blogak

Bai Horixe-Bizargorri

NOLA2HURTU

Egunotan bost leihotatik iritsi izan zait Ertzaintza derrigorrean ikusi eta begiratu beharreko zeregina. Han-hemengo manifestazioak eta asteburuetako kale-zurrutak alde batera utzita (eta haien zaintza, noski), hor daude aurtengo LEP deituak, Lan Eskaintza Publikoak, zazpiehun eta berrogeita hamaika euskal-polizia edo udaltzain berrirentzat. Baita, hori dela eta, sarean kuskuxka ikusi ditudan informazioak ere (ia denak gaztelaniaz; baldintza ezinbestekoak: batxilergoa, altura hainbestekoa, adina halakoa eta “ser español”). Bosgarrena, azkenik, laguntzar ibiltari batek bidali didan ertzainekiko pasadizoa…

Ertzainak, Ertzaintza… Egia da neuk ezagutzen ditudala bat eta bi baino gehiago, denak ere euskaldun jatorrak zinez; baina, sobra ere, bada hamaikatxo bestelakorik euskal herrietan. Egia da arestian aipatu sareko informazioetan badatorrela honako hau ere: “se potenciará el uso del euskera”; baina ez dakit ba nik… Hau jendea gaude, egon ere! Bestalde, oposaketa horiek prestatzeko, maiz aipatzen da honako esaldi hau: «nola2hurtu». Hortxe dago koxka: nola bihurtu euskaldunago gure herri-zaina, gure etxeko polizia… Hara zer gertatu omen zitzaion nire laguntzar donostiarrari behin, orain denbora asko ez dela, ertzainak bidean topatuta… Adibiderik onena, hauxe bera. Adi.

Basozabal goi parteko bidegurutze batean ikusi nuen ertzaintzaren autoa errepide erdian gurutzatuta. Ondoan, bi ertzain zutik bidea eragozten. Debekua autoentzat soilik zelakoan jarraitu nuen ertzainen parera; eta musukoa zintzur gainean zeramana inguratu zitzaidan, espainolez, nora ote nindoan galdezka.

—Musukoa jantzi eta esango dizut.

—¿Cómo?

—Musukoa jazteko lehendabizi –neronek neramana seinalatuz. Eta:

—¿Musúkoa…!? ¿Dónde está eso?

Barreari eutsi ezinda utzi ninduen erantzunak. Musukoa egoki jantzia zeraman beste ertzaina inguratu zitzaigun zertan genbiltzan jakin nahian, eta:

—Musukoa jazteko eskatu diot –esan nion nik–. Mas-ka-ri-lla jazteko.

Hau entzutean, lehenengoak segidan erreakzionatu eta sudurra estalirik:

—Está la carretera cortada –bota zidan–; ha habido un desprendimiento.

—Konforme; eskuin aldeko bide zidorretik joango naiz; ez kezkatu…

Ez dut uste ez batek ez besteak ezer ulertu zutenik; baina, nire jarrera ziurrari uko ezin eginik, pasatzen utzi zidaten. Bidexkatik errepidea luizi batek itxi berri zuela ikusi eta, handik kilometro eskasera, hurrengo bidegurutzean paratuak, kontrako norabidetik zetozen autoei aurrera egitea galarazten, beste bi ertzain ikusi nituen. Beren ondoraka sumatu nindutenean (biek ala biek ere musukoa ondo jantzita, legera jarria), bietako bat hurbildu zitzaidan itaunka:

—¿Es usted el del “mukúsoa”?

Harri eta zur utzi ninduen ateraldiak. Mukúsoa!? Nire onera itzultzean, faborez, ertzaintzaren posta elektronikoa eskatu nien. Luzatu zidaten helbidera bidali nuen mezuak hauxe zioen soil-soil: “MASCARILLA = MUSUKOA”.

Honaino adiskidearen pasadizoa… Eta, horren harira, beste bi burutapen. Gure aita zenarena, bata; esaten baitzuen, telebistari begira zela, “indioek eta txinoek eta beltzek ere ikasi dute euskerea; eta bertakook ezin…!?”. Eta bestea, antzina Zegaman esaten omen zutena: “karabinero, poco dinero; guardia zibil, goseak hil; mikelete, ase eta bete…”. Gaur egun: ertzaina, zaindu mingaina… Gauza baita «nola2hurtu» erchaina extraña etxeko ertzaina. Hor dago koxka!

 

Bizargorri, 2021-02-03


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post NOLA2HURTU appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07