blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ESANGO NUKE…! (2)

Orain hurrenagoko batean hasitako lanari jarraipena emango diot gaur. Alegia, neuk urtez urte handik hemendik jasotako ateraldi sonatu edota esaera xelebreen zerrendari. Hamarretik bat, sikiera, tokatuko ahal zaizu gogoangarri, baldinbaitere. Norenak ote diren…? Erdien autorea badakit zein den, baina ez dut esango; herenarekin, dudak dauzkat; beste zenbaitekin, ezta arrastorik ere; batzuren batzuk, berriz, neuk asmatuak dituzu. Batek baino gehiagok grazia egingo, irria sortuko, zer pentsatua emango dizulakoan, otsi entretenigarri.

 

  1. Jainkoa barrezka jarri nahi baduzu, kontaizkiozu zure egitasmoak.
  2. Ez dut urrutietara abiatu beharrik nahi dudana aurkitzeko.
  3. Aholkuak erruz dauzka salgai; baina, beretzat ez du batere nahi.
  4. Tribuko talderen batek onartzen bazaitu eta estimatzen, salbu zara, bejondeizula; bestela, ai ene!, ez duzu parte oneko kalbario eta sufrikariorik.
  5. Adiskiderik bage iltea da orobat nola testigorik bage iltea.
  6. Espainian sekretu bat gordetzeko sistema, liburu batean idaztea da.
  7. Genesis edo Hasiera biblian: “… eta Jainkoak agindu zien emakumeei ludiaren bazter orotan topatuko zituztela senar-lagun on, zintzo, esanekoak… Ondoren hurrena zer…!?, eta lurra biribila egin zuen”.
  8. Hara eromena zer den: behin eta berriz gauza berbera egin eta ondorio berri diferenteak nahi izatea edota itxarotea.
  9. Ez da gauza bera: «Goazen haurrak jatera!» eta «Goazen, haurrak, jatera!».
  10. Liburutegia duzu leku txit aproposa, non inozentzia gal dezakezun, birjinitatea galdu gabe.
  11. Eman eta kendu: infernuko txerrenak hala egiten du.
  12. Esan nuenean “baietz!”, esaten ari nintzen “ai, ez!”. (Donde dije digo, dije Diego).
  13. Hik ez didak amorio eskainiko eta nik amore eman behar.
  14. Gizasemeak behin hala omen zuen galdetu: «Zer dela-eta zuek, emakumeok, txunditu nahi izaten gaituzue gu zuen itxuragatik, eta ez zuen adimenagatik?». Eta emakumeak erantzun omen zion: «Posibilitatea askoz ere handiagoa delako gizaseme bat ergel-tuntuna izatekoa, itsua izatekoa baino».
  15. Kristalaren hauskortasunak ez du bere ahulezia erakusten, kalitatea baizik.
  16. Nor bakoitza da bere hitzen morroi eta bere isilen jabe.
  17. Demokrazia zer den? Bi otso eta ardi bat zer bazka egingo bozkatzen.
  18. Galdu ditut dagoeneko nire ziurtasunak; baina, atxiki bai ondo nire ilusioak.
  19. Aurrezki libretaren antz-antzeko da ezkontza: sartu/atera, atera/sartu…, azkenerako zer!?, eta interesa galdu.
  20. Kastillanoak: «¿Qué es “zirimiri”?». Baserritarrak: «Menos que zaparrada!».
  21. Ohea husten dugun bitartean ondo gabiltza. Bagabiltza.
  22. ET-k, zerbeza edanda, ez zuen “mi caassa..!” esaten; “mikaatza…!, baizik.
  23. Gorroto eta herra omen dira fanatismoaren aita eta ama.
  24. Ordulari hautsi batek ere egunean bi aldiz asmatzen du ordua.
  25. Ergel-txaldanen iritzia kontutan hartzekoa da, gehiengoa dira eta.
  26. Iritsi nahi duena beti bide bila dabil.
  27. Eliza zertarako hemen…? Bizitzen utzi ez eta hiltzen laguntzeko. Amen.

 

Bizargorri, 2020-07-01


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post ESANGO NUKE…! (2) appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07