blogak

Bai Horixe-Bizargorri

AIREPORTUTIK ZERURA

Erramu-zapatutik Pazkoa bigarrenera, Aste santua; hortik aurrerakoa, Pazkoa astea. Horretan gaude. Bien bitartean, Jesusen kalbarioa bai, baina jai. Batzuek “fede”, besteek “alafede”. Kristau andana dabil egunotan mezetan zeru eske; eta ez jende gutxiago aireportuetan, ustezko mundu berrietara bidean…

Aireportu batetik zerura eramango zaitut, irakurle, nahi baduzu. Auskalo.

 

Hondarribiko aireportuan, arazoak izaki (hegaldiak, grebak eta zerak medio, murriztenago ari zaizkielako azkenaldian), bidaiariak erakartze aldera, robota ipini dute azken modakoa, munduan beste zenbait tokitan bezalatsu; Grezian eta Lituanian, esate baterako. Atzo bertan damatxo pertxenta bat, Madrilera joaki, kafetegitik pistara abiatu zenean, halakoxe atxamarta berezia topatu zuen ezustez pasadizo kontrolatuan: giza-trazako konputagailua zen, hitz egiteko gai, bidaiariak banaka-banaka tankera hutsetik ezagutzen zituena. Dama dotorea pasa zitzaionean aurretik: «Lupe Galardi –esan zuen–; 36 urte, irundarra, ezkongaia, bi mototsekin; Iberia-455 hegaldirako bidaiari». Harritu zen zeharo neska eta, komunetara joanik, aldatu zen arropaz goitik behera; bi mototsak askatu, ezpain gorriagotu, betile beltzagotu eta herrenka zen hasi…

Hurrena aurretik pasatzean, robotak: «Lupe Galardi, 36 urte, irundarra, orain mototsik gabe eta gona tolesdunaz jantzia, ezpain-gorritua, Iberia-455 hegaldirako bidaiari». Lupe tematiak amore eman nahi ez eta joan da berriro komunetara. Mutil lagunarentzat inauterietako hondarrak maletan erregalo zeramatzanak atera eta jantzi da pelukaz, bibotez, korbataz, zapata beltzez, gerrikoz eta galtzaz: «Ea orain zer arraio dion alu horrek!», bere artean eginda, abiatu da irteerara… Behin han, robotak ozen: «Hemen da berriz Lupe Galardi, 36 urte, irundarra, trabestia, transformista…; eta, mari-mutil alu-zakila izateagatik, Iberia-455 hegaldia galdu duena!».

 

Ez dakit arestian kontatua, aireportuko pasadizoa, zinez egiazkoa ote den; onean, ez. Baina, ondoren datorren honek baditu (azken aldera, behintzat) egiaren trazak, hasiera batean bestelakorik iruditu arren. Kontatzen dute, omen, mundu honetako billete guztiak behingo batez hil eta zerura joan zirela. Zeruko atarian, San Pedrok errezibitu, sartzeko baimenak eskatu eta…, ezetz: haiek han ez zeukatela sartzerik sekula bizian.

«Ezetz…!? Zer dela eta…!? –ekin zion sineskaitz 500 eurokoak–. Ni ahal handikoa nauzu aspaldidanik; nonahi dauzkat ateak zabalik eta…! Baita nik ere –100 eurokoak gero–; inon diren guztiek ere berekin nahi naute eta…! Baita ni ere –20 euroko billeteak hurrena–; zergatik ezin gara, ba, gu zeruan sartu…?». Eta San Pedrok: «Alfer-alferrik ari zarete; alferrik, kuanto. 5 eurokoa akaso…».

Hortan ari zirela, kix-kax-kux, burrundara hots bat entzun zen inguruan: 10-20-50 zentimotako txanpontxoak ziren metaka, haiek ere hil berri, zeru bila. «Aurrera, aurrera! –esan zien San Pedrok–; zuentzat zabalik dira zeruko ateak». Muzindu ziren, noski, billeteak denak eta, muturrez mutur, aurre egin zuten esaka: «Horiek aurrera bai eta gu ez!? Zer arraio demonio dela eta? E…!?».

Asko espero ez zuten erantzuna eman zien orduan billeteei San Pedrok:

«Zergatik, diozue; zergatik…!? Hain zuzen ere, horiek joan izan direlako, horiek bai eta zuek ez, mezetara igandero-igandero».

Bizargorri, 2019-04-17


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2019. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07