blogak

Bai Horixe-Bizargorri

GRAZIAZKO ERANTZUNAK

Graziazko erantzunak, ikastolan entzunak… Irakasle urte askoan ibili garenok jaso izan ditugu, ahoz eta idatziz, makina bat erantzun graziatsu xelebre ikasleengandik. Lastima aldian aldiko apuntatu ez izana, denbora joanean ahaztu eta behin betiko galdu egiten dira-eta; den-denak ez bada ere, bai gehien-gehienak. Hona hemen mordoxka bat.

Arrasateko ikastolan tokatu zitzaigun honako hau, Franco artean, larri baina, bizirik zela. Urtero ikuskaria bidaltzen zuten eskoletara, noiz nahi. (Orduan “inspektorea” esaten genion, poliziaren pareko baitzen guretzat). Bat behin zortzi-bederatzi urteko neska-mutilen gelara presentatu zen, ez mus eta ez oremus. Arbelean iberiar penintsula kleraz trazatu, mutiko bat aliritzira behatzez hautatu eta, gaztelaniaz noski, ea bera non bizi zen seinalatzeko eskatu zion… Zutitu mutikoa, leihoraino hurbildu zen eta: «Hortixe behera joan eta, kale barrenean, eskuinetara» erantzun zion. Guk barreari isilik eutsi genion; inspektore jaunak mutu ikasi zuen umearen lezioa.

Handik urte gutxira, Irungo Txingudi Ikastolan, umeek bide-heziketaren minimoak bederen ikas zitzaten, udaltzain bat jartzen genuen gelan irakasle. Trafiko seinaletan bat bada lotarako mendi-denda luze tente bat, kono formakoa, irudikatzen duena. Horixe arbelean ipini eta neskatila bati galdetu zion dama udaltzainak, ea hark zer adierazi nahi ote zuen errepidean: kanping bat dagoela bertan (camping), lotara gelditzeko bertan (hotel), indioak bizi direla bertan (reserva india), edo bazter ederrak daudela bertan (vistas panorámicas). Neskak “reserva india” omen zela hura esan zuen oso-oso seguru… Gure hango barreak! Izan ere, haren gurasoek autoeskola zeukaten Irun-Hondarribian…

Ondoren orain hiruko sortatan datozenak han-hemen bilduak dira. Egiantza badute; baina, auskalo… Garbi dagoena da, itxuren arabera, erantzute guzti-guztiak lotsaren apurrik apurrena erakutsi gabe emanak izango zirela, noski. (1) Galdera: «Baldin sagar bat hartu eta lau lagunen artean partitzen badugu, lagun bakoitza zerekin geratzen da?». Eta erantzuna: «Gosearekin». (2) Galdera: «Zortzi gizon behar izan ziren horma bat eraikitzeko, hamar ordutan. Zenbat denbora beharko dute, hortaz, lau gizonek horma berbera eraikitzeko?». Erantzuna: «Bat ere ez, horma eraikia dago eta». (3) Galdera: «Esan itzazu esnea daramaten bost gauza». Erantzuna: «Ba…, gazta bat eta lau behi».

Bat. Andereñoak: «Aizu, Jon. Egin didazun idazlana, “Gure txakurra”, zure arrebaren igual-iguala da. Kopiatu egin diozu…». Eta Jonek: «Ez, ez, andereño. Gertatzen dena da txakurra bat eta berbera dela». Bi. Andereñoak: «Ane, nola partituko zenituzke hamaika patata zazpi lagunen artean?». Eta Anek: «Pure eginda. Esango nuke!». Hiru. Beste irakasle batek Asierri: «Nola dugu definitzen pertsona bat, hitz eta pitz hizketan segitzen duena, nahiz eta aurrean daudenek batere interesik erakutsi ez? Nola esaten zaio halakoari…?». Eta Asierrek: «Irakasle».

Lehen galdera: «Ilargiaren aldiak dira…?». Eta: «Ilberri, ilerdi, ilbete…, eta… laurden gutxi». Bigarren galdera: «Zer da fedea? Sinesmena zer da?». Erantzuna: «Da Jainkoak zerutik ematen omen diguna, apaizei ulertu ahal izateko». Eta hirugarren galdera: «Zer da trigonometria?». Erantzuna: «Tresna bat da, trigonometroak neurtzeko erabiltzen duguna».

Bizargorri, 2018-07-25


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07