blogak

Bai Horixe-Bizargorri

KALEAN HIL / KALEAK HIL

Donostiako Bulebarrean, eta nonahiko herri handi samarrean, belar-motzean hazitako jende behartsu mordoa dabil egunero, gauza guzien eza ezagun dutela. (Taldeka batzuetan, elkartasuna delako jende ahularen indarra). Haien inguruan badira begirale batzuk, zaintze lanetan boluntario dabiltzanak. Eta horietako batek (M. deituko dugunak) hau konta dezadala eskatu dit, Raul zenaren omenaldi gisa. M-ena da historia egiazkoa; nirea, kontaera fidela:

«Kalean bertan, Bittor bezala, hiltzen bazara, komunikabideek errukizko magala erakutsiko dute, ahuntzen begien larriarekin, egun baterako… Baldin ospitalean hiltzen baza, ordea, Raul bezala, munduan jaso onik ez daukana izango zara, ahaztua eta galdua, betiko. Lehena kalean hil zen; bigarrena, ez; baina bi-biak kaleak hil zituen. Bazterrean utzita. Gabearen hatsa, kiratsa…

«Raul madrildarra zen, 46 sei urteko gizasemea, gorpuzkera sendokoa eta, kalteak akats, guapoa mutila. Ostiralean lurretik jaso zuten eta igandean hil zen. Bizi osoa zeraman kasik kalean. Askok zuten Donostian ezagutzen, noski, Bulebarrean luzaz ibilia zelako eta, batik bat, azken urteotan Grosen, Secundino Esnaolaren plazako aulkian, egon ohi zelako, Tronko bere txakur lagunarekin. Azkenaldian, bingo ondoan, San Inazio eliz-atzean lo egin ohi zuen…

«Aldarte oneko zegoenean, bihotz onekoa zen, adeitsua eta eskuzabala. Kobratu berritan behin, neuk ikusi nuen nola eskaini zizkion 10 euro taldeko lagun bati. «Baina, baina… –esan nion–; zer ari haiz, moteil!?». Eta: «Gaztea duk –erantzun zidan–, begikoa diat eta, gainera, nik baino premia handiago dik». Gehiegi edaten ari zen neska atzerritar bat bistaratu zuen batean, begira genezala erregutu zigun, zaintzeko. Taldeko lagun bati norbaitek lapurreta egin zion batean: «Nola arraio lapurtzera abia liteke inor, hutsaren hurrengoa besterik ez daukan batengana!?», aitortu zigun saminez.

«Aldarte txarreko tokatuenean, ordea, oldarkor sutsu ere gerta zitekeen; anbulantzia eta ospitaleko erizainek eskarmentu gaitzak zeuzkaten Raulekin. Harena ez zen, gero, ahuntzaren gauerdiko eztula; ez. Orain denbora asko ez dela, ohatilari lotu eta guzti egin behar izan zuten, halakoxe haserre zitala erakusten zuen eta. Biharamuneko egunetan, aldiz, bere onera itzultzean, barkamena eskatu ohi zuen eta zintzo zen portatzen, adeitsu eta gisako.

«Umorea ere zorrotza zuen, bera zen bezalaxe. Hilabetez ospitalizaturik egon zen. Tronko bere txakur kuttuna adiskide baten zaintzapean utzi zuten bitartean. Handik bueltan zela, Bulebarrean ikusi nuen koadrilarekin eta halaxe esan nion: «Tronko hilabetean beste batekin ibilia duk… Nor ote dik orain nahiago, hi ala bestea?». Eta: «Hortxe daukak –itzuli zidan erantzuna agudo, hatz erakusleaz ttottoa seinalatuz–; galde iezaiok berari; ikusiko duk…!».

«Bulebarrean beste behin bost “kaleko” elbarri gajo errukarriekin eta Tronkorekin nenbilela (hanka igeltsatua; ipurdi bistako esku bendatua; lurrean lerde jario etzana; ikteriziaz aurpegi markatua; begi ubeldua…; zakurrak belarri esparatrapuz bildua, beste zakurren baten hozkadagatik), gizaseme batek keinu egin hurbil nekion eta galdetu zidan: «Zer du zakurrak…!?».

«Bittor, kaleak hilik, kalean bertan hil zen. Zenbat argazki, zenbat hitz “potolo” paperetan, zenbat istanteko erruki hutsal hitzetan…! Raul ospitalean hil zen bakar-bakarrik eta kito: ahuntza larrean ito: kaleak hila, kaletik kito!».

Bizargorri, 2020-09-30


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post KALEAN HIL / KALEAK HIL appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07