blogak

Bai Horixe-Bizargorri

IRAIKO ITTURRIN

Gure euskal herrietan festa-bezpera eta festa eta festa-biharamuna behar lukeen uda garaiotan, erromeria eta ero-feria, ez da zoritxarrez ez-festa besterik. Ez-festa. Ama-birjinak eta patroi egunak iritsi ahala badoaz, baina festarik ezin ospatu da kalean inon, are gutxiago behe-barru itxi jendetsuetan. Hirietan. Hala joan berri zaigu San Inazio eguna ere; isilik asko joan ere. «… ez da ez etsairik jarriko zaizunik inolaz aurrean gaurko egunean…; garaitu ditu zure konpainiak etsaiak». Aurten ez dakit, ba… COVID virus madarikatuarekin, ezin!

Orain urte asko (joan den mendeko 50. hamarkada dut nik gogoan), ezin ahaztuzko festa ospatzen genuen Ormaiztegin, Iraiko itturrin, Iraegiko iturrian, urtero Saninazio egunez. Ira(eg)i Eztanda errekaren ertzeko baserria da eta, ehunka metro batzuk beheraxeago, errekaren beste aldean, izen bereko iturria dago, iturri estima handikoa orduan, gaur egun bere zuloan ahaztuta baldin badago ere: haltz, astigar, haritz, intxaurrondo, sasi, mizpira, urritz, intxusa, pinu, asun, lizar, makal eta laharren artean abandonatuta.

Arratsaldean izaten zen erromeria hura, merienda garaian. Ez dakit nik herriko bazter guztietatik joaten zen jendea (uste dut ezetz), baina inguruko etxe eta baserrietakoak gehienak bai, haur, gazte, heldu eta zahar. Gu Telleritik behintzat, etxean ginen denak joaten ginen: aitona-amonak, aita-amak eta bost ume. Bazkalondoren amak prantatuko gintuen guapo-guapo; ontziak, jatenak eta zapiak saski batean jarriko zituen txukun irmo;  eta neska-mutiko hazitxook pozez txoratzen saltoka, txikiena norbaiten besoetan lo, han abiatuko ginen…

Gure etxetik hiru bide geneuzkan Iraiko itturira joateko: errepide bazterretik errotara jaitsi eta Ola baserrian eskuinera hartuta, bata; bestea, Iraira jaitsi eta aldaparon ertzetik errotara jota; hirugarrena, berriz, Eztanda (izena ere ez genekien guk orduan) non edo han gurutzatuta (“erreka zabala” esaten genionetik normalean). Bidea berehalaxe egiten zen, noski. Behin bertara iritsi orduko, jende ezaguna agurtu eta festarako pronto ginen denok. Ezer baino lehen, jakina, tokia hartu beharra zegoen. Behin puntua aukeratuta, mantalak zabaldu, ontziak atera saskitik, belarretan eseri eta… kito: festarako prest! “Non erromerie, han ipurdie”.

Batetik, ttunttuna genuen, txistua eta danbolina, Paxkual herriko semeak jota. Bestetik, berriz, ura ez genuen falta, baldinbaitere, iturrian egonda; baina Elosegi jaunak ardoa ekartzen eta partitzen zuen, ordea, eta zer esanik ez dago: bazen han zer jana eta zer edana, alajainkoa! Aldarrikatu arren “San Inazio, edan despazio!”, izango zen han zazpi azio; mila arrano beltz…! Gainera, “non da festa, han da neska”.

Familia jirako merienda-jana egin ondoren, bistan da zer gertatzen zen han ere, munduan beste toki askotan bezala: helduak eta zaharrak kontu kontari dantzari ekingo zioten; umeok, berriz, bazterrak nahasteari. (Gazteak auskalo zertan hasiko ziren: umeok ez genuen astirik inori begira egoteko). Batzuk, katiuskak jantzita, errekara jaitsiko ziren Olako ahateen bila, hain ziren izan ere ikusgarriak eta tentagarriak… Beste batzuk, ondo gogoan dut, Iraiko Nikolasen oilategira hurbilduko ginen. Itxitura sendoz inguratua egon arren, lau ertzetako zuloren batean, belar haunditan, zer aurkituko?, eta arrautzak topatzen genituen, gehienak ustelak. Hura festa gurea haiek lehertzen…

Aurten ere ez zegoen Saniazio han ospatu ezinik. Baserri giroko landa-eremu halakoetan, ez orain eta ez lehenago, ez da birus malapartaturik. «Inazio hor dago txispaz armaturik…, ez dauka beldurrik inongo aldetik». Han libre da festa. Ez dakit zergatik dagoen halako bazter eder polita, Iraiko Itturrie, hain aparte, hain ahaztuta, hain hutsik Saninaziotan.

 

Bizargorri, 2020-08-05


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post IRAIKO ITTURRIN appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07