blogak

Bai Horixe-Bizargorri

DEFINIZIO-ON

Gauza bat, zernahi, arruntik sinpleena delarik ere, zer-nolako-moduko-gisako ote den adierazten hasten garenetan, sarri askotan behintzat, korapilatu egiten gara alferrikako hitz anabasan. Hitz eta pitz, hutsean eta putzean. Zehatz eta mehatz nahi dugu definizio on bat aurkitu, osatu, burutu eta eman, luuuze alferrik jardunez, erantzuna begien bistakoa denean… Zernahiren definiziorik onena baserritar batek eman diezaguke mendian; edo maisu batek eskolan… Iturriak estimatzen eta piku aleak handitzen hasiak diren urte sasoian, adibide bi dakartzat: bata urarena, Xabier lagun tzar mendi ibiltari donostiarrak bidalia; bestea pikuarena, liburu tzar batean topatua. Ur…, ona? Piku…, ona? Definizion!

(1) Espainiako iturrien ondoan uraren kalitatea adierazteko “potable” hitza ikusi ohi dugu. Gure herriko iturrietan, berriz, “ona”, “edatekoa”, “edangarria”, ”edateko ona”, “onargarria”, “balekoa”, “onartzeko modukoa”… Halakoxe adierazpen desberdin piloa bai, baina “potable” bezain potenterik ikusten ez nuenez inon, neure kasa, Euskaltzaindiari mesede egiteko asmotan, lan eta lan, ikerketa zabal bezain sakon bati eman nion hasiera. Mendiz mendi, bidez bide, iturriz iturri ibiliaz, iturburu baten inguruan bertakoren bat topatuz gero, aldiro galdera hau egiten nion:

—Nolakoa da ur hau?

—Ona.

Horixe izan ohi zen gehienetan erantzuna. Baita “oso ona”, “sanoa”, “munduko onena” edo “inguruotan hoberik ez da!” ere… Eta bakoitzak bere iturriaren bertuteak aipatzen zizkidan. Bitxikeriak ere entzun izan nituen:

—Ur hau…? Vichy eta Perrier eta horiek denak baino dexente hobea! Uren txanpaina duzu hau, gizona. Uren txanpaina, alajaina!

Erreuma, bizkar, hezur eta biriketako oinaze eta gaitzak gainditzeko estimagarriak zirela ere maiz entzun nuen. Nire ustez, ordea, inortxok ere ez zidan “potable” hitzaren ordeko hitz bete potolo egokirik aipatu sekula santa.

Mandoegitik Urumearuntz jaitsi eta Ugaldetxora iritsi baino metro batzuk lehenago bada iturri garbi oparo bat. Hara ailegatzean, gizon adineko bat bi botilla tzar urez betetzen ari zenez, luzatu nion bada nire ohiko itauna:

—Nolakoa da ur hau?

Estralurtar batek galdetu izan balio bezala begiratu eta:

—Kalteik eitten eztuna –erantzun zidan. (Kalterik egiten ez duena).

Horrekin amaitutzat jo nuen nire ordura arteko ikerketa lan lantsua.

(2) Institutuan maisuak piku bat eskaini ikasleari eta galdetu zion:

—Zer deritzok honako piku honi…? Goxoa al zagok?

—Bai, aho-goxoz hartzen da oso –erantzunik izango zion ikasleak.

—Eta non zagok zaporea? –galdegin zion hurrena maisuak–. Pikuan bertan ala heure mingainean?

Ikasle gazte bizkorrak, gogoeta egin ondoren, esplikazio korapilatuak emateari ekin zion, hitz jario gehiegizkoan, esanez alegia:

—Elkarren nolabaiteko mendekotasuna badago, baldinbaitere, pikuaren eta nire mingainaren artean. Moko finak behar du jaki atsegina, jakina. Zeren eta nire mingainak berak bakarrik, pikurik gabe, ezin ahal izango bailuke…

Maisuak brastakoan eten zion zozokeria:

—Baboa halakoa hi! Zer esaten ari haiz…!? Piku hau ona zagok. Eta kito.

Bizargorri, 2021-06-16


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post DEFINIZIO-ON appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07