blogak

Bai Euskarari bloga

Pilar Kaltzada: “Berriro pentsatzeko garaiak dira hauek, eta euskaraz eta euskaratik geure ekarpena egitea gustatuko litzaidake”

PILAR KALTZADA


Komunikazio aholkularia, poesiazalea eta kameraren maitale. Emakume profesional eta ekintzailearen adibide, Pilar Kaltzadak euskaraz egin du bere ibilbide profesionala. 2016 urteko Enpresarean Azokan parte-hartu zenuen, ekintzailetasun eredu berriei buruzko dinamizatzaile gisa. Gertutik ezagutzen ditu, beraz, proiektu honen nondik-norakoak eta profesionalei eskaintzen dizkion abantailak. 

Enpresarean, enpresen eta profesionalen sarea euskaraz. Nola definituko zenuke proiektu hau eta zein aukera ikusten dizkiozu, ikuspegi profesionaletik?

Nik lan egin dudan arloan ezinbestekoa da. Komunikazioa, aholkularitza, eraldaketara zuzendutako proiektuak (gizarte-berrikuntza, genero-berdintasuna, eta abar) dira nire jarduera-esparruak eta horietan, ez dago tokirik bakarkako lan itxietarako. Geure sareak balio duen adina balio dugu arlo horretako profesionalok, eta esango nuke joera hori gero eta nabariagoa dela beste aunitz arlotan ere. Elkarrekin egiten dugu lan, elkar osatuz eta elkar elikatuz: salbuespenak salbuespen, bukatu dira bakarlarien garaiak.

Beraz, elkar ulertzea ezinbestekoa da zure sarea osatzeko, eta hizkuntza berean dihardugun  profesionalen artean elkar ulertzerako oinarri oso sendoa dagoela esango nuke. 

Enpresarean Azokan parte-hartu zenuen dinamizatzaile gisa. Nola bizi zenuen eguna eta zein sentsaziorekin atera zinen? Finatza eta ekintzailetasun eredu berriak, euskaraz?

Lehendik ezagutzen nuen, noski, eta egona nintzen entzuleen artean behin baino gehiagotan. Joan den urtean, berriz, finantza eta ekintzailetza-ereduez gogoeta egiteko horretan diharduten aditu batzuekin, akademiaren eta enpresa munduaren ekarpena eta eskarmentuak partekatzeko. Euskaraz? Jakina, nola bestela? Goi-mailako ekarpenak egin ahal izateko bi baldintza baino ez dira behar: emandako gaiaren inguruan zer eman interesekoa izatea eta euskaraz izatea. Eta bi baldintza horiek betetzen dituztenak ugari dira, gainera, gure artean. Nire ustez, gainera, gai honi dagokionez euskararen munduak, euskalgintza deitzen dugun horrek, zer esan handia du ekintzailetzaren inguruan. Herri-ekimenean larratutako jarduera izan da euskalgintzarena, eta forma eman behar izan zaie makina bat proiekturi, maiz gerora zabalduz joan diren formulak erabiliz. Euskaldunok ekintzaileak izan gara urteetan, ekonomiaren munduko hiztegia horren zabalduta ez zegoen garaietan ere. 

Sarea, sarea da gakoa. Jakina animatzen ditudala parte hartzera, uste dudalako elkarren arteko harremanek aberastu baino ez gaituztela egingo.

Enpresa baten zuzendaritzatik, ekintzaile izatera. Nola ailegatu zara eta zein erronka/oztopo nagusirekin topatu zara bidean? Euskaraz iritsi al zara honaino?

Euskararik gabe ni ez nintzateke izango gaur egun naizena, ez pertsonalki ezta profesionalki ere. Zorionez, euskaraz lan egiteko aukera izan dut nire ibilbide profesionalean zehar, batzuetan euskara bera langaia zuten euskalgintzako ekimenetan, eta beste zenbaitetan, euskara lan-kulturaren parte ziren bestelako egituretan.  Zorte handia izan dut: ederrak diren proiektu askotan parte hartu ahal izan dut, eta nire txikian, horietan eragiteko gaitasuna edo izan dudala pentsatu nahi dut. Askotan askatasun profesionala hirugarren kontura ezin dela lortu esan izaten da, baina ni ez nago ados: kultura korporatiboa da gakoa. Nire jarduera propioa abian jartzea erabaki nuenean auto enplegutik harago joango nintzenik ez nuen uste, eta gaur egun ere, neurrirako hazkundea bilatzen dut nire proiektuetan. Asko aldatu da lanaren mundua. Garai baten, gure aurrekoek lanpostu bat izaten zuten bizitza osoan, eta gaur egun hainbat proiektu izan ditzakegu, batera, une berean. Ni neuk behintzat, bake ederraz bizi izan dut iraganbide hori, batetik besterako jauziak ikaspen ederrak eman dizkit. 

Zure inguru profesionala Enpresarean sarean parte-hartzera gomendatuko zenuke? Zergatik? Zeintzuk dira jasoko dituzten onurak, zure ustez? 

Sarea, sarea da gakoa. Jakina animatzen ditudala parte hartzera, uste dudalako elkarren arteko harremanek aberastu baino ez gaituztela egingo. Sare-lanak irekita egotera behartzen zaitu, eta jarrera hori ezinbestekoa da hazkunde profesionalean. Onurak askotarikoak dira, hasi proiektu-komunak elkarrekin lantzetik, lankide edo bidaide izan daitezkeen beste profesionalekin hartu emana izatera, eta oro har, zeure komunitatean txertatuta egotera. 

Euskaraz diharduten puntako profesionalak erakartzea oso garrantzitsua da

Zeintzuk dira euskal profesional sarean identifikaturiko hutsune nabarmenenak, zure ustez? Zein neurri hartuko beharko genituzke? Eta, erronka honetan zein izan daiteke Enpresareanen ekarpena aurrera begira?

Egoera oso aldagarriak dira gaur egun, eta horixe da, gainera, garai berrion traza. Zertan jardungo dugu hemendik hamar urtera? Nork daki. Zein ezagutza berri behar izango dira, nolako talentua  lantzea komeni zaigu? Ezinezkoa da jakitea. Ziurgabetasuna horren handia den garaiotan, profesionalen sare erreferentziazko izatea oso garrantzitsua da, egin beharreko hausnarketa ez baita indibiduala, kolektiboa baizik. Prospekziorako gune oso interesgarria izan daiteke Enpresarean. Horretarako, euskaraz diharduten puntako profesionalak erakartzea oso garrantzitsua da.

Bukatzeko... 2018 Enpresarean Azoka. Zein gai mahai gaineratuko zenuke? Norekin?  

Den-dena berriro pentsatzeko garaiak dira hauek, eta euskaraz eta euskaratik geure ekarpena egitea gustatuko litzaidake. Nola erantzungo diogu genero-desberdintasunari lanaren munduan? Non daude emakume profesionalak, maiz espazio publikoetatik kanpora egoten gara eta? Nolako enpresa-egiturak behar ditugu erantzunkidetasuna erdi-gunean jarri ahal izango dugula ziurtatu ahal izateko? Zer paper jokatu dezake euskarak lanaren mundua gero eta malguagoa, maiz ia likidoa bilakatzen ari den honetan? Zer behar dugu komunitate-gisa trinkotzeko? Galdera asko ditut, eta Enpresarean elkarrekin erantzuteko toki oso egokia da. 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07