blogak

Bai Horixe-Bizargorri

FESTA ETA XEXTRA

Hiru aste atzera eginda, orain dela hogeita bost egun juxtu, Corpus Eguna izan zen. Gaurtik hiru egun aurrera eginda, berriz, Sanjuanak datozkigu, bere San Juan su (ala “San Juan ur” aurten?) eta guzti… Horrek esan nahi du, Sanjuanekin hasi eta Sanmigelak arte, ia lau hilabeteotan, herri mordo batetako festak datozela gure probintziara, eta, festekin batera, baldinbetan!, parafernalia guztia: erraldoiak, buruhandiak, kontzertuak, parrandak; txistu eta txaranga eta txupinazo eta txosna hotsak; baita, gutxienik espero denean askotan, xextrak eta gatazkak eta sesioak eta kalapitak ere.

Xextrak eta gatazkak, txakolinak eta ardoak eragin zituztenak orain dela urte asko eta asko Gipuzkoan; sesioak eta kalapitak, geure herriotan izandu zirenak, “auzo” kontsideratu batzuek beren udalerritik banandu nahi izandu zutenean. Ez dira kontu zaharrak gurean Itsaso eta Ezkio, Igeldo eta Donostia, Itziar eta Deba; baina hamaika halakoxe kasu eman izan da mendeetan zehar, Irun Hondarribiatik banandu zenekoa, esate baterako (“I” letraz hasiak bakarrik aipatzen hasita)… Auzo-herri biren arteko xextrak, gure herrietako festak, Gipuzkoako txakolinak, hortaz. Hiru elementu horiek ederki lotzen dituen historia polit bat dakart hona gaurkoan, nire entretenigarri eta zure jakingarri, Xabier Azkue lagun zumaiarrak helarazi berri didana.

Hemezortzigarren mendearen erdi aldera, gaur udal burujabe ezagutzen dugun Aizarnazabal herriko lurrak, agidanez, Zumaiaren agindupean zeuden. Hori, batetik. Eta bestetik, gaur egun arau arraroa ematen duen arren, eskualde hartako urteko txakolin uztaldia ahitzen, kontsumitzen ez zen bitartean, ardoa kanpotik ekartzea galarazia zegoen; baita salgai jartzea eta agerian edatea ere.

Gauzak hala, horra zer gertatu zen 1747ko Corpus Eguneko jaialdian Aizarnazabalen. Antza, herriko jaiak Sanmigeletan izan arren, Corpus egunez prozesio jendetsu ospetsua egiten zuten aizarnazabaldarrek, ezpata-dantzari eta guzti, gizonek txapela garbiak eskuan eta andreek mantelina dotoreak buruan… Urte hartan zer otuko Inazio Aristrain erretore jaunari?, zer otuko ote…?, eta egundoko festa antolatu zuen, nonbait, elizkizunaren akaberan: auzokoek lagunduta, zahagi handi bat ardo nafar atera omen zuen plazara, erakuskeria eta zalaparta handiz, «con gran ostentación y ruido».

Den-denak ez ziren han ere konforme izango, noski, eta baten batek txibatu eginik izango zion Juan Bautista Zunzunegiri, Zumaiako sindiko eta prokuradore nagusiari. Honek, duda-mugarik gabe, isuna ezarri zion dirutan erretoreari lehenbizi eta, hurrena, Valladolideko kantzilleriara eraman zuen etxoaren salaketa, zigor handiago baten bila. Txantxa gutxi orduan ere. (Dirudienez, Inazio erretore horrixe lehenago ere salaketa eta isuna ezarriak omen zizkioten, bere etxean bertan ardo nafarra saltzeagatik).

Kontuak kontu, gauza da 1388z geroztik mendeetan egon izan zela Aizarnazabal Zumaiaren udal menpeko. Haginez eta hortzez saiaturik izango zen liberatzen, agidanean. Hiribildu izateko, ordea, 700 bizilagun behar, eta aurrena Zestoarekin bat egin nahi izan zuen, gero, 1813an, Oikiarekin, independentzia eske. Baina, Zumaiak ezetz eta ezetz… Azkenean, behintzat, 1861ean izandu zen udal izendatua Aizarnazabal, gaur egun arte. Xextra askoren ondoren, hango festa! Esatekoa ez da…

Bizargorri, 2018-06-20


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07