blogak

Bai Horixe-Bizargorri

ATZOKO MUNDUA

Sigmund Freud Austriako Pribor hirian jaio zen 1856ko maiatzaren 6an, eta Londresen hil, 1939ko irailaren 23an. Stefan Sweig idazlea, berriz, Vienan jaio zen 1881eko azaroaren 28an, eta Brasilgo Petropolisen hil, 1942ko otsailaren 22an. Biak ziren austriarrak, hortaz; biak juduak; eta, biak hala biak, erbestean hil ziren halabeharrean, halakoxeak izaki garai hartako zorigaitzak…

****

«Adore morala (biktimarik eskatzen ez duen heroismo bakarra) izan duen inor bilatzen dudanean, Freuden aurpegia ikusten dut aldiro, begirada hotz barez. Bere aberritik ihesi (zeinaren ospea handitu baitzuen mundu guztian betirako), aberritik ihesi, Londresen babes hartu behar izan zuen, adindua ordurako eta gaixorik. Ez zegoen, ordea, akiturik, ez higaturik. Beldur nintzen ni mingosturik topatuko ote nuen Vienan pasatutako ordu larri latz anitzen ondoren; baina libreago aurkitu nuen, sekula baino ere zoriontsuago.

«Aldirietako bere etxeko lorategira eraman ninduen. “Ostatu onean ez al nago?”, galdetu zidan irribarretsu, ezpain ia beti zorrotz haiekin. Maria Bonapartek harentzat onik atera zituen estatuatxo egiptoar kuttunak erakutsi zizkidan. “Berriz ere etxean ez al nago?”. Langelako mahaian, egunero, laurogeita hiru urterekin!, egunero idazten zituen eskuizkribu orriak zeuden, letra zehatz biribilez, haren egunik onenetan bezain arima argiz. Gaixotasunari, adinari eta erbesteratzeari gaina hartua zien haren borondateak; eta behingoz, lehenbiziko aldiz, hainbeste urtetako borrokaren ondoren, bere jite, izaera ona libreki jariatzen zitzaion. Adinak bihozberago eta toleranteago bilakatu zuen. Lehenago sekula ezagutu ez nizkion samurtasun keinuak erakusten zituen. Nire lepagainetik pasatzen zuen besoa eta, betaurreetako kristalen atzetik, haren begiek adeitsuago begiratzen zuten.

«Freud oso gaixorik zen ordurako. Bere aho-sabai artifizialarekin, nekez ulertzen zitzaion; ahoskatzen zigun hitz bakoitzeko, lotsatzen gintuen, ahalegin handiak egin behar zituen eta. Azken egunetara arte idatzi zuen; eta, oinazetan gauez lorik hartu ezin zuenetan ere, lo-eragileak eta injekzio drogatsuak hartzeari uko egiten zion. Ez zuen zorabia zezaten nahi lasaigarriek.

«Behin, azkenetako bisita batean, Salvador Dalí eraman nuen, belaunaldi berriko pintorerik dohatuenak miresmen handia zion eta. Nik nire lagunarekin hitz egiten nuen bitartean, pintoreak, diskretuki, jakintsuaren zirriborro bat egin zuen (Freudi behin ere erakutsi ez niona), Dalik bere bistaz herio antzeman baitzion. Azkenerako, idatzi ere ezin zuenean, Freudek baimena eman zion medikuari bere kalbarioari azken fin eman ziezaion. Azken sublimea izan zuen, bizitza sublime batena… Eta guk, haren lagunok, hilkutxan ehortzi genuenean, bagenekien lur ingelesari gure aberrikorik onena ematen ari ginela».

****

Sweig idazle handiaren “Le monde d´hier” (Atzoko mundua) liburutik M. Josefa Setien eta biok itzulia duzu, irakurle, honako pasarte hau. Geure entretenigarri hutsean itzulia; idazlearen lanak gustatzen zaizkigulako, baita S. Freud jaio zela ehun eta hirurogeita bi urte egunotan bete direlako ere… Liburu hau idatzi eta handik oso gutxira, Sweigek eta haren bigarren emazteak (Charlotte Altmann, “Lotte”, idazlea baino hogeita bost urte gazteagoak), biek batera, bere buruaz beste egin zuten Brasilen; erbestean, noski, haiek ere.

 

Bizargorri, 2018-05-09

_____

© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2018. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07