blogak

Bai Horixe-Bizargorri

EUSKO LABEL LIGA, 2020

Cidade da Coruña-tik hasi eta Hondarribia bitarteko itsasbazterretako herri askotan jokatu dira oraintxe arte aurtengo estropada polit-ikusgarri bezain latz-gogorrak. Hala mutiletan nola nesketan ere. Batetik “ez da inor garaile ateratzen beti”; eta bestetik “norbaitek noski galdu behar du besteak dezan irabazi”. Baldinbaitere. Beraz, bada, gorabeherak izan dira gure traineruen jokoan, baina, edozein moduz ere, urte gogoangarria izan ez denik inork ezin uka: neskek eutsi diote beuden mailari, mutilek sei bandera eta Kontxakoa ekarri dizkigute itxera, eta onenaren hurren geratu dira ligan. Mila esker! Lastima, COVID-19agatik harrera beroa ezin herrian zazpi banderen azpian arraunlari (eta haien lan-inguruko) guztiei festa giroan egin. Zoritxarrez.

 

(Doinua: Juana Bixenta Olaberena «Amak esan dit etxeko errenta…»).

 

Amaitua da gaur joan dena:

Eusko Label liga estropadena…

Kukuak oker behin joagatik,

Hondarribia harro, horratik!

Bejondeigula!

Ezin ahantzi santa sekula

aurtengo arraun lehia mardula.

 

Beste inork ez duena lortu

«Ama Guadalupekoak» bai, hor du:

dozenerdi bat Banderen jabe,

gehi Kontxakoa, hau laja gabe!

Mila zorion!

Hondarribiak ze poz darion;

hainbestekorik ez aspaldion.

 

Euskotren liga ere hor dago,

urtetik urtera nor bizkorrago…

Gogotik dira saiatu neskak

eta aldendu dituzte kezkak:

ez amore-eman

eta segituz lehiaren teman,

lau onenekin, plaza atzeman!

 

Luzaz dezagun mimoz goberna

(jakina baita: kostata lanperna)

gure herriko afizioa,

arraunerako ofizioa…

Ai, honen ona!,

mende ta erdi hemen egona,

harrobi harro, kemen denona!

 

Jexuxmari Mendizabal Iraola, «Bizargorri», 2020-09-20


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post EUSKO LABEL LIGA, 2020 appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07