blogak

Bai Horixe-Bizargorri

HAMAIKAGARREN EMAKUMEA

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna izaki, gaia emana daukat. Bada aspalditik ezin atertuzko hitz-jarioa; badabil egunotan hitzontzi franko hedabideetan. Ezinezkoa da, beraz, ezer berririk esatea, dena esana dago eta. Saiatuko naiz, dena den. Lehendabizi, hamar emakume gogoangarri bezain goraipatu ekarriko ditut nire hizpidera. (Zerrenda Shareak Kultur Elkarteak eman zuen otsaileko Gazteberri-n; nik handik kopiatu egin dut, labur-laburka). Azkenean, hamaikagarren berri bat seinalatuko dut neuk, aurreko hamar damek adina fama eta gradu merezi arren, inork egundo aipatu ere ez duena.

Bat. Marie Coulun (1837-1913). Euskal feminismoaren aitzindaria. Parisen jaio zen arren, gazterik Euskal Herrira etorri eta Charles Abadia Urrustoi ezkondu zen berarekin. Emakumeen eskubideen babesle sutsua. Bi. Clara Zetkin (1857-1933). Politikari alemaniarra; hamahiru urtez parlamentari. Martxoaren 8ko ospakizunaren sortzailea. Hiru. Emmeline Pankhurst (1858-1928). Britainia Handiko mugimendu sufragisten sortzaileetako bat. Bere jarduera politikoa zela-eta, sarri hartu zuten preso. Gose greban jarri eta indarrez elikatu behar izan zuten. Lau. Maria Salomea Skodowska-Curie (1867-1934). Jaiotzez poloniarra, ia bizitza osoa Frantzian eman zuen. Material erradioaktiboak haren ikerketaren ardatz, bi aldiz irabazi zuen Fisikako Nobel saria. Bost. Virginia Woolf (1882-1941). Idazle britaniarra, feminismoaren beste erreferente garrantzitsu bat. Historian izan diren idazlerik handienen artean da gaur egun. Sei. Clara Campoamor (1888-1972). Politikari madrildar ezkertiarra. II. Errepublikan, diputatu (bozkarako eskubiderik gabe artean andreak). Erbesteratua. Haren gorpuzkiak Donostiako Polloe hilerrian dautza. Zazpi. Frida Khalo (1907-1954). Margolari mexikarra: sexualitatea, abortua, amatasuna… Izan zuen ibilbide politiko garrantzitsua ere, emakume eta indigenen defentsan. Zortzi. Simone de Beauvoir (1908-1986). Idazle eta filosofo frantziarra; Jean Paul Sartre, senar. “Bigarren sexua”, bere entsegua, feminismoaren Bibliatzat jotzen du askok. Bederatzi. Hedy Lamarr (1914-2000). Edertasuna, talentua eta adimen pribilegiatua. Film komertzial batean biluzik atera zen lehena. Nolabait, Wifia asmatu zuen pertsona. Eta hamar. Simone Veil (1927-2017). Politikari frantziarra. Europako Parlamentuko presidentziara iritsi zen lehen emakumea. Aintza eta ohore hamarreko hamar emakumeoi!

Bada, ordea (ai ene, badenez, alafede!), inon inoiz ageri ez den emakume gogoangarririk. Emakume anonimo andana seinalatzen hasita, ez naukake ez espaziorik, ez denborarik, ez abildaderik: emakume indiar, hegoamerikar, afrikar…; emakume emigrante, sal-erosi, esklabizatu…; emakume kazetari, irakasle, artista, kirolari, mediku, ikerlari… Munduko emakumeek osatzen duten poliedroak plano ugariegi ditu, batetik bestea apartatzen hasteko.

Bat apartatzen hasita, hauxe apartatuko nuke, horra: emakume begia bete lanekoa, akaberarik gabeko egiteko itogarrian bizi dena, etxeko besteen begietatik begiratzen duena, maitasunez (arduraz, arretaz, mimoz…). Horixe dut seinalatuko hemen hamaikagarren emakume handi gogoangarritzat: baserriko etxekoandrea… Esate baterako, Mariana Iraola Irastorza (1920-2001). Zaldibiko Arrun jaio, Ormaiztegiko Tellerira ezkondu eta bertan bizi izandua. Agur eta ohore zuri, emakume baserritar! Zor genizun hainbeste, ama.

Bizargorri, 2018-03-07


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07