blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ÑAKA…!

Internet, telebista, telefonia eta abarren kontratazioekin bezalaxe, erne ibili beharra daukagu (urteetan aurrera xamar gabiltzan jubilatuok, batik bat), gure autoaren aseguruarekin ere. Zer dela eta? Gure autotxoaren ezbeharrak eta matxurak konpontzeko baino askozaz ere aztiago eta bizkorrago dabiltzalako konpainia guztiak auto-jabeari, geuri, ñaka egiteko. Ñaka…! Hau da, iruzur, amarru, txandrio eta lapurreta, lege-legera, egiteko. Ez da hau gauza berria, ez. Begira zer zioten duela 152 urte: «Allegatuz bat-banaka/, guziak gaiztakerian/, gu adoratzeko, ñaka!/ itten dute burlerian». Gu adoratze itxuran, gaiztoz eta burlaz ñaka egiten digutela, alegia. Ala-purra-purra eta… lapurreta!

Internet, telebista eta telefonoekin “etxe-etxeko” konpainia batekin ibili izan gara urte askoan lasai politean; harik eta konturatu ginen arte ñaka egiten zigutela lotsagabe nabarmen, urtetik urtera kuota pixkana-pixkana igoz-igoz, normala baino hiru aldiz gehiago kobratzera iristeraino… Haserre sutan, di-da, baja eman eta konpainia berri bat kontratatu genuen, 150 eurotatik 50 jaitsiz… Autoa ere aspaldi aldatu nuen aseguru-etxez; “etxe-etxekoa” hau ere.  Urte luze askoz mantendu izan naiz bertan kuota zintzo ordainduz, batere istripurik gabe. Halere, baina, urtetik urtera ikusten genuen etxean, kuota hori inoiz jaisten ez, eta igotzen-igotzen ari zela itxuragabe, lehen halako bi eta hiru eta gehiago ere kobratzeraino. Alakoino!

Honezkero bi hilabete ere izango dira kontu eske joan gintzaizkiena: ea begira zezatela, bada, gure kuota hori; 20 urteko kotxe xahar batentzat 500 euro urtero ordaintzea gehixko ez ote zen… Baietz, noski; kontutan hartuko zutela, egoteko lasai… Dena irri goxo eta hitz ponpoxo… Aurreko astean gutuna bidali zigun aseguru-etxe horrexek: «Hilabete eta erdi barru, urtarrilaren halako egunetan, zure autoaren asegurua jasoko dugu, betiko eran, betiko kutxatik…». Gutuna aski luzea bai, baina ez zekarren zein aseguru baldintzak neuzkan eta, nagusiki, zenbat kobratuko zidaten. Berriz ere haserre sutan telefonoz deitu eta neska atsegintsu bat: zenbat didazue kobratuko?, eta 500 euro; zergatik ez dator kartan?, eta ipini beharko luke; kontutan hartu al dituzue gure aurreko kexak?, eta seguru baietz; ze aseguru daukat?, eta “a terceros ópimo”, hots, sute, beira hautsi, karnet galdu eta abar sartzen zela; nik ez nuela noski halakorik egundo inon sinatu!; eta baiezka-baiezka neska poxpolina… Zakurraren biolina!

Guk ere badugu ordea, zorionez, laguntzaile aproposa aldean, legegizon asko baino ere defendatzaile prestuagoa, eta hari kontatu genion gure mina eta ezina. Egin zuen, nonbait, bere deia; egin zuen bere demanda, eskabideak irmo bezain zehatz markatuz («eta hala izan ezean, baja emango dugu eta tururu!»). Gauza da biharamunean bertan deia jaso genuela etxean beste andre otzan ezti batena, esanez, eskuartean omen zeuzkala gure aurreko kexak, aztertu omen zituztela eta konforme, baietz: 250 € kobratuko omen digutela aurrerantzean. Ez barkamenik, ez ‘laguntzailearenik’, ez deus ere. Berek hala nahita zen guzia. Bale, balekibale, ez duk-eta kale! Erdira jaitsi zaigu urteko ordaina, alajaina.

Harrezkero, lasaiago dago gure 20 urteko auto xaharra, lau keinukariak ñir-ñir-ñir-ñir!, ironiaz irri-mirrika hasteko pronto. Hondarribiatik astean behin enkargutara Irunera, hilean behin zinera Donostiara, urtean behin odolkitara Ormaiztegira. Bitartean, egunero 1,555 € ordaindu beharra? Ez dago deretxorik! Eguneroko ogiak, periodikoak, baxoerdiak horixe du balio, aladedio…!

Bizargorri, 2020-12-09


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post ÑAKA…! appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07