blogak

Bai Euskarari bloga

Euskara ardatz hartuko duen etorkizun berdinzalearen alde, ‘Geroa euskaratik’ kanpaina

Gizarte berdinzale eta demokratikoagoa eraikitzeko, euskarak ere erdigunean egon behar duela eskatuko du Kontseiluaren Geroa euskaratik kanpainak. Euskalgintzako hainbat kidek hartuko dute parte, eta eragileek nahiz bestelako herritarrek mezuarekin bat egiteko aukera izango dute. Bai Euskarari Elkarteak ere kanpainan parte hartuko du.

Kontseiluak azaldu du Covid-19ak sortutako krisiak agerian utzi dituela gizarte honen hainbat hutsune, euskalgintzan nahiz bestelako gizarte esparruetan. Hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori, esaterako. Horregatik, normalitate berri baterantz jotzeko abagunea dugu orain, elkartasunetik eta gizarteko talde desberdinen begirunetik. Baita hizkuntza auziei dagokionez ere. Egoera horri erantzuteko, Kontseiluak martxan jarri du ‘Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz’ kanpaina. Euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio bat bultzatu dezakeela ziur baita Kontseilua: eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa, gertutasuna eta konpromiso kolektiboa oinarri duena.

Bost argudio geroa euskaratik eraikitzeko

  • Euskarak herritarrak elkartzen eta saretzen ditu.
  • Euskalduna nola, gutxituta dauden talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna da euskara…
  • … eta begirunea landuz, elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen du, gertutasunetik eta elkartasunetik.
  • Horregatik, herritarren eskubide guztiak bermatzeko oinarria da euskara.
  • Eta ondorioz, gizarte berdizale eta demokratiko baterako zutarria da.

Zergatik geroa euskaratik?

Herritarren eta eragileen ahotsa entzutea inoiz baino garrantzitsuagoa dela diote eta ahots denei leku egin nahi die kanpainak. Herritar, eragile nahiz bestelako norbanako zein taldeei galdera honi erantzuteko gonbita luzatu die: Zergatik geroa euskaratik?

Kontseiluko bazkideak izango dira galderari erantzuten lehenak. Era berean, gizarteko aurpegi ezagunek ere parte hartuko dute kanpainan.

Bai Euskarari Elkarteko Rober Gutiérrezek ere erantzungo dio galderari laster argitaratuko den bideo batean.

Herritarrek eta bestelako erakundeek -euskalgintzakoak nahiz bestelakoek- beste hainbeste egin dezaten nahi du Kontseiluak. Hau da, Zergatik geroa euskaratik? galderari erantzun eta bideo bidez nahiz idatziz sare sozialetan partekatzeko gonbita luzatu die Kontseiluak. Mezu horietan #geroaeuskaratik traola agertzea eta Kontseilua etiketatzea eskatu dute.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07