blogak

Bai Euskarari bloga

Lansarean lan-ataria, funtzionalitate berriekin

Lansarean.eus webgunea lana bilatu edo profesional egokiak aurkitzen laguntzeko euskarazko lan-atari bakarra dugu. 2015ean sortu zen eta urtez urte webgunearen erabiltzaileen kopurua handituz doa. Lanbidek antolatutako Merkalan azokan izan gara gaur lan ataria eta funtzionalitate berriak aurkezten.

Lan eskaintza publikoak eta pribatuak

Lan bila ari diren hautagaietako askok lan bilaketa konbinatua egiten dute, hau da, enpresen eskaintzen bitartez lana bilatzeaz gain, enplegu publikoko deialdietara ere jotzen dute. Hala, lan-atarian eskaintza publikoen atal berezi bat sortu da. Taula batean, era oso bisualean, indarrean dauden lan eskaintza publikoak ageri dira, une horretan horietako zeinetan eman daitekeen izena zehazten da, bai eta noiz izango diren hurrengo azterketak eta lan eskaintzak ere. Horrela bada, oso grafikoki, erabiltzaileak ikusi ahal izango du noiz eman dezakeen izena lan eskaintza publiko batean.

Materiala

Atal berezi horrez gain, lan eskaintza publikoetara aurkeztu nahi dutenentzako baliagarri izan daitezkeen beste bi atal ere sortu dira: materiala euskaraz biltzen duen atala eta lan eskaintzetarako galdera poltsen atala. 

Era berean, lan-atarian Solasgunea ere baliatuko da hautagaien arteko harremanak errazteko eta dokumentazio-trukea ahalbidetzeko.

Bestalde, lan bila ari direnak aktibatu nahian eta proaktiboak izan daitezen, galdera-poltsa bat osatzeko aukera sortu da lan-atarian. Lan eskaintza bakoitzeko, hautagaiek test desberdinak sortzeko aukera izango dute, eta hauetan galderak pilatzen joango dira. 

Bideocurriculumak

Lan bila ari direnek, geroz eta gehiago, bere burua bideo bidez aurkezten dute. Bideocurriculumak txertatzeko aukera eskaintzen du orain Lansarean lan-atariak. Hautagai bezala sartu eta idatzizko curriculumarekin batera agertuko da bideozkoa igotzeko aukera. 

Lansareanen hautagai edo enpresa bezala beraien kontuan sartu nahi dutenendako sarrera errazagoa jarri da orain: webgunearen azalean sartutakoan agertzen dira orain lehen baino argiago bakoitzaren kontura sartzeko atalak.

Beste berrikuntza bat ere bada eskaintzetan izena eman dutenen kopurua agertzen dela. Hala, enpresek bakarrik ez, hautagaiek ere jakingo dute lan eskaintza jakin batean zenbat lagunek eman duten izena.

Hauek eta beste funtzionalitate berri batzuk eman dizkiogu Lansarean lan-atariari. Denak ikusi nahi badituzu, sartu Lansarean.eus webgunean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07