blogak

Bai Horixe-Bizargorri

MANDATARI

Mandatari edo errekadista klase asko izan da euskal herrietako historian. Bat, esango nuke dela, herri-koxkor apartekoetatik, baserri sakabanatuetatik, hirira joan-etorrian, eraman edota ekarrian, zebilena (Abaltzisketatik Ordiziara, Orendaindik Tolosara, Araoztik Oñatira, Jaizubiatik Irunera…); bestea, berriz, hiritik aldirietara, inguruetara ibili ohi zena. Lehendabizikoari buruz lehen ere kontatua naiz nola zenbait herritxoetan agertzen zen etxeetara mandataria, mando eta guzti, eta hartzen zituen mandatuak, enkarguak edo errekaduak, hiririk hurbilenetik ekarri eta bakoitzari bereak diru trukean entregatzeko.

Bestea, aldiz, alderantzizkoa zen: hiritik bertatik, hirigunetik, aldirietara gertatzen zena. Mandatari edo errekadista haiek (oraindik ere badaude makina bat, auto-makinan baina) gazteak izan ohi ziren oso, neskato zein mutiko. Sosen bila ibili ohi ziren, jakina; beti ere, etxe handiko jende handiagoen zerbitzuzko morrontzan. Gaur nik hemen, labur bada ere, bi ditut aipatuko hondarribiarrak biak; bata oinez eta bestea bizikletaz ibiliak; biak ala bia mandatari.

Oinezkoa, Lupe Portu,  gerora Olearso liburutegiko jabeetako bat (aurki beteko dira bi urte itxi zutela). Joan den mendeko 50. hamarkadan, gerraostean artean, hamar bat urte zituela, oinez tipi-tapa joan ohi zen, besteak beste, Miramar hotelera egunero egunkariak partitzera, bere ama Maritxurena baitzen periodiko-denda. Baina ez pentsa, gero, edozeinentzat zebilenik mandatari gure Lupe Portu neskatoa; ez: atera kontuak nortzu zituen bezero: Villaverde-ko markesa, Cristóbal Martínez-Bordiú, eta Carmen Franco berbera!!! Propina franko emango zioten, noski. Izan ere, “euskal Marbella” izaki Hondarribia, “jeta eta seta eta pezeta” zuena etortzen zen hona: jet-set, beaucoup de peset…!

Beste mandataria, berriz, bizikletaria, mutikoa, JME. Hala deituko diot nik hemen, ez dut-eta baimenik haren izenik agirian erabiltzeko. (Hondarribian berehala harrapatuko dute haren arrastoa, badakit; baina, zer egingo diogu, ba). JME berak kontatu didanez, hamabitik hamalau urtera bitartean aritu zen, artean galtza motzetan, mandatari lanetan bizikletaz. Udako hiletan beti ere, egitekoa hauxe zuen: Tita-ren dendatik, Portuko kaletik, bizikletaren atzeko parrilan produktuak hartu kaxa bete batean (barazki, patata, olio, arroz…) eta, pedalei gogotik eraginez, herri inguruetako txalet edo landetxe dotoreetara hurbilduta, mandatuak partitu, banan-banan entregatu. Villa Montenegrón, Villa Elisa, Villa (?)… (Ahaztu omen zaizkio gehienak, baserri edota villa; eta joan hadi orain haien bila!). 1960. hamarkada; astean sei egunetako mandatari lana; hilean 500 pezeta; gaur egungo 3 euro; atera kontuak…

Behin zelebrea gertatu zitzaion, zelebrea gertatu zitzaionez, nonbait. Atera da parrilako kaxa bete-betearekin bere mandatuak egitera eta aberats etxe haietako baterako… arrautzak falta; ekartzea ahaztu! Buelta berriz ere Pakaren dendara; beharko. Kaxa astun handia hutsik bertan utzi noski, arrautza dozena poltsa sendo batean silin atzera lotu nolabait eta, presaka bezain jostari, abiatu da berriro falta zuen mandatu bakarra egitera. Euria egina zuen… Apenas ia zamarik gabe txirrindan, arin zihoan mutikoa, txistu joka, erdi jolasean… Eta (lagunekin bizikletan jolasean zebilenetan ohitura zuenez), txaleterako bidean zihoala, hain airoso ere joaki, ipurdia silinetik atzera bota zuen, atzeko gurpilaren gaineko parrilara… Ai, ene! Kris-krasss!, arrautzak xehetu ez zituen, bada, oharkabean!! Hura salda-ixuri gorri-xuria atzeko gurpiletik beheti…!!!

Zer egingo?, zer egingo…? Eta mutiko babo motza ere ez zenez gure JME hau, bide bazterreko lokatz lohietan izterrak eta ukondoak eta sorbaldak eta kopeta zikindurik, atzera bueltan Tita-ren dendara itzuli zen portura abioan. Damuz betea, min itxuratan, intzirika kexati presentatu zitzaion dendariari, esanez: «Irristatu eta erori egin naiz bidezulo batera. Hau mina! Eta arrautzak, hautsi… Barka, ene ba! Zer demontre egin behar dugu orain…!?».

Eta Titak, mutiko gizajoa gupidagarri ikusirik, errukitsu eta goxo esanik izango zion: “Ai, ene, bada, ba…! Gaixoa zu, halakoa…! Zatoz, zatoz nirekin; nik sendatuko zaitut eta…! Arrautzak hautsi direla…? Inporta dio bost! Baditut nik gehiago…”. Sekula santan bere bizian ez omen du hainbeste mimo jaso, bere akordioan, bederen. Eta egun hartan Tita dendariak eskaini zion ogitarteko bikaina, jamon-de-york eta guzti, ez omen dauka ahanztekoa, ahaztekoa ez daukanez gure JMEk… Ondoren gero, dozena bat arrautza berri hartu berriro, parrilan lotu taxuz eta, jolas txoroetan deskuidatu gabe, eguerdirako, berandu gabe artean, otordurako ailegatu omen zitzaion behintzat villako señora kanpotarrari. Hari ere herren itxurak egin, eroria zela esan, berandu iritsia barkatzeko eskatu eta…, errukia bultzaturik, xoxak atera zizkion propina gisa.

Gero aita-amak etxean jantzi zikin haiekin ikusi zutenean narrats, amak bota zion erretolika hemen kabitzen ez da. Berealdiko errieta aldia, onez onean esana baina: «Non demontre ibili haiz, motel…! Hau duk hau piura…!! Hori duk hori kuxidadea—!!!». Ama, haserre plantan; aita, tximinia baino beltzagoko kopetarekin; eta JME gizajoa, uzkur-muzkur… Mutu kanpotik, baina kontent barrutik. Txoil kontent. Baldinbaitere: sosak patrikan eta bokata zakuan…!

 

Bizargorri, 2021-01-27


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post MANDATARI appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07