blogak

Bai Horixe-Bizargorri

EZKONTZA BAT (II)

EZTEI EGUNA. Apaiza eta akolitoa ere zain ziren ordurako ermitako aldare aurrean… Hasi da noizbait ere meza; ekin diote elizkizunari… Epistola, Ebangelioa, sermoia, jaunartzeak… “Ite misa est” esan aurretik, baldinbaitere, ezkontza behar zen gauzatu. Ipinarazi dituzte aldarepean laurak: ezkongai biak, Mariana zaldibiarra amabitxi eta Joxe Manuel aittitte debarra aitabitxi. Ateratzeko erresak edo arrak (ezkontza-eraztunak eta txanponak)… Ai, ene bada! Non dira arrak!? Nonbait, andregaiaren etxean ahaztuta utziak zeuden! Hango purrustadak eta hango amorrazioak esatekoak ez dira… Erres ahaztu haien ardura omen zuen mutil debarra ziztuan atera zen bila. Eskerrak Zumarragak bertan duen Urretxu, bestela, auskalo; agian, onenean ere, boda burutzerik ez akaso… Ailegatu zen, behintzat, halakoren batean txanponekin eta eraztunekin mutila; eta ezkondu ziren biak behin betirako, zorionean.

 

Soberako kontrola, / faltako erresak;

berandu hasi eta / bukaezin mezak…

Edozein ezteietan / gauza aldrebesak:

ondorioak nola litezke errezak!?

 

Handik Etxeberri Jatetxera, eztei bazkaritara. Deus esatekorik ez da. Ez bada, noski, mahai gizen bete luzean, atseginaren platerak eta plazerak ez duela akaberarik: bapo jan eta doako edan, senitarte-lagunarte onean, armoniarik onenean, txistu, bertso, dantza eta kanta (xuberotar, mexikar eta modako), hitz jostailuak elkarri esaka ari eta ari, gozamenari denek amen…

Inon ez baita inoiz ere nahi bezalako bete-betean inor, eztei haietan bazen falta zenik: senar bihurtu berriaren arreba Anamari, Tolosako Ospitalean, istripu larri baten ondorioz hilabete luzeetan oheratua, alargundua. Beraz, ilunabartu baino lehen, ezkonberriak, agurrak eta muxu-muturrak egin elemeniaka eta, “R-5a” harturik, Tolosara abiatu ziren bisita karinozkoan. Penak pena eta minak min, hango bisitarenak ere kontatzekoak ez dira hemen, txanpan eta poz, topaka eta irrika…

Handik eta hurrena, Zumarragatik Irunera, Tolosan barrena… Jaiera handia izaki ezkonberri biek azken urteetan Hondarribiarako, eta hangoxe inguruetan lagun koadrila ederra izaki, nobiotatik erabakia zeukaten Bidasoa aldean ere ezteiak ospatzearena, azkentzearena. San Pedro eguna zelako, San Martzial bezpera, eta Irunen festa segurua zegoelako. Ilunak ondo belztuta ailegatu ziren Larunek eta Aiakio Harriak eta Jaizkibelek inguratutako hirira; Irungo “Mosku”-ra, Urdanibia plazara…

Behin han, denbora bitartean ez da alferrik joan-eta, ez daukate batere garbi non-zer-nola-norekin afaldu zuten. Oso garbi daukatena, ordea, da gaueko ordu handietatik ordu txikietara zer-nolako parranda sekulakoa “bota” zuten, bero-bero, lagunarte animosoan txoil. Hantxe plaza ertzean, Iskina deitu taberna parean, Irungo Atseginetik behera, lurrean exerita jarri hogei-hogeita hamar lagun (a ze nolako trainerua hura!) eta arraunka-arraunka (“Arraun!, palan-palan bagare…!”), errepidean beheiti arrastaka boga-bogan ibili ziren, Kontxako Banderan zenbait baino sutsuago… Hango galtza urratuak! Hango alkandora-botoi etenak! Hango sasoi erakustaldia!

Zoroak zoro, akabera du hasiak oro… Ezkonberriek ez zuten harturik aurretik deus, ez hotelik, ez pentsiorik, lehen ezkon-gauerako, sinisteak lanak baditu ere. Irungo adiskide damatxo borondatetsu batek eskaini zien gurasoen etxea, nahi izanenean, oso-osorik, aita-amak kanpoan zeuzkala eta. (Aurreko parranda batean erdi agindua, egia osoa esan…). «Primeran. Haraxe goazen!».

Tabernan txit bustiak / jarria da modan

kalean ibiltzea / lehorrean bogan…

Segitu ote zuten / lehor-busti proban

gure ezkonberriek / logelako koban…?

(jarraituko du…)

Bizargorri, 2019-05-01


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2019. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07