blogak

Bai Horixe-Bizargorri

HITZA ZURI, AZIOA ZIRI

Edozein jarrera edota jokaera zuritzeko arrazoiak beti badira. Horretan abilak asko daude; gure inguruan egon ere. Bai, alafede. Baina, horretan abil, iaio, trebe, praktiko aprobetxategi profesionalak politikoak ditugu; dudarik ez. Atsotitzak hala dio: Politiko-solas, gezur-solas. Baita hauxe ere: Itxuraz txori, izatez bele. Izan ere, itxurak eta azal-apainak egiten artistak dira. Han-hemen.

Nik gaurkoan Errusiatik Israelera estatua batekin bidaian doan gizaseme arrunt baten pasadizoa kontatuko dut. Baina, igual-igual izan zitekeen Arabia Sauditik Madrilera Errege espainiarra, Bin Abdulaziz baten estatuarekin; edo Tramp bera, Txinatik New Yorkera Mao Zedong-enarekin… Kontua zera da: abila izatea “zuretzat latin; niretzat jakin” egiten. Oraintxe entendituko duzu.

Behin legeko bere berrogeialdia egin eta gero, judu errusiar bati baimena eman zioten Israelera joan zedin. Moskuko aireportuan, ordea, maleta barruan Leninen estatua bat aurkitu zioten eta:

—Zer da hau? –galdetu zuen aduana-zainak.

—Galdera ez-zuzena, funtzionario jauna. «Nor da hau?» beharko zukeen izan zure galdera; nik, hartara, honela erantzuteko: «Lenin Kamarada duzu; sozialismoa hemen hauetan paratu eta errusiarren etorkizun oparoa preparatu zuena. Gure heroia etengabean gogoratzeko daramat neurekin».

Haren abertzaletasuna miretsiz, fede onez utzi zion pasatzen ofizialak.

Hegaldia gorabeherarik gabe (arazorik gabe, alegia) egin ondoren, Tel Aviv-eko aduanan ere harrapatu zuten gizona estatua susmagarri harekin, eta:

—Zer da hau? –galdegin zioten.

—Galdera ez-zuzena, mugazain jauna. «Nor da hau» beharko zukeen izan zure galdera; nik, hartara, honela erantzuteko: «Lenin duzu, Lenin; judua nintzelako, Errusiatik kanpora bota ninduen putakume malapartatu halakoa. Nire bizialdi guzian egunero madarikatu ahal izateko dakart neurekin».

Funtzionario israeldarrak, txaloka ia, besterik gabe utzi zion pasatzen.

Hango bere etxe berrian bizitzen hasi orduko, salako paretaren erdian, lehentasunezko puntuan estatua ipini eta afaltzera gonbidatu zituen lagunak. Haietako batek, figura hura hain agerian dotore jarria bistaratu orduko:

—Nor da hori? –galdegin zuen.

Eta gure gizonak orduan erantzun:

—Ez da zuzena zure galdera, adiskidea. Zuk galdetu behar zenidan «Zer da hori?». Eta orduan nik gisa honetan erantzungo nizukeen, hara: «Hamar kilo urre huts dituzu; hamar kilo urre, Errusiatik zergetan ez ezertan xentimorik ere ordaindu gabe, ez aduanan ez inon deus ere deklaratu gabe, ekarri ditudanak».

 

Orain, uste dut, ulertzen duzula bai titulua (hitza zuri, azioa ziri); baita arestian aipatu dizudan ateraldi bihurritxoa ere (zuretzat latin; niretzat jakin). Politikoek hitzetik hortzera sartzen baitigute elea zuri eta ziria zorrotz. Politika omen delako, izan ere, kaka-zahar bera hamaika modutara kontatzeko sistema, bere uste ustez sendoan, edo fanatismoan, errotuta dauden tonto tuntun franko engainatzeko. Zer pentsatua eman dit, zer pentsatua eman didanez, guaxapez iritsi berri zaidan istorio edo historia edo parabola edo dena delako honek…

 

Bizargorri, 2020-11-11


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post HITZA ZURI, AZIOA ZIRI appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07