blogak

Bai Horixe-Bizargorri

AGUREAREN HAZIA

Euskal herrietako eskualdeetan anbulatorioei, mediku-kontsultei edota erizaindegiei atentzioz erreparatuenean, hango bezeroen mugimenduei arreta zorrotz jarrienean, gauden udaberri sasoi honetan itsuak ere ikusten du zahar-jendearen joan-etorri handia, aitonen eta amonen multzo ohiz kanpokoa…; nik dakidan batek esango lukeen bezala: kopurua mukuru. Izan ere, negualdiaren ondorenean, argiaren epelagoarekin batera, urteetan aurreratxo dabilenari (ere) ilusioa pizten baitzaio, zuhaitz zaharrari hostoa eta kimua eta lorea bezala.

Eta ilusioa pizten zaio, baita zaharrik zaharrenari ere, gutxi-asko. Hala gure etxekoneko agure laurogei urteko bati, oraintxe aste bat doi-doi. Badu gizonak bihotzarekin arazotxoren bat, baina beste gainerakoan tente eta potente dabil eguneroko bizi-martxan. Gazte emana du. Mundu asko ikusia da, nonahi ibilia… Joan zen gaur astebete herriko anbulatoriora eta eskatu zuen hitzordua etxeko medikuarekin. Biharamunean, han zen zintzo.

Mediku gizasemea tokatu zitzaion, gaztea eta berria aspaldiko partez. Hau-ta-hori-ta-hura, azkenean, behintzat, hala esanik izango zion gure agureari doktoreak: «Maiatzean egin izan duzu urtero txekeoa joan den aspaldian. Ondo. Aurten berandu xamar zabiltza. Hor behean txanda har ezazu analisiak egiteko. Betikoa: zuk pixa ekarri eta odol pixka bat aterako dizute. Aurten proba berri bat ere egingo dizugu: ekar ezazu honako poto txiki honetan zure hazia. Ulertu didazu…? Heldu den astean hementxe ikusi nahi zaitut. Agur».

Atzo joan zen gure etxekona, laurogei urteko gizona, medikuaren kontsultara. Urduri xamar, egia esan. Zorioneko pototxoa entregatu zion, bai; baina… hutsik, garbi-garbi! Astebete lehenago medikuak berak eskaini bezala. Jaun doktoreak, jakina, ea zer demontre gertatu zen galdegin zion, eta:

—Ea zer gertatu den…? –bezero zaharrak zuen erantzun–. Zer gertatu den!? Kontatuko dizut, ba, kontatuko dizudanez, luze joko badigu ere. Honatx. Lehendabizi eskuinaz saiatu nintzen gogotik, hatzak-bete lan; eta kia! Ezker eskuaz ekin nion hurrena, besoa inurriak hartu arte; eta alferrik. Ezin, dedio…! Hurrengo egunean, emazteari eskatu nion laguntza; eta saiatu zen hura ere sutsu, eskuinez eta ezkerrez, ezkerrez eta eskuinez; alfer-alferrik: deus ez! Eta esan zidan orduan: «Itxoin; orain astia alferrik galduagatik, gauean ikusiko duzu; afaldu eta gero, baietz!». Afalondoren, ahoarekin saiatu zen; hortzak ipinita lehendabizi eta hortzak kenduta ondoren. Eta kia, deus ez!

Medikuak, begiak arranpalo, ahoa mutu, ez zekien zer pentsa, zer esan.

—Gure erraina etorri zitzaidan ostiralean –aitonak segidan–, eta: “Zuek erakutsiko didazue niri!” esaka, egitekoan lepo-zintzurreraino sartu zen, jarrera diferenteetan, posiziorik harrigarrienetan; baina bere nahirik ez zuen osatu hark ere… Larunbatean hurrenik, Pili, gure gainean bizi den etxekonekoa, etorrarazi genuen, ustez aproposena zelakoan; hura ere, alajaina, ahal guziaz saiatu zen, bi-eskuak-bete lanekin lehendabizi, besapean estu-estuki harturik gero, baita bi belaunen artean tinkatuz ere azkenik… Kia! Eginahala guziak eginda ere, ezak izaten baitira batzuetan, ustea ustel atera zitzaigun harekin ere…

Eta doktoreak orduan, xok egoeran jadanik, jo-eta-poto egina:

—Ez didazu esango, ba, errainari eta etxekonekoari eskatu diezunik…!?

—Bai, noski. Eta gutako inork ezin izan du poto puta hau ireki.

Bizargorri, 2019-06-05


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, 2019. | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07