blogak

Bai Euskarari bloga

Hizkuntza-praktikaren behaketa egingo dugu Gasteizko Jazzaldian. Lagunduko diguzu?

Aurten Gasteizen antolatzen diren hainbat ekitaldiren hizkuntza-praktikaren behaketa egingo da. Gasteizko Udalaren Euskara Elkarguneak proposatu du Udalak diruz laguntzen dituen edo-eta, kontratu zein hitzarmenen bidez, babesten dituen ekitaldien hizkuntza-praktika aztertzea. Lanaren ardura Bai Euskarari Elkartearena da. Lehenengo behaketa Gasteizko Jazzaldian egingo da. 

Behaketa burutzeko Jazzaldira joango diren herritarren laguntza ezinbestekoa da. Horretarako, uztailaren 15etik 20ra bitartean egingo den Gasteizko Jazzaldiko kontzerturen batera joatekoak diren herritarrei deialdia egin zaie, hizkuntza erabileraren behaketa egin eta honako formularioa bete dezaten:

baieuskarari.eus/eu/jazzaldia

Gune ezberdinetan egingo diren ekintzetan erabiltzen diren hizkuntzei erreparatuko zaie: informazio bulegoetan, Jazzaldian zehar egingo diren ekitaldietan, komunikabideen aurreko aurkezpenetan, banatuko diren euskarrietan, kale-ekintzetan, Mendizorrotzako eta Principal Antzokiko kontzertuetan, besteak beste.

Froga dokumentalak (hizkuntza paisaiaren eta bestelako euskarrien argazkiak, bideoak, etab.) jasotzeko aukera izanez gero, eskertuko genizueke info@baieuskarari.eus helbidera bidaltzea.

Euskara hobeto kudeatzen laguntzeko

Ekitaldian bertan formularioa betetzeko aukera izango da, mugikorraren bidez, eta jasotako datuekin ondorio txostena argitaratuko da, aholku eta gomendio sorta batekin batera, Gasteizko Udalaren Euskara Elkargunean aurkezteko. Halaber, baliagarria izango da aurrerantzean ekimenaren antolatzaileek eta Gasteizko Udalak euskara hobeto kudeatu dezaten.

Horrelako behaketak egin izan dira beste hiri eta ekitaldi batzuetan ere. Donostiako Bagera elkarteak, adibidez, badaramatza zenbait urte horrelako behaketak egiten eta webgunean kontsulta daitezke orain arte egindako behaketen emaitzak: https://bagera.eus/dokumentazioa/behaketak

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiogu Bagera elkarteari Gasteizko Jazzaldirako galdetegia prestatzen eskainitako laguntzagatik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07