blogak

Bai Horixe-Bizargorri

MONOTONIAREN “MONOA”

Monotoniaren “monoa”, beti-batekoaren betea edo egunerokotasunaren gorespena. Hogeita hamabost urte bigarren aldiz bete berri dituen nire lagunik handienak ez daki zehazki nola adierazi, baina horixe da aldarrikatzen duena; batik bat orain, Gabonetako egun zoro zalapartatsu azkengabeon ondoren… Zer da, izan ere, “festa” esaten dioten anabasa hau!? Nora edo hara, bisitan derrigor joan beharra, arraindegiko jende bailara, lotarako ezorduak, gaueroko txin-punak eta eskandaluak, telefonoaren tirrinaren zurrunak… Ez dira egun normalak; normalak ez badira, anormalak; eta anormalak ez dira onak.

Eta hogeita hamabost urte bigarren aldiz bete berri dituen nire lagunik handienak egun normalak nahi ditu, arruntak, beti-batekoak, gorabeherarik gabekoak: gaurkoa atzokoaren pareko, biharkoa gaurkoaren antzeko; berdin etzi eta bi mila eta hemeretzi… Ez ditu mahaia bete jendeko bazkari “handiak” nahi (are gutxiago eguerdi beranduan badira); ez ditu amesten garai bateko afari akabera gabekoak, beren parranda hala-moduzko eta guzti; ez ditu bidaiak urrutietara maite, are gutxiago hegazkinez (ai ene, aireportuetako egon aldiak eta gero ondorengo hegan larriak!); ez ditu batere atsegin erdi errukizko eta erdi konpromezuzko bisitak inorenera; ez du askorik estimatzen telefonoa (salakoa zein sakelakoa), enparagarria gertatzen zaiolako sarriegitan, behin gogoko, hamaikatxotan gogaikarri…

Eta ez afari eta parranda eta bisita eta bidaia endredatzaileak bakarrik. Ez ditu maite egunerokotasuna pittinik pittinena eteten dizkioten zerak ere; hala nola, gutxi batzuek aipatzen hasita, karneta berritu behar derrigorrezkoak, autoren ikusmira egitera joan beharrak, dentistak, denda danteskoak, bilerak, hitz-bero-aldiak, batekin edota bestearekin ez-ohiko hitzorduak, nora edo hara zernahitara aurkeztu beharrak, jai jendetsu jostirudiak; eta abar luze-luzeak…

Maite du, aldiz, eguneroko beti-bateko martxa monotonoa: beti dena ordu jakinean eta ohikoan: jaiki; gosaldu; bi egunkari patxadan irakurriz, kafea; erosketak eginez eta “egun on don pepito eta don alfontso” praktikatuz, oinezko paseoa (etxearen bueltan, beti ere); Euskadi Irratiko kontu-musikak adituz, etxekoentzat bazkari-afarien prestaketa; medikuak agindutako “bizitza soziala” konplituz, lagunarte atsegingarrian, eguerditako txakolin parea; otordua, lo kuluxka, irakurketa, idazketa, sudokua, limoi-ur zukua, purutxoa; afari baketsu gozoa, telebista ikustaldia, butakako egona, andrearekiko solasa eta jolasa eta … lo! Bere beti-betiko oin-urratsetan dabil nire laguna, zoriontsu. Bakoitza bere “zoroak” bizi du. Herriak bere legea; norberak bere aztura.

Eta zuk, seguru asko oraindik hogeita hamabost urte bigarren aldiz bete ez dituzun horrek, zuk, onean, esango duzu zeure kolkorako, nire lagun hori alfer aspertua dela, batetik; egoista aparta, bestetik; eta guztien gainetik, noski, sentiberaegi dabilela bere buruarekiko; ardura txit gutxi, eskasa oso, erakusten duela lagun-urkoarekiko, mundu zabalean eta auzoan bertan ere hainbeste eta hainbeste arazo larri, injustizia mingarri eta egiteko franko izaki guzti-guztiok.

Baliteke. Agian, arrazoi duzu. Baina, pekaturik gabeko bizitzak ez du barkamenik; baina, “gerra” jadanik egina duenak bakea nahi du, behar du, badinbaitere… Zeure buruari ere alper egoista monotono deitu beharko diozu, zeuk ere, hogeita hamabost urte bigarren aldiz betetzen dituzunean. Agian.

Bizargorri, 2019-01-09


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2019. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07