blogak

Bai Horixe-Bizargorri

HEZURRAK ETA GEZURRA

Egunero-egunero bizpahiru periodiko irakurri eta hiruzpalau teleberri ikusten dituena begi-luze eta aho-zabal egoten da beti ere, zer-nolako notiziak, nondik eta norengandikoak, ote datozen. Zer esanik ez, norberaren interesa su-pizten duten horietakoak direnean. Egunotan, besteak beste, adi eta zurt eduki nautenak bi izan dira notizia edota iruzkina. Notizia barra-barra ibili da noski lurraren lau hegaletara: hau-ta-hori-ta-hura; iruzkina edo kritika, ordea, apenas atera den periodiko baten izkina kantoian: kurik eta kito… Hondarribian dioten bezala: “errexuiatik”, ur korrontetik ihesi, bazterretik, haize-babesean…

Noan hala bata nola bestea aitatzera. Ez notizia eta ez iruzkina gehiago zabaltze aldera (ez naiz, nire motzean ere, horren inozoa), baina bai egunotan nirekin izan dudan pozaren berri eman eta haserrearen sua erakustera: notizia da Loizun aurkitu omen duten gizon gazte baten hezurdura; eta iruzkina, euskal lurrotako “euskalduntze berantiarra” deitu izan zaion zera zero zoroa.

Nafarroako Erro ibarrean, Loizuko leitze baten sakonean, orain dela hiru urte eta erdi gutxi gorabehera, hezurdura topatu zuten espeleologo batzuek. Hezur-laginak (kaskezurra, masailezurra, femurra, hortzak…) zorrozki aztertu ondoren, adituek ikusi dute, oraintsu jakin berri dugunez, 1,6 metro luze eta 17-21 urte inguruko gizonezko batenak omen direla; duela 11.700 urte bizi izan omen zen norbaitenak. “Loizuko gizona” izango da gaurtik aurrera.

Notiziaren ondoko iruzkinetan hamaika galdera atera dira hor-hemen: nondik zetorren gizaki hura?; zein izan ziren haren arbasoak?; zer gaixotasun izan zituen bizitzan?; jateko, zertzuk ote zituen ehizatzen eta arrantzatzen…? Eta, galderak egiten hasita, neuri honako hauexek ere otutzen zaizkit bat-batez: zergatik etorri behar zuen inondik, bertakoa bazen?; amak edota aitonak zein hizkuntzatan hitz egiten ote zioten?; ez ote zioten ur, lur, zur, sur esango?; edo iz, ez, has, hatz, hotz, poz, huts, hits, putz… eta hala moduzkoak erakutsiko…?; ez al zuen Loizuko gizonak (ere) euskara erabiliko; aitzin-euskara edo proto-euskara deitua bederen, hala zehaztea nahiago bada…?

Eta orain dela hamaika mila urteko gizaseme haren hezurretatik, orain dela gutxiko beste gizonezko baten (batzuen) gezurretara nator; zuzen-zuzen, haserrexko. Ez nukeelako nahi, batetik, gure errotan garien partez artoa sartzea; bestetik, ez delako naturala aho batean bi mingain. Zer besterik esan dezakegu, bestela, ETBn euskaldunon eta euskararen historiaz, ustez guztiz jakintsu, ari denak (kristoren deskubrimendua balitz bezala) euskara ez dela gure lurrotara aspaldi etorria aldarrikatzen hasten bada!? Euskara ez dela, alegia, hemengoa; kanpotik etorria baizik. To! Losintxari lodiak gaiztakeria handiak…

Izan ere (jendeak ahantzia baitu dagoeneko nonbait), Alberto Santanak duela zazpi bat urte gutxi-asko, “Una historia de Vasconia” dokumentalean «euskalduntze berantiarra» zabaldu zigun: hau da, euskara orain mende gutxi etorri omen zela hona; hizkuntza arrotza omen dela hemen. Baita beste zenbait gezur potolo ere, gure kontrako beti… Neuk, entzun nionean, egundoko amorrazioa hartu nuen, sekulakoa! Teoria oker faltsu hori salatuz, Koldo Urrutiak gutun bat atera zuen prentsan aurreagoko batean, esanez alegia, ea non arraio tximista zebiltzan Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, EHU eta abarrak, ustez euskaldunak, gezur hori xehe-xehe egiteko. Erabat ados…!

Bizargorri, 2021-03-17


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post HEZURRAK ETA GEZURRA appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07