blogak

Bai Horixe-Bizargorri

KORONAVIRUSALDIA (eta 2)

Aurreko astean hasiera emandakoari segida emango diot gaurkoan, birus urte malapartatu honetako udaberrian tokatu zaigun abelera motzean jaso behar izan dudan (duzun, duten…) waxap zaparrada azkenik gabea gogoratuz eta ale aukeratuak erderatik euskarara itzuliz. (Euskaraz broma gutxi baitago). Gogoan eduki, beti ere, egoera: birusa hilkor; konfinamendua; balkoietan txalo, kanta, lapiko joak eta zerak; eskola, taberna eta abarrak itxiak; kaleak hutsik…

(*) «Aholku bat, aizu: has zaitez larrua jotzen 19:58etan puntu-puntuan. Hartara, 20:00etan bukatzen duzunerako, etxekonekoen txaloak eta eupadak entzungo baitituzu; eta, jakina, arinaldia emango dizu horrek (subidón)». (*) «Ba, azkenean noizbait (bazen garaia ere-eta), 2020 urterako neure buruari agindu niona txintxo betetzen ari naiz, oraingoz bederen: “irten hadi gutxiago kalera”». (*) (Martxoaren 28an, larunbatarekin, aurten ordu aldaketa tokatu zen: gaueko ordu txiki-txiki batean, ordulariak ordubete atzeratu beharra. Ohar hau ziguten zabaldu): «Berrogeialdi edo itxialdi hau gogorra gertatzen ari denez denontzat, Gobernuak behingoagatik gaur gauean etxetik irteteko baimena eman du; hori bai, ordu bakar baterako: 2:00etan atera zaitezkete kalera. Baina, et, et, et…!, 3:00etan atzera etxean behar duzue egon. Aprobetxa…!».

(*) «Aitortu berri didate asko hoska ari omen dela esanez, alegia, bi harri koskor hartu eta barrabilak zapla! jotzen badituzu, koronabirusa pott! hil egiten omen dela. Ezta kasurik ere. Nahi dutena da zu kalera irtetea, isuna jaso eta jasan dezazun. Hozkailuaren atea erabil dezakezu eta igual-igual funtzionatuko dizu. Kasu egidazu. Eta esan denei». (*) Koronabirus hau emakumeren batek asmatua behar du izan, bai ala bai. Terrazak desagertzea, tabernak ixtea, futbola galaraztea, baita F1a eta moto GPa eta abarra ere; gainera, gizaseme guztiak etxean gerarazi eta ile-apaindegiak irekitzea (hasieran, behintzat)… Mesedez, emakumea ez-eta nori besteri bururatu behar zitzaion halako abelera zitala?

(*) Nostradamus-ek bere “Prophecies…” liburuan aspaldi iragarri zuen gure pandemia hau: «Eta bixkien urtean (20-20), ekialdetik (Txina) erregina bat sortuko da (Korona, koroi), zeinak bere izurria zabalduko baituen (birusa) gaueko izakiengandik (saguzarrak) 7 muinoetako lurraldera (Italia); hartara, ilunabarreko andre-gizonak (atso-agureak) hauts bihurtuz (hil), ondoren denek hondamendiaren itzaletan akabatzeko (munduko ekonomiaren akabera)». (*) Eta zertan esan ez da “Bisurte, miseri urte” esan zuenak ongi asmatu zuela.

(*) Italian lema kontsolagarri polita ibili da: «Gure aitona-amonei gerrara abiatzeko agindu zieten; guri etxean gera gaitezela esan digute, besterik ez». (*) Aurreneko aldiz gurean borroka dago egunero, zaborra bota eta txakurra kalera ateratzeko. (*) Aurki umetxoak libratzen ez badituzte, eurek asmatuko dute, txinarrek eta amerikanoek baino lehenago, txertoa, bakuna, antibirusa. (*) Aitu: garrantzitsua da bizpahiru egunez behin galtza bakeroak probatzea. Pijama oso traidorea baita. Aitu ondo! (*) Haurrak aurki etxetik ateratzen dituzuenean, Sanferminetako entzierroak karakol-karrerak irudituko zaizkizue. (*) Haundia litzateke gero, haundia kuanto!, abelera txar honetatik Birusik gabe eta Koronarik gabe aterako bagina! Borboi-birusa: oi-oi, uxa-uxa…!

Birusa bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan, ez ateratzeko inongo plazan!

Bizargorri, 2020-04-15


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post KORONAVIRUSALDIA (eta 2) appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07