blogak

Bai Horixe-Bizargorri

EZKONTZA BAT (eta III)

EZKON BIDAIA. Biharamunean, eguerdi aldera arte lo, gosari legeak non edo han egin eta, zorioneko erre-bosta hartuta, Hendaiatik Donibane Lohizunen barna, Biarritzera jo zuten zuzen bezperan ezkonduek, inon egonik egiteko astirik gabe. Kotxeko atzeko aldean, maleta tokian zeramatzaten, besteak beste, kanpadenda arrunta, lo zaku parea eta butano gas-ontzi koxkorra, noiz argitarako noiz janariak berotzeko. Diru-poltsa zimurra zeukaten, izan ere, hotelik hotel hilabete osoan ibiltzeko…

Behin Biarritzera orduko, lehen-lehendabizi, pentsio duin bat topatu eta hitz-hartu zuten gaua pasatzeko, badaezpada garaiz. Pentsiopean jatetxea ere bai eta «Primeran! –egin zuten bi birigarroek beren artean–. Bertantxe bazkalduko dugu gero; baina, goazen aurrena plaiara bainutxo bat hartzera». Eguraldi ederra zegoen eta pozarren sartu ziren biak hala biak ere hondartzako uretara; ur aski harroxkoetara, portzierto…

Biek zekiten igerian ondo asko, noski. Igeri eta murgil eta jolas, haien plazerra, bi-hiru metroetako uretan, bagen apar zuriekin jo-ta-kean borrokan… Orain aparren azpitik, orain olatuaren gainetik zebiltzala, txoil kontent, halako batean, hamaikatxo murgilaldietako batean, mutil senartuak hatz nagian halakoxe zirrista-edo somatu zuen eta, ur gainera orduko, eraztuna falta zitzaiola ikusi. Bezperako ezkon-eraztun urrezko berri-berria falta! Irrist eginik izango zion, agidanean!

Alferrik saiatu zen, amorrazioz beterik, ur harro haien azpian bere eraztun ederraren bila. Ezta arrastorik ere! Behin eta berriz iritsi zen murgiletan urpeko hondarretara, baina eraztunaren aztarrenik ez inon demonio! Penatxo zuen, penatxo zuenez. Neska emaztetuak, berriz, halakoetan ohi zuenez, irriari eman zion, barrea estali ezinik. Hala beharko zuela eta, etsi-etsian bata eta irriño haizetan bestea, goseturik joan ziren, behintzat, bazkaltzera. Zer den zoriak txarki jotzea: ezkondu eta biharamunean bertan eraztuna galdu, alajaina!

Handik ondorengo hala egunak nola gauak ere, baldinbetan, zoragarriak gertatu ziren ezkonberrientzako. Behin kanpadendan, hurrena hotelean eta hurrenagokoan pentsioan lo eginez, bazter berriei lau begi zabal-zabalekin begira, animoso eta nahiera gozoan bisitatu zituzten, hurrenez hurren ilaran: Zuberoa, Kosta Urdina, Saint Tropez, Napoles, Pisako Dorrea, Venezia… Han haietan ikusiak eta bizi izanduak hemen kabitzen ez dira, ala demontre. Hobe daude, hortaz, orain berrogeita lau urteko gure ezkonberri bikotearen memorian eta historian, kategorian!

 

Beren eztei-egunez / Mertxe ta Jexusi

zer gertatu zitzaien / hor dugu ikusi…

Zein begik ikusi da / eder nahiz itsusi:

berriz nahiko lukete; / zoritxar ta guzi…

 

Bizargorri, 2019-05-08


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2019. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07