blogak

Bai Euskarari bloga

"Konektatzaile lana landu nahiko genuke etorkizunean"

Bai Euskarari Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrez elkarrizketatu zuten Euskararen Nazioarteko Eguneko Berria-ren gehigarri berezian. Hemen duzue elkarrizketa osorik.

«Konektatzaile lana landu nahiko genuke etorkizunean»

Rober Gutierrez - Bai Euskarari elkarteko zuzendaria

Bai Euskarari elkartea funtzioak aldatuz joan da urteotan, eta proiektu berritzaileak sortzen aritu da buru-belarri. Lehengo eta oraingo helburua, baina, ez da aldatu: eragile izatea, euskarak alor sozioekonomikoan dituen gabeziei aurre egiteko.

Hamaika proiektutan dago murgilduta Bai Euskarari elkartea, eta iaz lortutako emaitza positiboek bultzada eman diote proiektu berritzaileak sortzen jarraitzeko. Datozen hiru urteetarako plan estrategiko bat lantzen ari direla azaldu du Rober Gutierrezek (Gasteiz, 1970), elkarteko zuzendariak. Proiektuen arteko loturak egitea dute orain helburu.

Pozik agertu zineten 2018ko emaitzekin.

Atzera begira, balorazio ona egin genuen, besteak beste momentu honetan proiektu asko ditugulako esku artean, eta bakoitza, bere neurrian, oso ondo ari delako garatzen. Esaterako, datozen hiru urteetarako plan estrategikoak prestatzen ari gara. Hasiera batean, Bai Euskarari ziurtagiria kudeatzeko sortu zen Bai Euskarari Elkartea, eta denborarekin gai izan gara proiektu berriak sortzeko, modu arrakastatsuan garatu direnak. 2010etik aurrera, beste proiektu batzuetan murgildu gara; batez ere Bai Euskarari ziurtagirian ikusten genituen beharretatik abiatuta sortu ditugu. Orain arte, entitate horiek kokatu ditugu erdigunean. Mila entitatek baino gehiagok dute Bai Euskarari ziurtagiria. Horien beharrei erantzuteko gaude gu hemen, eta horretara bideratuta sortzen ditugu proiektu berriak.

Zer behar edo gabezia ikusten dituzue entitateetan?

Sorreratik enpresa munduan ari gara lanean, alor sozioekonomikoan, eta alor horretan badira hainbat gabezia. Urte hauetan, urrats nabarmenak egin dira euskara planen eta abarren bitartez, baina, oraindik ere, euskarak badu gabezia bat sektore horretan. Gu Bai Euskarari ziurtagiriaren bitartez hasi ginen alor horretan eragiten. Nahi duguna da enpresak animatzea urratsak egitera. Zenbait kasutan ikusten genuen zailtasunak izaten zituztela, esate baterako, hornitzaile euskaldunak topatzeko. Hortik jaio zen Enpresarean egitasmoa. Euskaraz lan egiteko gai diren enpresak eta profesionalak erakusleihoan jarri nahi genituen. Denborarekin, proiektu horrek aukera eman digu beste ur batzuetan murgiltzeko: azokak, jardunaldiak, eta abar antolatu ditugu. Enpresen eta profesionalen arteko sare bat sortu nahi dugu, eta beste horrenbeste gure gainerako proiektuekin.

Euskaragileak, Lansarean, Lanabes... Horiek dira batzuk.

Lansarearekin beste horrenbeste gertatu zen. Euskaraz lan egiten duten enpresek erabiltzen zituzten —eta gaur egun ere bai— euskarazkoak ez diren atariak. Baina ez zegoen lan atari bat euskaraz, eta mugitzen hasi ginen. Ikusita inork ez ziola erronkari heltzen, guk heltzea erabaki genuen. Hasiera batean, gure bitartekoekin abiatu genuen proiektua, eta pixkanaka diru laguntzak eskuratuz joan gara: webgunea sortzeko, aplikazioa diseinatzeko...

Gainera, oso erantzun ona izan du atariak, ezta?

Izugarria, bai. Oso proiektu arrakastatsua da. 5.526 eskaintza daude orain; 577 enpresa daude erregistratuta, eta 4.803 norbanako. Mugimendu handia du. Enpresek aukera dute euren lan eskaintzak iragartzeko, hortik kudeatzeko, hautagaiekin harremanetan jartzeko... Orain, gainera, azken berrikuntzak txertatu ditugu. Esaterako, lan publikoak eta gainerako eskaintzak banatu ditugu, oposizioetako galdetegiak ari gara txertatzen hautagaien atalean, eta abar. Etengabe ari gara eguneratzen.

