blogak

Bai Euskarari bloga

IKANOS, enpresen digitalizaziorako aukera

Ana Isabel Vitórica - Eusko Jaurlaritzan Agenda Digitalaren koordinatzailea eta IKANOS ekimenaren zuzendaria

 

“Informazioaz eta komunikazioaz elikatzen bagara, handiago egingo gara, profesional, erakunde eta gizarte gisa”. Ideia finko horrekin atera gara Ana Isabel Vitóricarekin egon ondoren, Eusko Jaurlaritzaren barruan informazioaren gizartearen estrategia marrazten diharduen ekonomialariarekin. Agenda Digitalaren koordinatzailea da eta IKANOS egitasmoa aurkeztu digu. 

Euskal Herrian lehiakortasuna areagotzea eta ongizate kolektiboa hobetzea dira proiektuaren erronkak. Zein dira horiek lortzeko lan-lerro nagusiak?

Gizarte digitala onuragarria da, bai lehiakortasunerako, bai ongizaterako ere. Marko horretan, hiru lan-lerro daude: etengabeko eraldaketaren aurreko egokitzapena, aurrerapen teknologikoa eta sektore publikoen eta pribatuen arteko lankidetza. 

Hori guztia bultzatu nahian, 2020ko Euskadiko Agenda Digitala izeneko plana garatu da, Jaurlaritzaren laguntzarekin, gizarte digitalaren aukerak baliatzera bideraturiko hirurogei ekintza proposatu dituena. Estrategia horrek hamaika erronka baditu ere, bi nabarmendu nahiko nituzke: lehengoa, ausartena, baina baita emankorrena ere, fabrikazio aurreratuari dagokio. Egitura industrialean garatuz eta txertatuz, Basque Industry 4.0 estrategian zehaztuta dagoen etorkizuneko euskal industria eraiki nahi dugu. Bigarrena, pertsonen konpetentzia digitalak hobetzeari zuzenduta dago, lanbideratze kopuruak handitzeko, prestakuntza hurbilarazteko eta profil profesionalen sorkuntza eta eskaera sustatzeko, ekonomiaren sektore guztietan.

Zer behar du enpresa batek digitalki lehiakor izateko?

Baliodun proposamenak merkaturatzeko talentua da gakoa. Enpresek, enplegu eta aberastasun sortzaileek, inbertsioen bidez eta itzulkin ekonomikoa handitzeko itxaropenez, produktu berritzaileak sortu eta produkzio prozesu eraginkorrak eta lehiakorrak behar dituzte.

Zergatik da garrantzitsua gaitasun digitalak eskuratzea?

XXI. mendean balio handia du informazioaren eta komunikazioaren alorrean trebetasuna izateak. Teknologiak, besteak beste, antolatzeko, ikertzeko, esperimentatzeko, ikasteko eta elkarlanean aurrera egiteko aukera  eskaintzen digu. Gizarte lehiakorrak gaitasun digitalak dituzten pertsonak bermatu behar ditu, arlo profesionalean, familia giroan edo-eta aisialdian; izan ere, digitalizazioak eragin zuzena dauka garapen sozialerako ongizatean.

Digitalki trebeak al gara euskal hiritarrok? Daturik baduzu langileen ezagutzaren inguruan?

Iaz, Europako Giza Kapitala metodologiaren bitartez, biztanleria osoaren eta langileen trebetasun digitala aztertu genuen. Une honetan, datuak oso baikorrak dira: Gizartearen % 42k oinarrizko trebetasuna baino gehiago du eta % 33k oinarrizkoa. Landunen artean, % 52k eta % 40k, hurrenez hurren.

Zer da IKANOS proiektua? Zein helburu ditu?

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa duen Agendaren 15. ekimen edo egitasmoa da. Europak gomendatzen dituen ildoei jarraituta, pertsonen funtsezko konpetentzia digitalak bultzatzea, hobetzea eta balioan jartzea dira proiektuaren helburu nagusiak.

Hori horrela izanik, IKANOS ez da ekimen zehatza, baizik eta gaitasun digitalak ezagutzeko, partekatzeko eta trebatzeko martxan jarritako ekimen multzoa. Horretarako, konpetentzia horiek jasotzeko eta ebaluatzeko prestaturik dagoen profesional taldearen laguntza eskaintzen dugu.

Gaitasun digitalak hobetzeko zer eskaintzen die IKANOSek enpresei?

IKANOSen jarduera erakundeetara zuzentzen da, batez ere enpresetara, horien eta bertako langileen gaitasun digitalak sustatzeko. Prozesua praktikoa da, pertsonalizatua, sendoa, malgua, aurreratua eta eguneratua; oso zehatza da, bost pausotan egiten da eta zazpi tresna erabiltzen ditu. Proiektua diseinaturiko test online baten bidezko autoebaluaketarekin hasten da eta edozein enpresak edo erakundek egin dezake, modu antolatu eta oso intuitibo batean.

Garapen osoan zehar helmuga argi dugu: profesionalen profil digitalen definizioan parte hartzea eta azpi-gaitasunak zehaztea, egoera guztietara egokituz.

Zenbat enpresak parte hartzen du IKANOS proiektuan? Noiz arte egongo da proiektua martxan?

Orain arte, IKANOS konpetentzia digitalen autoebaluaketa testak 40.000 profil baino gehiago erregistratu ditu; eta proiektua epe luzerako pentsatuta dago. Bost urte hauetan zehar IKANOS eredua eta bere tresnak landu ditugu eta, orain, sustapen lanetan barneratuko gara.

Enpresa batek proiektuan parte hartu nahiko balu, zer egin beharko luke?

Enpresek kezka ugari izan dituzte (eta egun ere badituzte) bizi dugun eraldaketa digitalarekin: teknologia berriak, produktu eta zerbitzu bereziak, ekoizteko modu desberdinak, lanpostu eta ezaugarri profesional berriak... Horren aurrean, IKANOSek prozesua errazten laguntzen du. Pausoa ematea oso erraza da, interesatuak www.ikanos.eus atariaren bidez jarri daitezke harremanetan eta egoerari egokituriko plan bat aktibatuko dugu.

ANA ISABEL VITÓRICA ENPRESAREAN AZOKAN

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07