blogak

Bai Horixe-Bizargorri

KOSKABILBOAK

Aliron jauna pozik bizi zen, zorion arraio harroetan, urtea joan eta urtea etorri. Egun batean, ordea, buruko minak erasan zion. Arin erasan ere hasieran, baina egunetik egunera eraman ezina bihurtu zitzaion arte. Hain eraman ezinak ziren haren buruko minak, azkenerako medikuarengana joatea erabaki zuen derrigor, bizimodua eta lana normal egin ezinik. Etxeko medikua aski ez noski, eta espezialista batengana jo nahi izan zuen. Erradiografiak egin, odola atera, gorozkiak eta gernu laginak erakutsi eta hala esanik izango zion gaixoari:

—Notizia bat ona daukat zuretzat; beste bat, txarra. Ona da, buruko min horiek ken diezazkizukedala. Txarra da, irendu egin beharko zaitudala; alegia, zikiratu, ernaltze organoak erauzi. Egoera oso arraroa da, izan ere, zurea: koskabilbo horiek bizkar hezurraren oinarria dizute estutzen eta zanpatzen, eta estutze eta zanpatze horrexek eragiten dizkizu buruko minak, zuzen-zuzenean. Konponbide bakarra zure koskabilbo horiek errotik ateratzea da.

Erabat deprimitu zen Aliron jauna. Buruko minak, ordea, areagotu egin zitzaizkion eta, etsiak hartua, ebakuntza egitera deliberatu zen… Ospitaletik etxerakoan, kito, buruko minaren arrastorik ere ez zeukan. Aldi berean, baina, bihotz-apalik eta abaildurik sentitzen zen, zerbait funtsezkoa falta balitzaio bezala (jakina, nabarmen…). Eta: “Bazekiat bai nik zer egin: traje berri dotorea enkargatuko diat”, esan zuen bere kolkorako; “nik emango zioat gorputz eder honi merezi duena…». Denda fin batera joan zen prestuki, traje baten eske.

—Oderto, jauna –esan zion dendariak, begiratu batean–. 48 talla, hortaz.

—Horixe! Horixe da bete-betean asmatzea…

—Nire lana da; urte askotako jarduna, eskarmentua… –dendariak.

Aliron jaunak trajea probatu eta primeran zetorkiola ikusi zuen ispilu baten aurrean: galtzak neurri-neurriko goi-ta-behe; txaketa elegante, eroso.

Bezeroa hain gustura ikusita, aukera ona aprobetxatuz, dendariak:

—Eta… zer iruditzen zaizu alkandora berri bat?–. Ekartzeko; baietz.

—Mauketan 34koa eta lepoan 16koa. Ez da hala, jauna…?

Baietz, bezeroak; ea nola arraio asmatu zion. Bere lana zela, dendariak. Laster asko ekarri zuen alkandora berria. Aliron jaunak jantzi, lotu, ispilu aurrean ikusi eta…: “Konforme. Ederto baten!”. Saltzaileak, instanteko gero;

—Eta…, zapata berri batzuk…?

—Bueno… Behin honetara ezkero, ekarri zapata berri batzuk ere.

—43 numeroko parea, hortaz.

—Horixe eta bera. Hori da asmatzea!

—Nire lana da, eskarmentua, urte askoan asko ikusia…

Aliron jaunak zapata parea probatu bitartean, saltzaileak, xarma arma:

—Eta…, galtzontzilo berriak, zer moduz? E…!?

Ebakuntza egin berria oroitu zuen Aliron jaunak une batez, eta baietz!

—38 tallakoak beharko dituzu… –dendariak.

—Ez, ba; oker zabiltza horretan, horra –Aliron jaunak irri murritzez–. Hemezortzi urtez geroztik, 34a jantzi izan dut beti. Ondotxo dakit hori…

Dendari saltzaileak orduan, buruari eragiten, ezezka:

—Ezinezkoa da zuk 34a janztea, jauna. Hala eginenean, galtzontziloak estuegi egongo lirateke; koskabilboek bizkar hezurra tint estutuko, zanpatuko lizukete; eta, ondorioz, egun santu osoa buruko minez ibili beharko zenuke…

Bizargorri, 2018-08-29


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07