blogak

Bai Horixe-Bizargorri

AGUANTATU

Aspaldi esan eta kantatu ere zigun gure Xenpelarrek: «Ezkondu eta ezkongai, guztiok ondo bizi nahi…». Duela 200 urte gaurko egunez jaiotako Iparragirreren beste bertso batek, berriz (garai bertsuan sortuak noski), ez du oihartzun gutxiago izan euskal herrietan: «Ezkongaietan zerbait banintzan, ezkondu eta ezer ez. Ederzalea banintzan ere, aspertu nintzan ederrez. Nere gustua egin nuen ta orain bizi naiz dolorez».

Bestalde, neure baitan artikulu hau mamitzen eta prestatzen ari nintzen bitartean, batere bila ibili gabe, bi datu edo notizia iritsi zaizkit belarrietara. Bata da, Suedian  “ezkondua” eta “pozoia” adierazteko hitz berbera daukatela: «gift». Eta bestea da, «lantokiz (enpresaz) aldatu nahiko lukeen langile gehiago dagoela, andre-gizon langabetu baino». Eta nik, oharkabean, buelta eman diot notizia horri: egoeraz (martxaz) aldatu nahiko lukeen ezkondu gehiago dagoela hemen, mutil- eta neska-zahar baino; alegia, ezkongabe baino ezkondu damutu gehiago dabilela gaur egun munduan.

Eta ea zer demontretarako ote dakardan zera hau guztia? Honetarakoxe, horra. Denok gara eder zaleak eta guzti-guztiok nahi dugu ondo bizi. Alabaina, badirudi ezkontzak baduela berarekin halako “pozoi” edo atze latzen bat, nahi eta nahi ez “aguantatu” beharrekoa urte luzetako martxan. Jakina da hori. Lehenago bizi guztirako “eramaten” zuten elkar ezkonduek; gaur egun, ordea, badirudi ezinezkoa dela: gutxi baitira ezkontzen, eta ezkondu askok laster baitu amore ematen… Lagunxar batek bi anekdota kontatu dizkit: bat, bere amarena; semearen lagun batena, bestea. Aditu ondo; gustatuko zaizkizu.

Orain urte batzuk, aitaren eta amaren urrezko ezteiak mahai bete dotore gizenean ospatzen ari zirela (Itsasondo eta Ordizia bitarteko landa-etxe batean), nire lagunxar honi, pikaroa baita berez eta gurasoen ondo-ondoan ari baitzen bazkaltzen, amatxo zirikatu nahian noski, “ea nondik arraio ateratzen zaidan” bere kolkorako eginez, isil-tarte batean, aitak aditzen ez ziolarik, liztor-mizto, hala galdetu omen zion ahopeka:

—Aizu, ama, eta… hainbeste urtean, zuek biotan zeinek aguantatu du gehiago…? Entenditzen al didazu… Hainbeste gorabehera, hainbeste tirabira, hainbeste aldarte…? Biotatik zeinek aguantatu du gehiago?

—Aguantatu, diozu? Biotan zeinek gehiago…? Biok gehiago.

Amak orduan eman zion erantzun biribil hura ez omen dauka ahazteko.

Lagunxar beraren seme gaztea betiko adiskide batekin ari omen zen blagan, denbora asko ez dela. Hogeita bost urteko adiskidea, ingeniaria, etxe onekoa, futbolari fina, altua, guapoa, trebea, zentzuzkoa, etxerako modukoa…

—Neska horrekin –esaten omen zion honek hari, andregai berriagatik– erabat enamoratuta nabilek, txoratuta zeharo, ametsetan ere gogoan diat.

—Tira, tira –solaskideak, adar-soinuan–. Ez duk hainbesteraino izango.   —Baietz, ba! Halakorik ez zaidak sekula oraindainokoan gertatu, moteil.

—Egon hadi isilik; etzak txorakeriarik esan…

—Apustua egingo diat: baietz urtebete aguantatu!

Hahor, bada. Ezkon-bizitza ez da sekula santan erraza izan; ez orain, ez lehen. Halere, lehengoek berrogeita hamar urtean “aguantatzen” zuten elkar, biek gehiago, asko! Gaur gazteek, ordea, maitea urtebetez “aguantatu” eta, aski!

Bizargorri, 2020-08-12


© bizargorrizena for Bai Horixe - Bizargorri, get_post_time('Y'). | Permalink | No comment | Add to del.icio.us
Post tags:

Feed enhanced by Better Feed from Ozh

The post AGUANTATU appeared first on Bai Horixe - Bizargorri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07