blogak

Bai Horixe-Bizargorri

MIGEL “PATAPALO”

EL BIDASOA aldizkariak, 1934ko ale batean, dakar Migel Patapalo-ren berri. Kronika zaharra dela dio artikulugileak; auskalo, hortaz, noizko historiak diren… Harresi barruko gaztelu zaharra bera baino ere ezagunagoa omen zen Hondarribian. Hura omen zen gizona, hura! Arte gogorra bezala trinko, gorosti hezearen antzera zimel; alai eta adarjotzaile; guztiek maite omen zuten herrian. Gaztetan arrantzale fin eta arraunlari nekaezina izandua mutila…

Behin, Frantzia parteko kostaldean aitarekin batera arrantzan zebilela, enbatak jo, tirabira egin (ontzia irauli, alegia) eta putzura aita-semeak! Laster sumatu zuen Migelek uretan odola bristi-brasta, gorri-gorri… Marrazoak!!! Eta berehalakoan konturatu zen aita xaharra urpean galdua zuela marrazo baten ahotzetan. Estuasun hartan, herio hartan, igeri egiteari ekin zion suhar eta gartsu, zipli-zapla! Nolabait, lehorra salbu jo zuen noizbait. Bizirik zen. Baina, zutik jarri nahi izan zuenean, lortzen ez. Zer demonio…? Nolaz, ba, hanka bat falta zuen-eta belaunetik behera!?

Ospitalera eramanik izango zuten… Sendabideak egin han eta egurrezko hankarekin atera zen Migel gizajoa handik, kinkili-kankala, betirako; bere lagunarekin, berak esaten zuen bezala. Herriko arrantzak utzi eta Mutrikura joan zen bizitzera, osaba bat zeukan-eta han erretore, zeinak seme kuttuna balu bezala jaso baitzuen berarekin… Handik urtetara, osaba apaiza ere hil eta Hondarribiara itzuli zen atzera. Erretore zenak utzitako ondaretik bizi izan zen hemen, bapo asko bizi ere, alajainkoa. Nonahi zela, ahoa neurri: zer nahi, hura barrura. Ume-koskorrak, poliki-poliki, patapaloesaten hasi zitzaizkion, eta izenorde horixe eraman zuen betiko. Azken diru-pizarrak ahitu zituenean, akordeoia jotzeari ekin zion bazterrik bazter. Herriko parranda, festa eta ospakizunetan ezinbestekoa zen gizona; hura giroa jartzen omen zuen, jarri ere!

Behin, portuko kai muturrean ibilki zela, eskuko poltsa dotore bat aurkitu zuen diru dezenterekin. Jabea bilatu eta honek bostehun pezeta eman zizkion esker onez. Gau hartan arrantzale batzuek afari ederra omen zeukaten Pakaren sagardotegian. Han agertu zen pozik Migel. Akordeoia joz, kanta-kantari, erruz edan zuen sagardotik. Baita berrehun pezeta apustu egin ere “guriak”-en alde (“guriak” portuarrak ziren; aurkariak, aldiz, kaletarrak edo harresien barruko hiri zaharrean bizi zirenak): baietz hurrengo egunean portuko koadrilak estropada irabazi kaleko koadrilari!

Biharamunean, ordea, aje pixka batekin jaiki eta laster jakin zuen guriak-ek (portuarrek) galdu egin zutela. Aurpegi mukerrez, zer egingo…?, eta berriz ere Pakaren sagardotegira egin zuen, barrenak berriro betez penak hustera… Han tipo kanpotar elegante bat ezagutu zuen. Jan zuten, edan zuten, hitz egin zuten. Azkenean kanpotarrak luze besarkatu, gastuak ordaindu eta alde egin zuen. Migelek Pakari: «Nor ote zen hori? Intelektualen bat, inondik ere. Bizkor-aurpegia bazeukanan, bederen…!». Eta Pakak: «Bazakiat nik bost, nor arraio ote zen hori!». Eta hara sagardotegiko lur zoruan txartel bat aurkitu, zera zioena: «Cándido Cordero López. Prestidigitador. Ilusionista». Inortxok ere ez zekien han ofizio halakoen berri.

Migel orduan soinean zerbaiten bila hasi, eta konturatu zen ordularia falta zitzaiola txamarran. Baita kartera ere galtzetan… Lapurreta egina zion lotsagabeak. Egurrezko hanka jantzi eta kalera atera zen oihuka patapalo: «Infernuko deabruaren ipurditik ateratako kristaua! Cordero hori atzamaten badiat, jan egingo diat, jan!!».

Bizargorri, 2018-05-02


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07