blogak

Bai Horixe-Bizargorri

MARKOX

Aurreko astelehenean joan zaigu ondotik betiko, oroitzapen den gerora zendu zaigu sekulako, gure Markox Balentziaga adiskide bizilagun mina, duela hirurogeita sei urte Bergaran jaio eta, aspaldiko partean, hemen Hondarribian bizi izan dena. Bat batean, behin betiko. Bazkaltzera jarri mahaian etxean eta… kito! Alferrik izan ziren ondoren geroko anbulantziak, medikuak, tresnak eta zera guztiak… Zeruak ere negarra ari du gau eta egun hits goza gabeetan…

Mindurik utzi du lagunartea, atsekabe latzean familia. Familia atsekabe latzean, kuanto! Uxue emaztea, alargun; Eñaut semea, zurtz; erraina, eroririk; anai-arrebak, dolorez; eta bi bilobatxo maitagarri, paseatzera alai asko aterako dituen aittitte kuttunik gabe. Haren hutsunea nabaria izango da utzi duen etxean, nabaria izango denez, ala egia. Nola aldatzen diren atarramentuak mundu krudel honetan une batetik bestera, di-da!, gutxien espero denean…!

Nik neuk, neure aldetik, lagunik hurbilenekoa izan dut Txingudi badia honen ingurumarietan berrogeitaka urtean. Eztei bazkari burrundaratsu batean, Azpetiako Loiolan, egin genuen lehen juntadizoa, lehen elkarri bosteko emate adiskidetsua; atzo, Hondarribiko Txiplaun, tanatorio ixil itzaltsuan, eman genion elkarri azken agurra. Etxekoez aparte, jendea erruz zen, hainbestetxo lagun-min zintzo eginak baitzituen bere bizialdian gure Markoxek.

Orri bakar batean ez dira sartzen ahal gu bion arteko ibiliak, jardunak, aitortzak, pasadizoak, bizipenak eta bizi-pozak, solasak eta jolasak; inoren berrogeitaka urteetako kontuak inola ere kabitzen ez direlako berrogeita hamaika lerrotan. Irakaskuntza, lagunarteko afariak, literatura, Marlaxka soziedadea, euskara, eguneroko notiziak, mus aldiak, zenbait arratsaldetako kafeak eta abarrak, kantaldiak, “Oi, ama Euskal Herri goxua…!”. Ene, bada…!

Nagon, baina, isilik. Une honetantxe, auskalo nondik datorren doinua. Baina norbaiten zerbait bertso kanta-edo uste dut entzuten dudala… Ixo!

 

Errenditu ondoren

behin betiko loan,

denok badakizue

nora naizen joan…

Edukiko zaituztet

gogotik gogoan,

zorionetan zuen

guzien ondoan. (Markox).

 

Arraio tximista, heu haiz eta Markox! Atsegin handiz entzun diagu hire kantua; zortziko txikian, baina sentimendu handian. Mirestu izan haugu, zinez. Lagun eta lankide asko gaudek hiregatik negarrez. Toki askotan gutako asko hiri mira iritzita egon beharko diagu aurrerantzean. Zorretan gaituk hirekin.

Nire aldetik, berriz, zer adieraztea nahi duk? Barrenak ez dituk ikusten; esanaz azaltzen. Estima handitan eduki izan haut luzaz. Ez haut ahaztuko egundo. Baina…, asteroko irakurlerik finena galdu diat, tamalez. Nork esango zidak orain Zokoan ikusi aldiro: «Hi, Jexux, …» eta botako zizkidak loreak, edozein harrotzekoak? Nork, hi falta bahaiz!? Jario ni, malkoz; adio hi, Markox!

Bizargorri, 2019-11-13


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07