blogak

Bai Horixe-Bizargorri

AMARRUARI AMARRU

Indiako hegoaldean, oihan itxi baten barrurik itxienean, bakar-bakarrik bizi zen ermitau xahar bat, otoitz eta barau eginez, berrogeitaka urtean bai segidan. Barauak barau eta otoitzak otoitz, heriotzara galdua izaki hura ere beste gainerako guztiok bezala, hil-ordua iritsi zitzaiola-eta, Heriok bere morroi mandataritako bat bidali zuen haren bila.

Ermitau agure hark, ordea, hainbeste urtetako bakardade misteriotsuan, zer?, eta abildade bat aparta, gaitasun bat berezia, ahalmen guztiz harrigarria lortua zeukan bere buruarekiko: bere giza-irudia nahi beste ugaltzen eta emendatzen eta ugaritzen zuen nahi zuen aldiro, bere buruaren kopiak elemeniaka sortuz. Bere buruaren nahi adina irudi, alajaina, nahi zuenean!

Hala, Herioren mandatariak, ermitaua bizi zeneko puntura ailegatu eta hil-deiaren abisua eman nahi izan zionean, bere begien aurrean hara derrepente non agertzen zaizkion ehun ermitau, mailu batez joak denak, elkarren antz-antzekoak, leka batean ilar-aleak ohi diren moduan… «Hau duk hau komeria…! –egin zuen bere kolkorako mandatari txit harrituak-. Zein arraiori eman behar zioat nik orain hil behar duenaren berri!?».

Zer eginik ezean, atzera Heriorengana itzuli zen bueltan, eta kontatu zion, bada, oihanean ikustea tokatu-berri zitzaion harrigarrikeria… Heriok, une batez burua makur pentsatzen egon ondoren, zerbait esan zion hitz-estalika bere morroiari belarri izkinara: «A-rru-ma-rru, to-za-zu a-ta-bu-ka…»Eta gero hurrena, bere kolkorako: «Niri ez zidak bizkorkilo horrek pipa joko, arraioak ez badu!». Hartan, oihanera bidali zuen berriro hil-deiaren mandataria.

Denbora asko baino lehen, sasiz sasi, laharrik lahar, baina bere norabidean xuxen, santu-gai zaharraren aurrean zen berriz ere morroi lanpetua. Bistaratu zuenerako, multiplikatua, ugaldua, emendatua zen, jakina; ermitau bat bakarra omen zena ehun ermitau bilakatua. Mandatariak harrituarena egin zuen nahita, eta esan ere halaxe esan zion agureari:

̶ Harrigarria benetan! Zinez miragarria, ala jaungoikoa! Ahalmen apartak badituzu sobra ere zuk zeurekin. Bejondeizula! Egundo ez dut halakorik ikusi nire denbora guztian. Miraria dirudi, miraria… Lastimarik du, ordea, akats txiki-txiki bat zure zera horrek guztiak…

̶  Akatsa!? –galdetu zuen ermitauak, berak, eta berak soilik galdetu ere, haren esanari txarki iritzita-. Non ikusten duzu akatsik…!?

̶  Ai, adiskidea! Amarruari amarru! Etorri zaizu zuri ere atalburuan kana!

Halaxe esan baitzion, esan, Herioren mandatariak ermitau errukarriari: «…etorri zaizu zuri ere atalburuan kana», esanez bezala, alegia, zuk niri amarru egin zenidan aurreagokoan, bai?, eta orain bueltan itzuli zaizu, zuri ere, neurri-neurriko amarrua… Ahotsetik ezagutu baitzuen nor zen ehunen arteko ermitau egiazko bakarra; hizketaren ahotsetik noski, ezagutu!

Istant batean, aurrean hartuta berarekin eraman zuen santu-gai betirako abil ustekoa Heriorengana. Betiko eraman ere, baldinbetan. Eta oihanean, bere-berehala, airean galdu ziren eta desagertu, haiek ere betiko, itxurazko laurogeita hemeretzi ermitauen giza-irudi igual-igualak.

Bizargorri, 2019-04-03


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2019. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07