blogak

Bai Horixe-Bizargorri

GORDIN

Konturatzen hasia naiz, aspalditxoan, asteazkenetako nire blog honetan umore berde gordinetik urruti nabilela. Kronikaz, iritziz, oroitzapenez aparte, lan honetan hasi nintzenean (“solasean jolasean”), zorrotz agindu nion neure buruari, batik bat, txantxa gordin pipermina izango nuela hizpide edo kontu kontagai, orriotan. Natorren, hortaz, gaurkoan nire bidera, bi berdekeria mihi hezez kontatuz, euskaraz zer zera guzia zozo zerioen zeremonien zirku zahar izaki. Buru adina ipurdi bagarelako geu ere, abererik animaliena bezain. Ala ez…?

 

Herrietan jareinda dabilkigun zorioneko koronabirusak (osasunean ez ezik ekonomian ere badu-eta gaitzik) nonahi utzia du hamaikatxo langabezian. (Hau ez da txantxa). Halako bat lehengoan Arrasateko Lanbide Bulegora joan da, badaezpada ere, eta ikusi du horman zintzilik kartel bat: «Ginekologoaren laguntzaile baten beharra dugu». Interesaturik, bulegariari mahaira hurbilduta:

—Lanpostu horren berri gehiago emango al zenidake, mesedez?

—Bai, bai. –Eta paperetan bilaka…– Hementxe dago. Enplegua honetan datza: ginekologoak ikus ditzan baino lehen, damak txit prest ipini behar dira. Eranzten lagundu behar zaie; azpiak eztiki garbitu aparrez eta lurrun goxoz; ile pubikoa kontuz moztu; eta, ondoren, olio leungarriz izterrak eta titiak igurtzi, ginekologoak azter ditzan gero. Hasteko, 1000 €ko soldata eskaintzen da hilean eta, interesatuenean, Zumarragara joan beharra dago. Horra…

—Ez da kuidadurik: Arrasaten edo Zumarragan lan egin, bost axola niri!

—Ez, ez –bulegariak–; ez da hori. Lana hemen bertan da. Gertatzen dena da lan-eskaera entregatzeko jende-ilara Zumarragaraino egin dela dagoeneko; badakizu, bi metroko tartea medio…

 

Aitatu ere ez du jendeak egiten, baina puta-etxea franko, izan, bada; eta, gainera, tren-estazioa baino hurbilago ohi daukagu maiz etxetik; parrokiako eliza bezain eskura, sarri askotan; eta ez gara konturatu ere egiten… Puta-etxe horietako batean gertatu berri omen da, probintzian bertan. Gezurra dirudi… Hala agindurik izango zion lehengoan “etxekoandre” nagusiak nesketako bati:

—Zoaz 1 eta 2 geletara eta ipin ezazu ohe bakoitzean panpin puzgarri bana, bi agure xahar datoz-eta mozkor-mozkor eginda; gauerdiko mezatan luze izanak, agidanez. Ez dira ezertaz konturatuko, gizajoak halakoak…

Agindua zuzen asko bete zuen neskak, noski. Baita agure xahar moxkor biak gela banatara joan eta, ustez behintzat, larrutan egin ere panpinekin…. Etxera bueltan zihoazela gero, buru argitzen hasiak, zaharretako batek besteari:

—Aizak, hi. Esango nikek nirekin egon den andrea hilik zegoela…!

—Hilik…!? –besteak–. Zergatik esaten dek hori…?

—Larrutan ari gintuan bitartean, ez zuan mugitu ere egin; isilik, mutu…

—Tira, moteil… –lagunak–. Okerragoak ere gertatzen dituk batzuetan. Nireak sorgina zirudian…; sorgin malapartatua, ala demontre!!

—Sorgina…!? Hago isilik. Zer dela-eta sorgina?

—Bueno…, aurretiazko igurtzi-jolasetan nenbilela, badakik…, heldu hemen eta muxu han, hozka egin nioan ipurdi masailetako batean eta… putakumeak halakoak puzker bat bota ez zidaan, ba, aurpegira! Derrepente bera leihotik atera zuan hegan ihesi, nire hortz guztiak berarekin hartuta…!!

Bizargorri, 2020-10-14


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post GORDIN appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07