blogak

Bai Horixe-Bizargorri

EZKONBERRI ETA EZKONZAHAR

Hamaika eta bat gehiago kontu dabilen arren gure bost periodikoetan (pandemia eta txertoa, Reala eta Athletic, Aberri Eguna, Euskal Herriko Itzulia, auto berrien salmenta urria, sukalderik gabeko etxebizitzen moda modernoa, bolatokien berrindartzea eta abarren abarra…), gaurkoan nahiago dut nik geure muga peripetraletatik kanpora atera eta Madril-Malagara jo, Rocio Carrasco (gaixua!) eta Antonio David (gaiztoa!!!) aipagai hartuta, Tele-5 gidari dudala behingoagatik, ez alferrik ari eta ari eta ari baitira azkengabeko hari mutur beretik hogeita bost orduz egunero isildu ere egin gabe. Tematiagoak ¬†daude, tematiago, usapalak berak ere baino gehiago, beren lelo beti-batekoan.

Ez naiz ni gauza, noski, zorioneko bikotekidearen auzi-mauzi guzien kontu egiteko. (Jainkoak libra nazala halakotik; Emilio Rodriguez Men√©ndez abokatu iruzurgilea berbera ere iristen ez da-eta, nonbait)… Baina, batetik, pelikula txit diferentean gauden arren haiek eta gu, penintsula berean bizi gara aktore eta aktoresa, nahitaez. Bestetik, berriz, bikote askotxoren pareko ageri zaizkigu maiz Rociotxo eta Antonito, ezkonberritan eta ezkonzaharretan.

Grabatua omen dago bien arteko elkarrizketa hau, ezkon-bezperakoa:

Ant.: Iritsi da eguna azkenik. Luze egin zait. Ezingo nuke etsi minutu bat gehio!

Roc.: Utzi egin nahi nauzu, ala…!?

Ant.: Eeezzz… Txoratu egin al zara…!? Ezta pentsatu ere!

Roc.: Maite nauzu?

Ant.: Jakina, ba. Etengabean, behin eta berriz.

Roc.: Inoiz engainatu nauzu, desleiala izanik?

Ant.:Eeezzz… Pentsatze hutsak nazka ematen dit.

Roc.: Musu emango zenidake?

Ant.: Ahal dudan aldiro.

Roc.: Irain eta min egingo zenidake?

Ant.: Ondotxo badakizu ez naizela gisa horretako gizona.

Roc.: Zutaz fida naiteke?

Ant.: Bai.

Roc.: Ene laztana…!!!

Eta hau da beste grabazioa, ezkondu eta hogeitaka urte geroagokoa:

Roc.: Ene laztana…

Ant.: Bai.

Roc.: Zutaz fida naiteke?

Ant.: Ondotxo badakizu ez naizela gisa horretako gizona.

Roc.: Irain eta min egingo zenidake?

Ant.: Ahal dudan aldiro.

Roc.: Musu emango zenidake?

Ant.: Eeezzz… Pentsatze hutsak nazka ematen dit.

Roc.: Inoiz engainatu nauzu, desleiala izanik?

Ant.: Jakina, ba. Etengabean, behin eta berriz.

Roc.: Maite nauzu?

Ant.: Eeezzz… Txoratu egin al zera…? Ezta pentsatu ere!

Roc.: Utzi egingo nauzu, ala…!?

Ant.: Iritsi da eguna azkenik. Luze egin zait. Ezingo nuke etsi minutu bat gehio!

Bizargorri, 2021-04-07


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post EZKONBERRI ETA EZKONZAHAR appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07