blogak

Bai Horixe-Bizargorri

LUZA ESKUA (edo Zepoaren Parabola)

Mundua ez omen da gaiztoen gaitzen kulpaz galtzen, zintzo epelen apatiaz baizik. Hala dio esaerak, eta ez dirudi gezurra denik. Begiratu besterik ez dago Altsasun atzo bertan gertatuari: lau gazte preso eraman gaiztoz eta herritar guztiak kalera atera ziren, kezketan arduratsu, etxekoei laguntzera. Begiratu besterik ez dago Antzuolan joan den igandean gertatuari: egundalako euri-jasak herrian eta berebiziko ur-errekak kaleetan, bebarruak, garajeak, liburutegia etab. itoz. Zer izan zen han txalogarriena? Inor ez galdu izana, batetik; eta, bestetik, jendearen laguntza, entrega, esku luzatzea…, auzo lana. Goiko pisuetan bizi zirenak bideoak grabatuz leihotik begira lasai ederrean egon besterik ez, baina gehien-gehienak, zahar-gazte, andre-gizon, kalera jaitsi ziren auzoei laguntzera.

Zepoaren Parabola. Sagu batek, horma-zulotik begira zegoela, senar-emazte baserritarrak bistaratu zituen pakete bat irekitzen. Eta ikusi zuen, izu-ikaraz ikusi ere, sagu zepo bat zela. Astirik galdu gabe, zuzenean auzoko guztiei abisatzera joan zen: «Zepoa ipini dute! Sagu zepo bat ipini dute…!».

Oiloak, karakaz eta aztarrika ari zenak, esan zion: «Barka, sagutxo. Badakit zuretzat arazo larri dena. Niretzat, baina, kalterik ez da». Arkumeak hurrena: «Ez, mesedez, gaizki hartu; baina zure alde errezatu, besterik zer egin dezaket nik?». Behiak hurrenago, berriz: «Zer ikustekorik dut nik horretan, e!? Ez da nire arazoa…». Eta sagu gajoa belarriak apal-apal eginda itzuli zen bere gordelekura, baserritarraren zepoaren kezkaren kezkaz.

Gau hartan bertan zalaparta handia aditu zen baserrian, zepoan baten bat erori izan balitz bezala. Etxekoandrea berehala joan zen atzituaren bila. Ez ilunpetan ikusten, ordea, eta ez zen garaiz konturatu suge pozoitsu bat zegoela buztanetik harrapatuta. Di-da, zazta!, heldu zion aztaletik… Ospitalera eraman zuen agudo senarrak. Handik bueltan, gero eta gero ere, sukar gaitzetan zen andrea eri. Hura goxatzeko zer egingo…?, eta salda goxoa prestatu nahi izan zuen; zerekin…?, eta oiloari lepoa moztu zion. Emaztea hurrengo egunetan ere mejoratzen ez, eta bisitan etortzen hasi zitzaizkien etxekonak eta lagunak. Baserriko jaunak arkumea hil eta erre zuen, guztien aho gozagarri. Andreak, ordea, zaintzak zaintza, onezkorik ez; eta hil egin zen gajoa egunetara… Herri hartan ohitura zaharra hala izaki, hileta egunerako, saminak min, sekulako oturuntza antolatu zuen etxeko jaunak, behia hiltegira eramanda: izan zen han aski salda eta txitxi erre-egosi doluminetara agertu zirenentzat…

Honaino Zepoaren Parabola… Ipuin-ondo edo antz-irudi edo irakasbide bila hasita, hamaika topa genitzake akaso (zerbait behartuta, beharbada; dena esan behar da), atzoko Altsasuko gertaeren harira edota, bestela, joan den igandeko Antzuolakoen ildotik. Esaterako, honako hau: antzina, senar-emazte kastillatarrek ezarri ziguten hemen hauetan nolabaiteko zepoa; itota gauzkate nolarebait mendeetan geroztik; geurea den arren erabakitze eskubidea, alferrik. Etzazula esan ez denik zure arazoa. Eskubidea Gure Esku Dago. Beraz, luza eskua datorren igandean, zintzo apalaren apatia utzita. Izan ere, bart bertan ere, esnatu garenean, sugea desagertua dugun arren, zepoak hortxe segitzen zuen.

Bizargorri, 2018-06-06

_____

© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07