blogak

Bai Horixe-Bizargorri

JONEN AMA ETA AITA

Egun halakoxe batean, Gipuzkoako herri koskor bateko parrokoak, gosea bapo isildu eta egarria bapoago ito ondoren, ondoezik sumatu zuen bere burua, sabeleko min itsusiz. Medikuari hots egin eta honek, apaiz errukarriaren egoera larria ikusita, Zumarragako ospitalera lehenbailehen eraman zezatela agindu zuen. Bai asmatu ere. Hara orduko, salbatzekotan, operatu behar izan zuten.

Handik gero, anestesia eta sorgarriak zirela medio ohean erdi lotan  zetzan denboran, aldameneko gelan dama gaztetxo soltera bat haur zoragarri batez erditu zen. Erditze oso zaila tokatu, sobra ere, ordea, eta, zorigaiztoz, ama hil… Abelera motza hura… Zer demontre egin haurtxo jaio berriarekin…!? Bazegoen zeinek zer pentsatua ospitalean; bai, alafede.

Mediku eta erizain taldetxo bat bildu zen premiaz. Hausnar eta aieru aritu ondoren, bati derrepente bururatu zitzaion irtenbiderik onena umetxoa apaizari ematea izango zela, harexek heziko ere zuela-eta ondoen… Zuzen iritzi zioten denek soluzioari eta esan bezala erabaki eta egin ere zuten: erizain eta mediku bik, haur jaioberria besotan hartu eta, gozo-gozo, apaizari,  artean sorgor zegoenari, utzi zioten ondo-ondoan, izarapean.

Esnatu eta umetxoa bere altzoan ikusi zuenean, izutu zen parroko jauna.—Baina, baina…, zer da hau…!?

Medikua ez zebilen aparte eta, ohe ondora joanik, hala esan zion eztiro:

—Begira, hauxe duzu, ba, zure sabeleko minen eragilea, horra.

—Baita zera ere! Ezin liteke, ordea…

—Gaur egun, bai –medikuak–. Denboren eboluzioarekin gauzak asko aldatu dira. Orain gizasemeok ere haurdun gera gaitezke. Ez zara bakarra…

Etsi-etsian, onartu behar izan zuen apaizak begien bistan epelik zeukan errealitate ttikia. Pentsatzen luze egon ondoren, bere kolkorako hala egin zuen: «Gure Jainkoaren borondatea bada, aurrera. Herrira itzultzen naizenean, nire ahizpa zenduaren semea dela esan, eta neu egingo naiz ume honen kargu».

Egun batzuk geroago, sendaturik, umea jaso eta parrokiara joan zen zuzen. Behin han, eliztarrei egiantzean kontatu behar izan zien bere istorioa. Susmo txarrik gabe ez, baina, denbora joanean, laguntzat hartu zuten auzotar berria, zeina Jon izenez bataiatua izan baitzen ur zipriztin eta errezoen artean.

Urteak aurrera, ohi duten legera, eta zahartu zen parrokoa. Zahartu ez ezik, baita larriki gaixotu ere. Jonek hogeita bost urte beteak zituen ordurako. Bere ohean hilzorian zela, izu-larritu zen une batean eta:

—Datorrela Jon! Datorrela Jon agudo…! –hasi zen zalapartaka.

Jon arin batean inguratu zitzaion, noski, eta:

—Zer…? Zer nahi duzu, osaba? Hemen nauzu.

—Begira, Jon –parroko jaun eriak, indar-arnasa hartuta–; badut sekretu handi bat zuri esan beharrekoa; ezin hil naiz horixe esan gabe zuri…

—Lasai, osaba –esan zion Jonek, apaizaren jarduna etenda–; zaude lasai; ez daukazu ezer kontatu beharrik niri, aspalditxotik konturatuta nago-eta nire aita zarela.

Ohean zetzan eriak orduan, indar-arnas sakonagoa hartuta, esan zuen:

—EZ…! Ni zure ama naiz…! Aita Gotzaia da. Ezin esan dizut nongoa… Zoaz zeu bila: entera dadila. Eta hala, Jainkoak salba gaitzala.

Bizargorri, 2018-11-14


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07