Hasieran aipatu duzu datozen hiru urteetarako plan estrategiko bat diseinatu duzuela. Zer bide zehaztu dituzue?

Aurretik izan ditugu beste hausnarketa estrategiko batzuk. Ibilbide luze samarra egin dugu 2007tik. Bai Euskarari ziurtagiria kudeatzeko sortu ginen, eta momentu honetan, proiektu mordo bat ditugu, tresna mordo bat ari gara sortzen. Momentu hau da egokia hori pixka bat ordenatzeko. Une batzuetan, kontraesanak izan ditugu gure proiektuen artean. Izan ere, Bai Euskarari ziurtagiria sortzeko abiatu ginen, baina ziurtagiria ez duten enpresak parte hartzen ari dira proiektuetan. Beraz, proiektu horien arteko lotura bilatzen ari gara; hori da gure erronka. Xedea oso ondo zehaztu dugu, eta koherente jokatu dugu orain arte egin dugunarekin, baina, era berean, gure lekua aurkitu nahian. Elkartearen xedea da alor sozioekonomikoaren espazioa euskaraz betetzeko bidean eragitea; beraz, jarraitzen dugu eragiten, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta garatuz. Horretara bideratu nahi dugu gure jarduna. Momentu hau da egokia ekosistema honetan gure tokia bilatzeko: zer funtzio bete behar dugun, zer eskaintzen dugun beste inork eskaintzen ez duena...

Iruditzen zaigu gure proiektuen bitartez ari garela hainbat lotura egiten, eta konektatzaile lana da etorkizunean landu nahiko genukeen funtsezko aldagai bat. Azken finean, konektatzaileak gara, zeren ziurtagiria duten enpresa horien artean ari baikara harremanak bideratzen, Lansarearen bidez konexio hori egiten, Enpresarearen bitartez ere ari gara konexioak bilatzen... Euskal Herri mailako proiektu bat da gurea; beraz, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko konexioak behar bezala landu behar ditugu. Gure etorkizuna lotura horietan
ikusten dugu.

Euskararen egoera ez da berdina leku batzuetan eta besteetan. Badaude aldeak lan egiteko garaian?

Desberdintasunak badaude, baina horrek ez du esan nahi eremu erdaldunetan aritzeagatik zailagoa denik lan egitea. Momentu honetan, esaterako, Araban hainbat proiektu ari gara bideratzen. Lanabes egitasmoa da horietako bat, baina Gasteizko Udalarekin ere badugu lankidetza hitzarmen bat aspalditik. Guretzat hori paradigmatikoa da, zeren erakusten baitu emaitzak hobeak direla administrazioa eta gure elkartea bezalako bat eskutik helduta joanez gero.

Ipar Euskal Herrian egoera desberdina da, baina, halere, berrehun entitate baino gehiago ari dira lanean Bai Euskarari ziurtagiriaren bitartez. Beraz, iruditzen zait hor badagoela oinarri bat hortik aurrera eraikitzen jarraitzeko, eta, alde horretatik, guk beti egiten dugu elkarlanaren deia. Arrakasta lortzeko gakoa da.

Euskaraldiaren bigarren aldiak inplikazio handiagoa eskatuko die entitateei. Eraginkorra izan daiteke?

Uste dut aukera egokia dela pertsonengan eragiten jarraitzeko, eta ahobizi eta belarriprest rolak hedatzeko. Iruditzen zait hori ere izan behar dela abiapuntu bat beste norabait iristeko. Ariketa hainbat egunez egingo da, baina, ariketa bukatzean, ariguneak identifikatutako enpresetan lanketa egin beharko litzateke, beste era bateko helburuak lortzeko.

Erronka handiena, beraz, jarraipena bermatzea da.

Horretarako daude gurea bezalako proiektuak, ibilbide bat zehazten lagunduko dutenak. Jarraipena egongo da, eta, gure ustez, ezinbestekoa da jarraipena egitea. Hori izango da Euskaraldiaren erronka nagusia: hurrengo egunetik aurrera, zer?

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07