blogak

Bai Horixe-Bizargorri

HIRU MATRIMONIO

(1) Gizaseme gazte langile ezkongabe batek, Goierritik hiriburura Alderdi Ederreko lorategitik iragotzen zenetan, eskuzabal izaki mutila, astean behin-edo, hango ohiko eskale errukarri itxurako bati hogei euro ematen zizkion limosnan. Handik bolada batera, ordea, hamar euro ematen hasi zitzaion; denbora aurrera joanean, bost; eta azken aldera, berriz, euro bakarra… Eskale gizagaixo plantakoa ez zegoen, noski, isilik egoteko, eta egunetako batean galdetzen dio gizaseme diru-emaileari ea zer dela-eta halako beherekada nabarmena esku-erakutsian…

—Nik hogei euro ematen nizkizun –erantzun zion–, soltero nintzenean; hamar, ezkondu nintzenean; bost, lehen umea jaiotzean; eta bat bakarra orain, bigarrena etorri zaigunean… Etxean behar gehiago eta limosnak akabo!

—Arraio mila demonioa! –esan zion sutan eskekoak–. Beraz, zu, zertan? eta familia mantentzen ari zara; zerekin?, eta nire diruarekin!? Ederki eman ere!

 

(2) Ezkondurik etxe zaharrean bost urte egin eta gero, senarrak erabaki du logela goitik behera aldatzea, berritzea. Eta, bazter miaketan dabilela, topatu ditu armairu azpiko oinetako tokian hamar mila euro eta bost arrautza. Kezkan jarri eta, arinari emanda, joan da andreagana zuzen, ahotsa altxatuta galdezka, ea zer demontre ziren zerako zera haiek, halako zulo disimulatuan gordeak… Musika entzunez liburu bat irakurtzen ari da emaztea. Bolumena gutxituz, irri bihurrika, esaten dio bere gizonari:

—Bost urte luze daramatzagu dagoeneko elkarrekin; eta, haserrearazten nauzun bakoitzean, arrautza bat gordetzen dut armairu-zuloan. Hori da dena.

Lotsa-gorritu da pittin bat gizona, kontent eta harro, bost urteetan bost arrautza ez baita petral-aldi edo matxismo askoren seinale. Ezti-jario gero, begiak brist-brist, galdetzen dio andreari hurrena:

—Eta…, hamar mila euro horiek…?

Liburua itxiz oraingoan eta betaurrekoen gainetik begira, emazteak:

—Arrautzak, dozena osatu aldiro, saldu egiten ditut. Horixe da dena…

 

(3) Senar-emazteak ohean zeuden etzanda gauean, beste askotan bezala. Gau hartan, ordea, andreak gizona zirri eta fereka sumatu zuen, lehenago aspaldian inoiz ez bezala. Ferekak sentsualak ziren, haragiaren sugarriak, atseginak oso, lepondotik hasi eta bizkarrean behera; hurrena gero, sorbaldatik bularretara jaitsi, titi jorran jardun eta zilborraren paretsuan geldituz.

Hurrenago, berriz, ezkerreko besoaren barruko aldetik hasi eta, eztiki bularralde hura ukitu eta hunkitu, saihetsean behera, ipurmasailean behera, izterrean behera, harik eta belaun-pare horretan gelditu zen arte. Handik gora gero, izter barruko aldetik, sabelpeko arrakala zulora. Han, geldi berriro…

Ukitu eta fereka berberak egin zizkion ondoren eskuineko aldetik ere, goitik behera eta behetik gooora, poliki, eztiki, jarraiki… Halako batean, bat-batean, gelditu zen, jiratu zen eta telebista ikusten jarri zen. Andrea bero-bero ordurako, noski (onez inor aspertzen ez), eta galdetu zion:

—Ñooo! Ederra zen, ba, zinez, egiten ari zinena. Zergatik gelditu zara…?

—Telebista-mandoaren bila nenbilen –senarrak–. Aurkitu dut; kostata!

Bizargorri, 2018-11-21


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07