blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ESANGO NUKE…! (eta 4, kito).

Eta ateraldi edo esaera xelebre edota burutazio mamitsuei azken akabera betiko emateko, hona hemen beste sortatxo bat, nire lanaren aitzakiatzat eta zure denbora pasaren entretenigarri. Batzuren batzuk jada aspertu xamarrik zaituztedan arren, besteren batzuk badakit atseginetan irakurtzen dituzuela halako “perlak”. Ez dira onenak; ez txarrenak: neuk aliritzira hautatuak baizik, inoiz gustatu eta, badaezpada ere,  jasoak; guztira, 100 hitzezko ehun.

 

  1. Musukatzen, musukatzen… Ipurmiaztaileak, “musuk atzen”.
  2. Negua ez dute xaguek jaten; beti-beti etortzen da.
  3. Beste nor edo nor akabatuko delako ustean norberak pozoia hartzearen pare-pareko izan ohi dira erresumina, amorrua, zaputza eta gorrotoa.
  4. Zahartzaroak edozeinentzat / zer dakarren ezagun du: lehengo bigunak gogortu eta / lehengo gogorrak bigundu.
  5. Ipurtargiek hala esan omen zieten harro izarrei behin: «Egunen batean itzaliko zarete!». Izarrek ez omen zieten ezer erantzun…
  6. Argentinar batek kontatzen zuen “gautxo” haren historia, zeinak oihuka aldarrikatzen baitzuen: “Kea den tokian bada txitxi-errea!”; eta lokomotor baten atzean jaten bide zuen.
  7. Beste(ar)en mina, mina baino gehiago, beste(ar)ena da.
  8. Behin honetara ezkero, nola litezke errekak atzera itzuli!?
  9. Euskara kantatzeko da; galiziera, negar egiteko; katalana, burla egiteko; eta gaztelania, agintzeko.
  10. Jendeak aho betearekin hitz egitearena, tira. Izugarria dena da buru hutsarekin hitz egitea.
  11. Gezurra mundu osoari bira ematera ere iristen da, egiak galtzak janzten dituen denbora berean.
  12. Nekez egongo da zutik zaku hutsa.
  13. Nik badakit, arbasoek erranik, / arno onak ez duela parerik: / orai ere, balin banu hartarik, / edan niro basoa beterik.
  14. Lagunduko dizun esku baten bila bazabiltza, bila ezazu lehendabizi zeure besoaren muturrean.
  15. Baporea eta elektrizitatea eta energia atomikoa bera baino ere indar higiarazle ahaltsuagorik bada: borondatea.
  16. Jakintsuak txalorik jo ezean, malo; ergela txalo joka hasienean, akabo!
  17. Haren aurrean zu zeu izatera ausartzen zaren hura duzu lagun on.
  18. Euskara piztea da/ erdaldunen mina./ Ez dakit nondik duten/ horrelako grina.
  19. San Sebastian, tarra-pata-patan…!, mucha bandera y poco pan, aitak irabazi eta semeak jan.
  20. Armarioan xague/, kontrariyoa katue/… Etxe hontako limosnarekin eztiau beteko zakue!
  21. Egia hutsa ere gauza ximela omen da.
  22. Ehun urteko xaharrak ere badu zer ikasi.

Bizargorri, 2020, 09-02


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post ESANGO NUKE…! (eta 4, kito). appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07