudan badakizu. Ez, noski, denak segidan, asteazkenik asteazken. Ez. Hamabostean behin ez bada, hilean behin joango dira banan-banan orri beteko artikuluak, hiruzpalau gaietan banatuak. Batean, gure jaiotetxe hartako ume koskorron baserri-bizimodua kontatuko dut; bigarrenean, garai hartako hamar urte bitarteko neska-mutilen jolasak, ibilerak eta entretenigarriak; hirugarrenean, XX. mende erdi-erdiko eskola txiki bateko gorabeherak; eta, agian, laugarrenean, ezer otutzen bazait, auskalo zein kontu…

Hamar urte beteta atera nintzen (ninduten?) baserri giroko familia eta lagunarte hartatik. Atera ote “ninduten”, bai. Ez baitut sekula ulertu ahal izan nolatan utzi nuen bizi giro ezti hura toki arrotz ezezagunera joateko, batxilerra ikastera, fraile pasiotar izateko asmoz. Nor demoniok ote ninduen ni engainatu, hain ederki bizi nintzena…!? Baina hori beste pelikula bat da. Hona “Onena heltzear dago” historia, lau zatitan emana.

Bizargorri, 2020-03-04


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post ONENA HELTZEAR DAGO (0) appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07