blogak

Bai Euskarari bloga

Mintzalasai euskararen aldeko festibala egingo dute Miarritzen, Angelun eta Baionan

COVID-19aren krisiak baldintzatuta osatu dute aurten Mintzalasai Festibala Baionan, Miarritzen eta Angelun. Irailaren 21etik 27ra bitartean egingo dute eta orotara 24 ekitaldi antolatu dituzte.

Mintzalasai Elkartea Bai Euskarari komunitateko parte da eta Zerbitzua eta Lana euskaraz eskaintzen du. Mintzalasaieko kideekin egon gara, 9. festibalaren eta elkartearen etorkizunaz hizketan.

 

Mintzalasai Festibalaren 9. edizioa egingo duzue. Nolakoa izango da? Zer antolatu duzue?

Aurtengo edizioa irailaren 21etik 27ra iraganen da, Baiona-Angelu-Miarritze hiri-eremuan. Ez da aurreikusi genuen bezalakoa izanen, osasun testuingurua dela eta. 2012. urteaz geroztik, euskara plazerarekin partekatzeko promesa betetzeko konpromisoa hartu dugu. Zoritxarrez, egungo klimak ez digu uzten euskaraz lasai mintzatzeko edo hizkuntza ezagutzeko hitzordu goxoak antolatzen.Horregatik, erabaki dugu aurreikusitako 49 hitzorduetatik 24 bakarrik proposatzea. Hala ere hitzordu interesgarriak izanen dira denentzat: tailerrak, ikusgarriak, bisitak, ipuinak, hitzaldiak, proiekzioak…

Festibalarekin batera zenbait berrikuntza ere izango duzue, ezta?
Mintzalasai elkarteak festibalaz gain hainbat tresna ere garatzen ditu, Baiona-Angelu-Miarritze eskualdetik harago baliagarri direnak. Alde batetik, hiztegitxoak sortzen ditugu euskara informala garatzeko helburuarekin. Iaz hiztegi kokina aurkeztu genuen, sexualitateaz ere euskaraz aritzeko, eta aurten irainen, hitz larrien eta kitziken hiztegia argitaratu dugu. Bestalde, Mintzalasai webgunean euskaldunentzat eta euskara ikasi nahi duenarentzat hainbat berri, baliabide eta tresna ditugu.

Aipatu duzue zuen proiektuak aurrera egiteko sustengu gehiago beharko duzuela. Zein sustengu eskatzen duzue?
Mintzalasaik bi hanka ditu: soziala eta instituzionala. Sozialaren aldetik, nahi genuke euskalgintzako militanteentzat Mintzalasai tresna lagungarriago izatea. Eta hanka instituzionalaren aldetik, jakinez Mintzalasai elkartearen 3 ekimenak (Mintzalasai festibala, Mintzalasai ikastetxeetan eta Mintzalasai euskaltegietan) Baiona, Miarritze eta Angelun egiten direla, eta garatzen dituen 3 tresnak (webgunea, hiztegitxoak eta besta euskaraz egiteko kit bat) Euskal Herri mailan edo behintzat Ipar Euskal Herri mailan hedatzen direla, ikusi beharko dugu eremu horiei dagozkien instituzioek (hiru hirietako herriko etxeek, Euskararen Erakunde Publikoak, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkargoak) zer asmo duten Mintzalasaiekin.

Laguntzaileendako deialdia ere egin duzue. Zer eginkizunetarako beharko zenituzkete laguntzaileak?
Aurten laguntzaileak komisiotan antolatu dira festibala prestatzeko (komunikazioa, programazioa, instituzioekiko lanketa...). Eta normalean, Mintzalasai festibaleko asteburuan besta handi bat egiten da Miarritzen, egun horretarako 90 bat laguntzaile mobilizatzen ditugu. Aurten, irailaren 27an izan behar zuen, baina ezeztatzea erabaki dugu.
 
Hurrengo urtean, Mintzalasai elkarteak 10 urte beteko ditu eta edizio eder bat irudikatzen hasiak gara jadanik.
 
Hemen duzue 9. Mintzalasai Festibalaren egitarau osoa. (pdf)


 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07