blogak

Bai Euskarari bloga

Euskaragileak: euskara lan-munduan normalizatzeko eragile

Lan-mundua euskalduntzeko adierazpenean (2013) jaso zen bezala, euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta beren ereduak ezagutzera ematea lagungarria da enpresei begirako lanketa egiteko. Asmo horrekin jaio zen 2015ean Euskaragileak proiektua; enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresen batzordea.

2018ra arte, Kontseiluak kudeatu du proiektua eta aurrerantzean Bai Euskarari Elkartearen ardura izango da; arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko Bai Euskarari Elkartea egiten ari den ekarpen berrietako bat da orain Euskaragileak.

“Horrelako foroetan parte hartzea oso interesgarria da; izan ere, helburu berarekin lanean ari garenon arteko esperientzia, ezagutza, praktika on eta erronkak elkarrekin bideratzea emankorragoa da”. Unai Belaustegigoitia Batzeko Euskara batzordeko kidearen hitzak dira horiek. Hizkuntzak kudeatzeko plana dute Igorreko (Bizkaia) Batz kooperatiban eta lantegietan dituzten hizkuntza desberdinak kudeatzeko irizpide eta prozedurak daude jasota bertan. Euskara gestio planaren barruan sartzean, eguneroko lanaren integrazioa lortu dute, baita hizkuntzaren normalizazio prozesuan euskara enpresan integratzea ere.

Euskaragileen enpresa batzordeko kide da Batz, baita Antzuolako (Gipuzkoa) Goizper kooperatiba ere. Goizperko lan sisteman euskara txertatzea lortu dute eta Aitor Azkarate bertako Euskara koordinatzaileak esan digunez, euskaraz lan egiten dute kooperatiban eta normalizatuta dute euskararen erabilera. Orain arte barrura begira egindako lana kanpoan erakusteko garaia iritsi zela konturatu ziren, “besteentzat baliagarri izateko eta erreferente izateko” eta horregatik parte hartzen dute Euskaragileen enpresa batzordean.

Batz eta Goizperrekin batera, honako hauek osatzen dute Euskaragileen enpresa batzordea: Fagor, Cikautxo, IMH, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Elay, Irizar, Orkli, Danobat Group, Eika eta Elkar.

Inguruan eragiten

Euskaraz lan egin daitekeela erakusten dute enpresa hauek eta bakoitza kokatuta dagoen inguruan euskara normalizatzeko eragile ere badela. Batzeko Belaustegigoitiak dioenez, “eskualdeko enpresa, hezkuntza sistema eta ikasleengan eragina izaten ari gara eta hizkuntza kudeaketan eredu garela esan dezakegu”. Goizperko Azkaratek ere herriko mugimendu ezberdinetan “eragin” dutela dio: “Euskaraz lan egiteko gai garela ikusi dugunean eta herriko taldeetan parte hartu dugunean, talde horien funtzionamendua ere euskaratu egin dugu”.

Hiru dira Euskaragileen eragite esparruak: hornitzaileak, beste enpresak eta langile berriak. Hiru esparru horietan eragiteko ekimen ezberdinak dituzte abian Euskaragileak proiektuan: Euskaragiletu programa, harrera-plan eredua eta ikastetxeekin hitzarmen-eredua, besteak beste.

Hornitzaileengan eragitea dela zailena diosku Azkaratek: “Hornitzaileen gaia lantzen eta sistematizatzen ari gara; erakusten diegu euskaraz egiteko gai garela eta horrekin eragin genezake beraien lanean ere”.

Etorkizunera begira, “sektore desberdinetako sinergiak batuz, guztion artean elkar-elikatuz eta beharrezkoak diren neurriak hartuz, etorkizun oparoa izango du euskarak lan-munduan”, Belaustegigoitiaren ustez.

Azkaratek dio erakundeek “ahalegin handiagoa” egin beharko luketela enpresak euskarara erakartzeko, “hori eginez gero gure lanak ere indar handiagoa izango luke”.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07